Arrasateko auzogune batean mugikortasun aktiboa eta jasangarria sustatzeko egitasmoa

2025-03-05

Kutxa Fundazioak argitaratutako Desafio Ekosozialetarako Aliantzak deialdira, Arrasaten kokatzen den egitasmo berri bat aurkeztu zen Debagoiena 2030en markotik abiatuta. 9 eragilez osatutako aliantza da honakoa, eta proiektuaren helburua, Arrasateko auzogune batean mugikortasun aktiboa eta jasangarria sustatzea da, baita natur-guneekiko eguneroko kontaktua handitzea ere.

Hautatutako auzoguneak berezitasun handia du, bertan, enpresak, ikastetxeak, hezkuntza-zentroak, natur-guneak eta kirol-eremuak daude. Bi urtez esku-hartze ezberdinak egingo dira, espazio horretan jasangarritasuna eta bizi-kalitatea sustatzeko. Ikuspegi esperimental batetatik lan egingo da, behin-behineko esku-hartzeak eginez eta etorkizunera begira, nondik eragin daitekeen ikasiz. Bi urtetako prozesu horretan komunitatearen parte-hartzea eta inplikazioa funtsezkoak izango dira helburuak lortzeko.

Diru-laguntzaren ebazpena abenduan jaso zen, eta urtarrilean ekin zitzaion proiektuari. Une honetan, abiatze fasean dago, hau da, proiektua guztiz diseinatzeko lanean. Horretarako, aliatuen arteko hainbat saio egin dira, auzogunea hobeto ezagutzeko edota hainbat arlotan formatu eta sakontzeko saioak egin dira: heziketa berdea, mugikortasun aktibo eta jasangarria, udal gobernu plana, genero ikuspegi intersekzionala hiri-diseinuan eta mugikortasunean edota misioen ikuspegia. Lehen saio teknikoa ere burutu da, non proposamena bera gehiago lurreratzeko lehen urratsak eman diren.

Datozen asteetan, proiektuaren diseinua fintzen jarraituko da, eta aurki emango dira aurkezteko lehen urratsak.