El desarrollo endógeno y la  investigación-acción

Un artículo de opinión de Iosu Lizarralde.

Cuando hablamos de desarrollo endógeno nos referimos a un modelo de desarrollo que pretende fomentar las capacidades internas de una región o comunidad local, además de utilizarlo para fortalecer la sociedad y su economía de dentro a fuera; es decir, un modelo de desarrollo sostenible y sostenible a lo largo del tiempo.

Este artículo de opinión se ha publicado originalmente en euskera y se puede leer de manera completa a continuación.

Garapen endogenoaz hitz egiten dugunean, tokiko eskualde edo komunitate baten barne-gaitasunak sustatu nahi dituen garapen-eredu batez ari gara, gizartea eta bere ekonomia barrutik kanpora indartzeko erabiltzeaz gain, denboran zehar sostengarria eta iraunkorra den garapen ereduaz, hain zuzen ere.

Garrantzitsua da azpimarratzea garapen endogenoan alderdi ekonomikoa garrantzitsua dela, baina komunitatearen eta gizabanakoaren garapen integralak hartzen du garrantzi handiagoa: esparru moralean, kulturalean, sozialean, politikoan eta teknologikoan.

Dagoeneko jakina denez D2030 ekimena eskualdearen eraldaketa eta dinamika kolaboratiboa sustatzeko sortu da, lurraldearen garapen komunitarioan sakonduz, 2050. urterako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den eskualdea bisio gisa duela.

Hainbat prototipo martxan

Bisio horretako posizioak – lanaren etorkizuna, energia, elikadura sistemak, hezkuntza, komunitatearen parte hartzea…– eta azpiposizioak – enpleagarritasuna, ekosistemen transformazioa, energia eredua…– finkatu ondoren, hauek elikatu eta euren artean elkarrekintzan arituko diren prototipoen portfolioa onartu da. Orotara, eta hasiera batean, 14 prototipo bultzatzeko finantzazio aukerak, bidelaguntza eta elkarlan markoa sustatuko ditu D2030ak.

D2030 proiektuaren baitan aktibatu den prototipo bakoitza prest dago, garapen endogenoaren logikaren baitan, bakoitzaren ezagutza partikular hori plataformako kide diren beste kideen eskura jartzeko, guztien hazkunderako/garapenerako borondatezko ezagutza, ikastea eta esperientziaren transferentzia helburu hartuta. Horrek norbanakoen gaitasunak indartzea, zabaltzea, integratzea eta garatzea dakar, eta, ondorioz, diziplina anitzeko lantaldeak modu naturalean eratzea.

Komunitatea protagonista

Garapen eredu edo ikuspegi tradizionalean, gizartea/ komunitatea garapenaren objektu izan ohi da. D2030ek sustatu nahi duen garapen ereduan, aldiz, komunitate bat bere ingurunearekin harmonian hedatzea – garatzea– da helburua; hau da, hedapen hori komunitate horretako kide diren gizaki guztien hedapena bermatzean datzala ulertzea. Alde horretatik, gizartea/ komunitatea garapen-objektu izatetik garapen-subjektu izatera igaroko da.

Aldaketa sistemikoa

D2030en baitan ireki berri den prototipazio fase berri honetan eta erronka konplexuek ezaugarritzen duten garaiotan, eremu eta eragile anitzen arteko lankidetza markoa eraikitzea eta identifikatutako erronkak sakon ezagututa bakoitzari erpin ezberdinetatik eragiteko aukerak irekitzea gakoa izango da.

Prototipo hauetako bakoitzak bere helburu eta balio propioa izateaz gainera, prozesu honetan, eskualdea eta bere aukera zein erronkak sakonago ezagutu eta eraldaketa sistemikoaz ikasteko dinamikak eraikitzea ere baditugu helburu.

Ikerketa-ekintza

Horretarako, ikerketa-ekintza izango da lehenetsiko dugun metodoa. Baina zer da ikerketa-ekintza prototipazio fase baten ikuspuntutik?

Ikerketa-ekintza gizarte-egoeretan parte hartzen dutenek abiarazitako azterketa introspektibo kolektibo bat da, beren gizarte praktiken arrazionaltasuna eta justizia –bere kontzepzio zabalenean– hobetzeko helburua duena, bai eta praktika horiek eta horiek gertatzen diren egoerak ulertzeko modua ere.

Funtsean, ikerketa-ekintzaren hiru ezaugarri garrantzitsuenak hauek dira: izaera parte-hartzailea, haren bultzada demokratikoa eta gizarte-zientzietan aldi berean ezagutzari egiten dion ekarpena. Hain zuzen ere, paradigma kritiko-proposatzailean kokatzen den metodologia da, eta, aztertutako gaikako kezkak dituzten pertsonen parte-hartzea eskatzen du. Horrela, inplikatutako eragileak errealitatearen gaineko ezagutza eta esku-hartzea eraikitzeko prozesuaren protagonista bihurtzen dira.

Prototipoen garapenean ere ikerketa-ekintzak planteatzen duen paradigma –ezaugarri, prozesu eta metodologia– hori jarraitzea izango da helburua, bertako erronka eta aukerei buruz jasotako ikasketa eskualdearen eraldaketaren mesedetan jartzeko.

Loturak bilatzea gakoa

Bestalde, eskualdearen eraldaketa sakona bultzatzeko, prototipoen zein eskualdeko beste eragileen eta dinamiken arteko interkonexioa bilatuko da, portfolioaren parte diren eragileen arteko elkarlana eta sinergiak sustatuz, eta eskualdeko beste eragile eta dinamikak ere portfolioarekin konektatuz, eraldaketa inpaktu altuagoa lortu ahal izateko.

Sortzen dugun pentsamendu, sentimendu eta ekintza bakoitza gure errealitatea eraldatzen ari dela konturatu eta kontzientzia hartu behar dugu. Gustatzen ez zaiguna eraldatzeko konpromisoa behar da, eta konprometitzeko, ekintza ezinbestekoa da. Ez dugu erronka makala.

Iosu Lizarralde (Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta Saiolaneko eta Debagoiena 2030eko kidea)

Iritzi artikulu hau Goiena Aldizkarian egindako kolaborazio bat da.