Ekiola proiektuak Leintz bailarako 400 familiarendako energia berriztagarria sortuko du

  • Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan kokatuta dagoen lur-sail baten jarriko dute eguzki-parke fotovoltaikoa, Leintz bailarako 400 familiarendako energia berriztagarria sortzeko.
  • Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Amagoia Barandiaran Ekiola kooperatibako zuzendariak aurkeztu dute Ekiola Leintz Bailara ekimena 
  • Ekiola Leintz Bailara, Debagoiena2030 egitasmoko sareko kide diren hainbat erakundek sustatutako proiektua da

2021-10-14

Trantsizio energetikoaren testuinguruan energia berriztagarriak sortzeko ekimenak geroz eta gehiago dira, eta gaur horietako bat aurkeztu dute Arrasaten; Ekiola Leintz Bailara ekimena hain zuzen. Hala, Garaia Parke Teknologikoko lurretan kokatuko den eguzki-parke fotovoltaiko bati esker, Leintz Bailarako 400 familiari energia berriztagarria helaraziko zaie. MW 1 etik 5 MW-ra bitarteko potentzia izango du eguzki-parke fotovoltaikoak eta harekin bat egiten duten herritar eta familiak izango dira bazkideak.

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Amagoia Barandiaran Ekiola kooperatibako zuzendariak aurkeztu dute proiektua, D2030 egitasmoko hainbat erakundek sustatuta egongo dena. Hala, aipatutakoez gain, ekitaldian parte hartu dute Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako udaletako ordezkariek, bai eta, Fagor Taldeko, Garaia Parke Teknologikoko eta Debagoiena 2030 ekimenekoek ere.

0 kilometro eredua balioan

Ekiola proiektuak eredu aldaketa bat suposatuko du, bertan kontsumituko den energia bertan ekoiztua izateko helburu horretan, aurrerapausu izango baita. Izan ere, bailaran kontsumitzen den energiaren %95 baino gehiago kanpotik dator. Gainera, zati handi baten, jatorria, fosilak dira eta hala, trantsizio energetikoa lehentasunezko erronka dela azaldu du Debagoiena 2030 sareko koordinatzaile Elena Herrartek. “Proiektu honek proposatzen duena da garatuko diren baliabide energetikoak jabetza eta kudeaketari dagokionean ere eskualdeko eragile eta herritarren esku egotea. Ez hori bakarrik, eredu justuago eta inklusiboago batzuetarako aukerak sortuko baititu”.

Herrartek, gainera, azaldu du, proiektuak bestelako ikasketa batzuk ere emango dituela, hala nola, lankidetza kolaboratiboan sakontzeko tresna interesgarri izango baita: “Ekiolak eskainiko du eragile desberdinek eta herritarrek bat egingo duten egitura batzuk sortzea energia sortu eta kotsumitzeko eta lankidetza eredu publiko pribatu hori oso baliagarri izango zaigu eraldaketaren bidean”.