Debagoieneko Tokixan ekoizpen gunerako lan deialdia

Debagoiena eskualdean elkarlanean elikadura burujabetzako proiektu bat garatzen dihardugu hainbat erakundek: Ereindajan Bergara Kooperatiba, Eskubaratz, Biolur Elkartea, Lanki Mondragon Unibertsitateko Kooperatibismoaren ikertegia, Emun Kooperatiba, Fagor Taldea, Gizabidea Fundazioa eta Olatukoop Elkartea, Debagoiena 2030 lankidetza sarearen markoan.

Debagoieneko eskualdean elikadura burujabetzara bidean jauzi bat egiteko urratsak eman eta oinarri konpartitu bat sortzen gabiltza etorkizunean bertako produktuak modu agroekologikoan sustatzeko. Elikadura burujabetzaren norabidean batu eta estrategia bat markatzeko proiektu berri bat abiatu genuen pasa den urtean.

Arnas luzeko bidea izanik ere, honako bi prozesu hauek abiatu ditugu dagoeneko:

  1. Baratzezaintza profesionalerako ekoizpen gune bat martxan jartzea, eredu kooperatiboa izango duena.
  2. Ekoizpena trakzionatzeko, jantoki kolektiboetan bertako produktua hornitzeko sistema garatzea.

Ekoizpen arloan, belaunaldi erreleboa eta lanpostu bizigarriagoak bermatzeko ekoizpen eredu kolektiboak bultzatzea gakoa izango da datozen urteetan.  Eskualdeko beharrei erantzungo dien eta baratzegintza agroekologikoa oinarri izango duen kooperatiba baten antolaketa, bideragarritasuna eta ekoizpen-kontsumo aukerak aztertu dira Tokixan izeneko proiekuaren baitan. Eta honez gain, ekoizleen artean, baliabide eta zerbitzuak kolektibizatuko dituen eta erakunde ezberdinen inplikazioa barne hartuko duen egitura berri bat sortzeko lehen urratsak eman dira.

Proiektu hau abian jartzeko eta koordinazio lanetan aritzeko langile bat kontratatuko da.

Egitekoak

– Ekoizpen arloaren koordinazioa eta gidaritza.

– Eskualde maila ekoizpena eskalan bultzatuko duen eta eredu kolektiboan oinarritu den proiektuaren diseinu tekniko, ekonomiko-finantzazio eta antolamenduzkoa landu eta garatzea.

– Emaitza horretara heltzeko estrategia eta bide-orria definitu, bultzatu eta martxan jartzea.

– Proiektuko kide diren erakundeekin zein tokiko eragileekin koordinazio eta komunikazio lanak (bilerak, txostenak, aurkezpenak… ).

Ezinbesteko baldintzak

Gradu ikasketak edo lehen sektorean lan esperientzia.

Proiektu berri bat gidatzeko eta elkarlanean aritzeko gogoa.

Talde lanean eta proiektu integraletan aritzeko gaitasuna.

B gidabaimena.

Honako hauek baloratuko dira

  • Lehen sektoreak eta agroekologiak duen balio estrategikoarekin kontzientzientzia izatea.
  • Baratzegintza agroekologikoan esperientzia izatea.
  • Debagoiena eskualdeko lehen sektorearen eta tokiko erakundeen ezagutza izatea.
  • Harremanetarako erraztasuna izatea, ahozko eta idatzizko komunikaziorako gaitasuna.
  • Enpresa edo elkartegintzan esperientzia kudeaketa arloan.
  • Eskualdekoa izatea.
  • Epe luzerako apustua egiteko prestutasuna.

*Esperientzia eta formazioa baloratzeko, behar diren agirien bidez egiaztatuko dira.

Eskaintzen da

  • Lanaldi osoko kontratua.
  • Formazioa eta akonpainamendua beharren arabera.

Curriculumak bidaltzeko: gizabidea@gizabidea.net
Epea: urtarrilak 17