Beñardo Kortabarria: “Energia berriztagarrien alde egin behar dugu, hori argi dago, baina ez edozein modutan”

2022-06-08

D2030ek hasitako eraldaketa prozesua bere egiten du Antzuolako udalak. Beñardo Kortabarria alkateak argi du sektore publikoak izan behar duela prozesu horretan gidari.

Erronka globalei txikitik eragiteak duen pisuaren jakitun, Beñardo Kortabarriak eskualde mailan lan egiteak duen ahalmenean sinisten du. D2030en sareko kide, azkar batean martxan jarriko diren hainbat proiekturekin bat egin du Udalak.

Zein da Antzuolak eraldaketa sozialarekiko duen lotura?

Antzuolan dauden hiru enpresa handitatik bi kooperatibak dira, bertako jendeak bertan sortutakoak. Eraldaketa sozialarekin lotura duten enpresak dira, badutelako tradizioa bertako ekonomian eraginez elkarlanetik lan egitekoa. Hori kooperatiben ikuspegitik, baina lan arlo hori alde batera utzita, esango nuke gurea komunitatean lan egitera ohituta dagoen herri bat dela. Hor dago eskolako eraikuntza bera, Alardeari eman zaion buelta hori edo beste hainbat arlotan, bai kirolean edo kulturan egiten diren ekintzak. Guztiak elkartasunetik eta inor bazterrean utzi barik egiten dira.

Herri txikietan zein izaera hartzen du gai horrek?

Nik uste dut ez dugula gai moduan hautematen. Ez gabiltza zerbait egiten eraldaketa sozialean sinisten dugulako. Nik uste dut gauzak egiteko modu bat dela, halabeharrez sortutakoa. Baliabideak ere murritzagoak dira eta denon artean gauzak egitea ezinbestekoa da. Horrenbeste aipatzen den auzolana egiteko modu bat da. Gaur egun esango nuke zailagoa dela, egia da kosta egiten zaigula. Administrazioa zerbitzuak ematen hasi zen momentutik apur bat lausotu egin da auzolana; halere, oraindik ere badago. Izan ere, herri txikietan parte hartzerik ez da falta izaten.

Udaletik bultzatzen dituzue parte hartze eta elkarlan bideak?

Guri tokatzen zaigu parte hartze bideak zabaltzea. Batzuetan lortuko da, beste batzuetan ez. Besteak beste, gure helburua da herritarrek sentitzea herri bat garela. Ez dela erdaldunen herri bat, edo bakarrik euskaldunena; edo bakarrik gizonezkoena, edo bakarrik emakumezkoena; edo bakarrik dirua dutenena… Guk gure ekarpena egiten dugu hortik.

Herri txiki moduan badituzue abantailak erronka globalei –klima, inklusioa, lana, osasuna…– erantzunak emateko garaian?

Oso zaila da erronka globalei aurre egitea, baina txikitik egin behar da handian eragiteko. Horretan saiatzen gara, behintzat.

Energia berriztagarrien gaia dago orain pil-pilean.

Bai, eta energia berriztagarrien alde egin behar dugu, baina ez edozein modutan. Esaterako, Irimo gainean bi aerosorgailu jartzeko planteamendua egin dute, eta bai, energia berriztagarriak beharrekoak dira, baina pentsatu dezagun zer, zela eta non. Hemen bi erraldoi jartzea, zeintzuek sortuko duten Zumarragak, Urretxuk eta Antzuolak behar duten energia baino askoz gehiago… Gainera, seguru enpresa pribatu batek eraikiko dituela diru publikoarekin.

Herriko eraikin publikoak energia berriztagarriz hornitzeko proiektua martxan duzue dagoeneko. Zelan dago?

Eskolako eta frontoiko teilatuetan plaka fotovoltaikoak jarri genituen. Biak zabalak dira eta orientazio ona dute. Horrekin lortzen duguna da 500 metroko erradioan dauzkagun eraikin publikoen energia hortik asetzea. Bestetik, Energia Berriztagarrien Komunitateak bultzatzen ere badihardugu. Bada herrian natur baliabideen inguruan lanean ari den talde bat, auzoz auzo bilerak egiten ari dena, eguzki energia erabiltzearen abantailak proposatuz. Udalak ere badu ordezkaritza talde horretan.

Antzuolarendako proiektu estrategikoa da?

Estrategikoa baino gehiago, goazen norabidean eman beharreko pauso bat da. Nik uste dut lehenengo eta behin kontsumoan aldaketak eman behar ditugula. Hondakinetan egiten den moduan, ahalik eta gutxien sortu behar dugu, gero bereizi, eta bereizi ondoren, birziklatu. Energiaren kasuan berdina da. Fabrikara autoz joan beharrean bizikletaz joan bagaitezke, aldaketa hori egin behar genuke. Horrek erregaiaren kontsumoa jaistea ekarriko luke; gainera, modu osasuntsuan egiten da… lantegira joateko bidegorriak egin beharko ditugu, agian… Baina murrizketarena bultzatu behar dugu, ezinbestean etorriko da. Argindarra hartzen ari den prezioarekin, ohiturak ere aldatuko dira.

Zein beste proiektu duzue esku artean?

Kaleko argiteria aztertzen ere badihardugu, merkeago eta energia gutxiago erabiliz argiztatzeko. Energia sortzeko uraren sistema erabili genezakeen aztertzen ere badihardugu. Bestetik, ura Urkulutik ekartzen dugu une honetan eta gura duguna da Antzuolako ura erabili ahal izateko zein inbertsio egin beharko litzatekeen aztertu.

D2030ekin elkarlan bideak ireki dituzue. Zergatik?

Hasteko, Antzuola Debagoiena da, eta gure herriak badu eskualde mailan ekarpenik egiteko, baita jasotzeko ere. Esaterako, D2030ek laster batean martxan jarriko duen energia trantsizioan eragiteko esku-hartzearen baitan, Antzuolak parte hartuko du hainbat proiektutan. Birgaitzen proiektua dago hor –etxebizitzen isolamenduan laguntzeko proiektua–, pobrezia energetikoaren inguruko lanketa ere martxan dugu D2030ekin batera, ikastetxeekin garatuko den beste proiektu baten ere egongo gara. Guk bat egiten dugu ekimenarekin eta uste dut, gainera, ezinbestekoa dela sektore publikoak horren lidergoa hartzea. Goazen erantzutera eskualde moduan datozen erronkei, bestela ez gara-eta ongi ibiliko.

Elkarrizketa hau Goiena.eus-en argitaratu da.