‘Basojakintsuak’ eta basogintza akademikoa Euskal Herrian
Iñaki Etxebesteren eta Markel Arriolabengoaren iritzi artikulua
Udazkenak protagonismo berezia ematen die basoei. Izan negu gorria hasi baino lehen, kolore gorriz apaintzen direlako inguruak, izan onddo eta perretxikozaleek otzarak betetzeko aukera aparta izaten dutelako, edo izan hego haizeak xaxatuta hosto zaharrak erantziz zuhaitzak izaki metaforiko bikainak bilakatzen direlako.
Badirudi, baina, aurtengo udazkenean basoa aparteko protagonismoa hartzen ari dela, Euskal Herri atlantikoaren azalera handi bat estaltzen duten baso landaketak bihurtu direlako mintzagai. Alde batetik, pinuen gaitzaz, kudeaketa-zailtasunez edota espezie jakin batzuk ekoiztearen hautuak dakarren ingurumen gainkargaz hitz egiten da. Horren aurrean, kudeaketa bateratua edo bestelako basogintza kudeaketa eredu baterako trantsizioa ere izan da mintzagai. Ezin zitekeen beste modu batera izan, eta aspaldiko hautsak beste behin ere harrotu dira. Oldartze horietako baten, inguruan basojakintsu gehiegi ez ote dagoen aldarrikatu zuen politikari batek… Hala ote da?
Etorkizunari aurre hartuz
Gustuko izan ala ez, esperientzia gutxietsi gabe, basogintzan ere jakintza neurtu eta batzeko modu orokortuena argitalpen zientifikoena da, eta horrek akademiara begira jartzen gaitu, ezinbestean.
Beste hainbat lan eta jakintza eremutan bezala, basogintzak ere ikerketa ezinbesteko oinarri duela iritzi dugu, eta aldiro berrikusi behar izaten ditugu ikerketa lanak, gure zerbitzuak modurik onenean eskaini ahal izateko. Horrela iritsi gara bestelako basogintza eredu baten aldeko apustua egitera. Izan ere, nekez aurki daiteke ikerketarik edo ikerketa talderik, gaur egun Euskal Herri atlantikoaren antzeko eremu baten gailentzen den basogintza eredua jasangarria dela bermatzen duenik. Are gehiago, kontuan hartuta egungo testuinguru globalak ziurgabetasunez betetzen duela etorkizunik hurbilena ere, eta, zer esanik ez, epe ertain edo luzera begira jarriz gero. Klima larrialdiari bakarrik erreparatuz, datozen 40 urteetan jasango dugun berokuntzak nekez aurreikusi daitezkeen eraginak izango ditu gure basoetan. Ikerketa desberdinek oso ziurtzat iragartzen dituzte haizete larriak, izurrite edo gaixotasun berriak, edo muturreko eguraldia jasateko aukerak. Egokitzapen basogintza edo basogintza adaptatiboa sustatu beharra dagoela aho batez onartu du basogintzari lotutako akademiak. Aniztasunik ez duten ustiaketa ereduak nekez egokitu daitezke beren kabuz, eta, hala, baso ekosistemetan zer-nolako esku-hartze maila izan behar dugun da gai garrantzitsuenetariko bat. Bai, behintzat, etorkizunean gaur egun ekosistema hauetatik jasotzen ditugun onura eta zerbitzuak modu bertsuan jasotzen jarraitu nahi baldin badugu.
Intsinis pinu landaketak nagusi dira oraindik ere Gipuzkoako eta Bizkaiko paisaian, azken urteetan gainbehera handia izan duen arren. Hala, azken 20 urteetan pinuak jasan izan dituen krisialdi desberdinek, azkena banden gaitzak sortutakoa, ekoizpen eredu honek duen zaurgarritasunaren eredu oso garbia azaltzen digute. Berezko aniztasun genetikorik gabe, ikerlarien esku geratu da erronka desberdinen aurrean pinuen egokitzeko ahalmena. Erraz ulertu daiteke, adibidez, banden gaitzari erresistenteak diren landareak ekoiztea prozesu luzea dela. Luzeegia. Horrelako krisialdien aurrean basogintzaren establishmentak ordezko espezieen aldeko apustua egin izan du globalki, kudeaketa eredua zalantzan jarri gabe.
Kudeaketa da giltza
Izan ere, kudeaketa ereduan dago giltza. Egurra edo zelulosa ekoizteko ezagutzen dugun modu hau nekazaritzari oso lotuta dago. Sistema osoa sinplifikatuz, adin eta espezie bakarreko landaketek efizientzia eta errentagarritasuna lehenesten dute, esku-hartze maila muturreraino eramanaz. Landatu, ongarritu, konpetentzia ezabatu, dena soilduz uzta batu eta lurra prestatu. Nekazaritza intentsiboarekin gertatzen den antzera, lan hauek sortzen dituzten desoreken zerrenda oso luzea da. Gainera, hilabetetan edo astetan neurtzen diren nekazaritza zikloekin alderatuz, hazkuntza azkarreneko zuhaitz landaketek ere denbora asko behar dute hazteko. Eta, beraz, aurreikusita ez dagoen zerbait gertatzeko aukera ere asko handitzen da. Eskala espaziala ere nabarmen handitzen da basoetara begira jartzen garenean. Ezaugarri hauek kontuan hartuta, baso landatu bat denboran egonkor eta ekoizpen jasangarria bermatuz mantentzea oso zaila da. Beste modu batera esanda, geroz eta argiago dugu baso ekosistemak sistema konplexuak direla. Horrela, espezieen arteko sare eta prozesuek modu sinplean aurreikusi ezin daitezkeen jokabideak azalarazi ahal dituzte egoeraren arabera. Adibide bat: tenperaturak igo ahala, pagoak garaieran gora dauden eremuetara zabaltzen ari dira Europako eremu menditsu askotan. Eremu horiek kolonizatzerakoan, beste zuhaitz espezie batzuekin topo egiten badu pagoak, bere hazkuntza asko hobetzen du. Honek aurreikusten ez zen jokabide bat azaleratu du, ikerlariek espero zutena irauliz.
Konplexutasun hau kudeatzeko basojakintzarik ez da garatu Euskal Herrian basogintzari lotutako ikerketa taldeetan. Nahiz eta bertan ekoiztu diren lanek asko laguntzen diguten etorkizunera begira erabakiak hartzen, argitaratutako lanek nagusiki isurialde atlantikoko baso landatuen inguruko ikerketak jorratu izan dituzte. Ez daukagu eskura, beraz, nahikoa ikerketa lan gure eremuan beste kudeaketa eredurik aztertzen duenik, nahiz eta beste basogintza eredu hauek lantzen diren. Euskal Herritik kanpo, aldiz, lan handia egin da norabide honetan, eta argitalpen zein esperientzia horiek guztiak bidelagun ezin hobeak ditugu, ezbairik gabe, bestelako basogintza eredu propio bat garatzen hasteko.
Hasierako metaforari eutsiz, badirudi basogintza eredu hau ere bere udazkenera iritsi dela. Orain, negua dugu aurretik, hemen eta hango hostoetan jasotakoa asimilatuz zuhaitzen sustrai berriak ongarritu eta errotzeko garaia. Espero dezagun naturak, ikerketak eta esperientziak erakutsi digun guztiak udaberri oparoago bat sortzen lagunduko digula; bestelako udaberri bat.
Iñaki Etxebesteren eta Markel Arriolabengoa (Errez kooperatiba)
Iritzi artikulu hau Goiena Aldizkarian egindako kolaborazio bat da.