Monika Monteagudo: “Helburua da eskolei neurri eraginkorrak proposatzea, murrizketari begira”

2022-10-31

Debagoiena 2030 ekimenak bultzatuta, Ikastetxe-klik ekimena martxan da Debagoieneko hamaika ikastetxetan. Ikastetxe-klik energia aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko proiektua da. Ikastetxeek ekoON enpresaren bidelaguntza izango dute prozesuak iraungo duen denboran. Monika Monteagudok, ekoON-eko kideak, eman ditu azalpenak.

Energia eraginkortasunean lanean dihardu ekoON enpresak, eta, orain, Debagoieneko hamaika ikastetxetan garatuko den proiektu baten gidaritza hartuko du.

Zer da ekoON?

Eredu energetiko berri baterantz trantsizioa bultzatzea helburu duen erakundea da. Hain zuzen ere, kudeaketa, aurrezpena, eraginkortasun energetikoa eta berriztagarrien ezarpenerako proiektuak garatzea da haren ardura, arlo publikoan zein pribatuan. Sentsibilizazio lanketak ere egiten ditugu, formakuntza eskainiz, eta instalazio teknikoak ere egiten ditugu.

Debagoienean zer-nolako lanketak egin dituzue?

Esaterako, Debagoieneko udal guztietan energia diagnosia egin dugu joan den urtean. Udal eraikinetako eta instalazio publikoetako –argiteria eta abar– energia eta ur kontsumoak aztertu ditugu eta tresna bat ahalbidetu diegu eurek kontsumoak kontrolatu eta kudeatu ditzaten. Bilakaera osoa, beraz, automatizatuta dute. Gainera, lege berriarekin, Eusko Jaurlaritzak urtero eskatzen die udalei eraikin eta instalazio publikoetan kontsumoaren alorrean nola dauden ezagutzera ematea. Azken finean, helburua da udalek gaitasuna izatea euren bidea autokudeaketaren bidez egiteko.

Zein da energetikoki eraginkor izateko bidea?

Lehen-lehenik, aurrezpena eta eraginkortasuna leudeke, eta horien ondoren etorriko litzateke berriztagarrien instalazioa. Aurrezpenaren eta eraginkortasunaren alorrean badago non lan egin. Gainera, denon ardura da, herritarrok egin behar dugu trantsizioa.

Ari gara aurrerapausoak ematen?

Bai, geroz eta jende gehiago dago kontzientziatuta, eta, bereziki, fakturak igo direnean hasi da jendea alternatibak bilatzen. Esaterako, bizilagunen komunitate mordoa jarri da gurekin harremanetan, eta mugimendu handia nabari da.

Debagoienean Ikastetxe-klik proiektua garatuko duzue oraingo ikasturtean. Zer da?

Eskualdeko hamaika ikastetxek hartuko dute parte, eta, udalekin egin dugun moduan, energia diagnosi txiki bat egingo dugu eskola bakoitzeko eraikinean. Helburua da urte bukaerarako energia eta ur kontsumoak murriztea. Ikasturte osoa iraungo duen proiektua izango da. Dagoeneko ikastetxe guztietako azken hiru urteetako fakturak jaso ditugu
eta atera dugu kontsumoaren
batez besteko bat. Helburua da, hori abiapuntu, murrizketari begira neurri eraginkorrak proposatzea. Energia garbi eta merkeena, kontsumitzen ez dena lelopean egingo da egitasmoa.

Eskola-komunitatearen parte hartzeak garrantzi handia du prozesuan, ezta?

Hala da. Eskoletan energia taldeak sortu dira eta horietan gurasoak, langile guztiak eta neska-mutikoak daude ordezkatuta. Hilabetean behin biltzen gara eta hor proposatzen ditugu neurri berriak. Lehenengo urtean landuko ditugu, batez ere, ohitura aldaketak, programazio egokiak… Ikasgela bakoitzean arduradun energetiko bat izendatu da. Haren ardura izango da geletatik ateratzen direnean –izan jolastokira edo eguna bukatzean– argiak itzaltzea, leihoak itxita daudela ziurtatzea berogailua piztuta dagoenean eta abar, eta abar. Modu horretan lantzen da baita ere kontzientziazioa, eta esan dezaket ikasturte bukaerarako aurrezpen handiak lortzen direla. Bigarren urtetik aurrera, efizientzia energetikoa lortzeko inbertsio txikiak planteatuko ditugu.

Hasiera honetan, zer aurkitu duzue?

Ez da proiektua garatzen dugun lehen aldia. Pandemia aurretik hasita geunden beste eskualde batzuetan horrelako lanketekin, eta ohikoena da aurkitzea, batetik, ezjakintasun handia. Esaterako, gertatu zaigu ikustea eraikin batean elektrizitate-kontagailu bi izatea. Konturatu gara kontagailu hori ez dela erabiltzen; hala ere, ordaindu beharreko kopurua finkoa ordaintzen ari dira. Kontsumorik ez egonda ere, baliteke urte osoko faktura 1.000 eurokoa izatea. Horrelako gauzak gertatzen dira eta egia da ez direla gauzak aztertzen. Beraz, gogoeta hori egitera behartzen ditugu ikastetxeak, prozedura desberdinen bitartez. Esaterako, zergatik dago horrelako kontsumoa abuztuan inor ez dagoenean? Edo gauez? Edo asteburuetan? Horrelako gauzak aztertzen ari gara. Ur ihesak dauden, ez dauden, noiz…

Zein balio ematen diozue proiektuari?

Pedagogikoki oso potentea da, kontuan hartuta eskolek duten eraldaketarako gaitasuna. Gainera, aurreztutako %50 bueltatuko zaio eskolari, eta energia taldeko kideek erabakiko dute diru hori non inbertitu. Gainerako %50a inbertituko da efizientzia neurrietan.