Euskara ere, komunikaziorako erronka
Itziar Larrañagaren iritzi artikulua
Duela pare bat urte ezagutu nuen gaur egun Debagoiena 2030 izena duen egitasmoa, eta, ordutik, komunikazio taldeko kidea naiz. Garai hartan, izen ofizialik ez zeukan, eta izena erabakitzea bera ere erronka bilakatu zen.
2020rako komunikazio plana zehaztu genuenean, ohiko kontzeptuak definitu genituen: helburuak, mezua, publiko objektiboa, kanalak… Eta, horrekin batera, irizpideak ere adostu genituen. Hasieratik garbi izan genuen irizpide bat izan zen euskara lehenetsiko genuela. Paperean ez du zalantza askorik pizten, baina zer da komunikazioan euskara lehenestea?
Hartu dezagun Twitter adibide moduan. Zer egiten dute Debagoieneko enpresa, elkarte eta erakundeek? Euskara hutsean komunikatzen dutenak alde batera utzita, ondorengo aukerak nagusitzen dira – jakin gabe euskara lehenestea helburu duten ala ez–: informazio guztia bi aldiz bota, lehenengo euskaraz eta gero gaztelaniaz; txio berean bi hizkuntzak erabili, beti euskaraz hasita; hizkuntza bakoitzerako Twitter kontu bat ireki; mezua zuzentzen zaien pertsonen arabera hizkuntza bien beharra dagoen ala ez erabaki.
Ziurrenik, kasu horietako askotan, euskara lehenesteko apustua egin nahi izan da, baina aztertu ditzagun. Txio guztiak bi bider botatzen baditugu, gerta litekeena da gehiengoak bata edo bestea ikustea, eta, ondorioz, euskararen lehenespena galdu egingo litzateke. Txio berean bi hizkuntzak erabiltzen baditugu, euskara gainetik jarrita ere, benetan eskaintzen ari garena aukera elebiduna dela uste dut. Hizkuntza bakoitzerako kanal bat irekitzen badugu, erabiltzaileei gustukoen dutena jarraitzeko aukera ematen diegu, baina ez nuke esango euskara lehenesten dugunik. Azken aukera interesgarria ikusten dut, mezua helarazi nahi diogunaren arabera hartu hizkuntza erabakia. Baina hori ere paperean erraz ikusten da, eta gero, egunerokoan…
Planteatu dezakegun beste aukera bat kopuru zehatzak definitzea izan daiteke. Demagun Twitterreko txio guztien %80 euskaraz izango direla adosten dugula. Modu horretan euskara lehenesten dugula pentsatu dezakegu. Baina horrela al da? Twitter ez da hasi eta bukatu egiten den nobela bat. Tarteka kontsultatu daitekeen sare sozial bat da, batzuetan arinago eta beste batzuetan sakonago begiratu daitekeena. Baina zaila izango da benetan norbait Debagoiena 2030en profilean sartu, eta goitik behera guztia irakurtzea. Kontuaren jarraitzaile gehienek botatako txio horien lagin bat besterik ez dute ikusiko, eta ikusten duten hori euskaraz bota ez den %20 horretakoa ere izan daiteke.
Twitter adibide bat besterik ez da, baina zalantza berberak errepikatzen dira gainontzeko komunikazio kanaletan ere. Adibidez, martxan jarri berri dugun buletinean posta elektroniko bidezko mezuak euskara hutsean bidaltzeko hautua egin dugu, baina posta horretan bertan euskara-gaztelania bertsiora joateko aukera ere eskaintzen da. Hau da, lehen hitza beti da euskaraz, baina aukera elebiduna ere badago. Beste adibide bat da 2019ko azaroan egin genuen foroa. Izen-emate formularioan parte-hartzaileei galdetu genien ekitaldia euskaraz jarraitzeko gai ote ziren. Ia guztiek baietz esan zutenez, euskaraz ez zekitenei xuxurlaria jarri zitzaien.
Teknologia, lagun
Euskara lehenetsi eta inor baztertuta sentitu ez dadin, teknologia bidelagun bikaina daukagu. Azken urteetan arrakastaz garatu diren itzultzaile automatikoak dira horren adibide. Google Translate-k eskaintzen zizkigun itzulpen lotsagarrietatik, emaitza benetan txukuna eskaintzen dutenetara egin dugu jauzia: Batua.eus, Itzultzaile neuronala – Euskadi.eus/itzuli–, Itzultzailea.eus, Lingua. eus/eu/itzultzailea… Testu idatziari buruz hitz egiten ari bagara, euskarazko informazioa ulertzeko aukera klik batera daukagu gaur egun. Ikus-entzunezko edo audioen kasuan, momentuz, ez dago hain irtenbide txukunik. Baina Euskal Herriko teknologia enpresak, komunikabideak eta administrazio publikoa badabiltza arlo horretan ere aurrerapausoak ematen. Eta gaur muga dena laster ez da izango. Horregatik, teknologia garatzen doan heinean, komunikazioak ere eraldatzen joan beharko du.
Debagoiena eskualde zabala da, eta D2030 egitasmoak guztiengana iristeko nahia eta erronka dauka. Hizkuntza handicap moduan ikus dezakegu, gure lana zaildu egiten duelako. Baina gure eskualdea hobeto ezagutzeko parada ere eskaintzen digu. Testatzeko nola lehenetsi dezakegun euskara inor baztertuta sentitu gabe, inor aldendu gabe.
Irtenbide orokorrak bilatu baino gehiago, komunikazioa ikuspuntu komunitariotik garatu beharko dugu; Debagoieneko errealitatetik. Erronka globalei erantzun propioak eman nahi dizkiegula azpimarratzen dugu D2030 egitasmotik, eta, nire ustez, komunikazioak ere bide hori jarraitu behar du. Betiere, bidean zehar eraldatzeko gaitasuna izanik.
Bidean zehar ikasten eta probatzen goaz; horregatik, iritzi edota esperientzia ezberdinen berri izatea ere beti izango da aberasgarria: komunikazioa@ debagoiena2030.eus.
Itziar Larrañaga (Goienako kazetaria eta D2030 ekimeneko kidea)
Iritzi artikulu hau Goiena Aldizkarian egindako kolaborazio bat da.