Klima larrialdiari erantzutea, guztion ardura

2021-10-26

Nazio Batuen Erakundeak bultzatuta, joan den domekan, urriak 24, Klima Aldaketaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatu zen. Aurtengoa testuinguru berezian egin da, datorren domekan hasiko baita  Glasgown (Eskozia), aldaketa klimatikoaren COP 26 goi-bilera. Eskoziakoa, hitzordu garrantzitsua izango da, lurraren tenperaturaren igoera 1,5 gradutara mugatzeko helburuarekin lotuta.

Hain zuzen ere, lurraren berotze globala industrializazio aurreko tenperatura mailarekin alderatuz, 1,5 gradu baino gehiago ez igotzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartu zuten 2015. urtean, Parisko ituna sinatu zuten herrialdeek. 2050 urte arteko epea ipini zuten horretarako.

Europar Komisioak ere, parez pare ditugun erronken tamainaz kontziente izanda, European Green Deal moduan ezagutzen den itun anbiziotsua abiarazi du, 2050 urterako Europa klimatikoki neutroa izango den lehenengo kontinentea bilakatu dadin. Norabide horretan lan egitea du helburu, besteak beste, Debagoiena 2030 ekimenak ere, eskualde klimatikoki neutroa baitu helburu nagusi.

2050erako klima neutraltasuna lortuko bada, erregai fosiletan oinarritutako ekonomia eredu batetik, tokiko energia berriztagarrietan oinarrituko den ekonomia eredu zirkular batera igarotzea ezinbestekoa izango da eta horretan jarriko ditu ahaleginak D2030ek.

Norbanakoak ere, klima aldaketaren kontra

Asko eta geroz eta gehiago dira klima aldaketaren kontra gizarteko sektore  desberdinetan egiten diren urratsak, eta ezin ahaztu, norbanakoen ahalegina. Esaterako, ba al zenekien EAEKo herritarren %48k uste duela klima aldaketaren gaia lehentasunezkoa dela? Bada, halaxe adierazten da 2021eko martxoan Ihobek egindako ikerketa baten. Ikerketa horren helburua EAEko herritarrek klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruz dituzten pertzepzio eta jarrerak aztertzea izan da. Hona hemen ikerketa osorik.

Norbanako moduan ere, asko dira klima aldaketaren aurka egin daitezkeen keinuak. Klima aldaketarekiko konprometituta zaudela uste al duzu? Zenbateraino? 52 keinu zerrendatu ditu Ihobek errazenetatik zailenetara sailkatuta; ideia berriak hartzeko eta, pertsona bakoitzaren konpromisoa neurtzeko aukera ematen du.