Trantsizio sozioekologikoa eta Debagoiena 2030 ekimenari buruzko hitzaldia eskainiko dute urtarrilaren 12an, Bergaran

2021-01-08

  • Bergara eta Debagoiena bailara murgilduta daude datozen urteetarako herrien eta eskualdearen diseinu lanetan, eraldaketa oinarri, Debagoiena 2030 ekimenaren bitartez.
  • Trantsizio sozioekologikoa, Debagoiena 2030, bioaniztasuna, basogintza, elikadura burujabetza eta energia komunitateak izango dituzte hizpide Bergaran.

Gorka Artola Bergarako alkatearekin batera, Rosa Errazkin Laboratoriumeko zuzendariak, Debagoiena 2030 ekimeneko Elena Herrartek eta Goienerreko Oier Etxebarriak egin dute hitzaldi-sortaren aurkezpena, gaur, Bergaran.  Seminarixoan egingo da lau saiotako hitzaldi sorta, urtarrila eta otsaila bitartean. “Hitzaldi hauen bitartez, arlo desberdinetako adituek etorkizunean nahiko genituzkeen herriak sortzen hasteko ekarpen interesgarriak egin ditzakete”, Gorka Artola alkatearen ustez.

Bergarako Udalak eta Laboratorium Museoak antolatutako hitzaldi hauek Seminarixoan egingo dira, 18:00etan. Sarrerak seminarixoa.eus webgunean eta bertako txarteldegian hartu ahal izango dira.

Urtarrilak 12: Trantsizio sozioekologikoa eta Debagoiena 2030 ekimena.
Joseba Azkarraga Etxagibel EHUko irakasleak eskainiko du hitzaldia eta Debagoiena 2030 ekimena aurkeztuko du bertako kide Elena Herrartek. Debagoiena 2030 eskualdearen eraldaketarako sortu den lankidetza ekimena da, sektore anitzetako eragileek osatzen duena. Egungo gizarteek erronka konplexu eta sakonak dituzte aurrean, klima aldaketa da horren erakusgai nabarmenena. Lurraldearen garapen komunitarioan sakonduz, 2050 urterako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den Debagoiena bateranzko eraldaketa bultzatzea helburu duen lankidetza sare irekia da.

Urtarrilak 26: Bioaniztasuna eta basogintza. “Pinutik eukaliptora? Euskal Herriko basogintzaren erronkak”.
Hizlariak Arturo Elosegi (EHUko irakaslea) eta Iñaki Madinabeitia (Mendia Bizirik) izango dira. Euskal Herriko basogintza aspaldi krisian dago: prezioen gorabeherek, errelebo faltak eta landaketetan izandako izurriek, pinuaren gainbehera eta basogintzaren etorkizuna birplanteatzeko beharra ekarri dute. Azken urteotan gertatzen ari den aldaketa handiena eukaliptoen hedapena izan da. Argitaratutako ikerketa zientifikoek nabarmen utzi dute zuhaizti horiek ingurumen-eragin kaltegarria dutela, bereziki biodibertsitatean. Beraz, Euskal Herriko ingurumena zainduko duen basogintza-eredu bat bilatzeko erronka handia dugu aurrean.

Otsailak 9: Elikadura burujabetzarako bidea nola egin.
Mirene Begiristain (EHUko irakaslea) eta Aitzol Iturbe (nekazaria). Gizarte antolaketa ereduen arteko talkak isla du nekazaritzan ere. Interes orokorrari erantzuten dion eredua agroekologikoa dela ikusiko dugu, eta “eredu konbentzionala” deiturikoak dakartzan kalte sozial, ekonomiko eta ekologikoak azalduko ditugu, besteak beste.

Otsailak 23: Goiener eta energia komunitateak.
Santi Otxoa eta Oier Etxebarria izango dira hizlariak. Europako Erakundeek bultzatzen duten eta herrialde desberdinek arautu behar duten kontzeptu berri bat da energia komunitatearena. Goienerrek Energia Trantsiziorako baliabide erabakigarria dela uste du, herritarren esku ipintzen duelako, orain arte enpresa handien esku zegoen energiaren arloa. Beste gauza batzuen artean, herritarrak ahalduntzeko, aztarna ekologikoa gutxitzeko eta bertako ekonomia bultzatzeko balio dute.