Lander Diaz de Gereñu: “Erronkarik handiena da gizarteari D2030en helburuak beharrezkoak direla sinetsaraztea”
2021-02-22
2050erako Debagoiena eskualde adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa lortzeko helburuarekin jaio da Debagoiena2030 ekimena. Hamahiru erakunde sustatzailek osatzen dute Gobernu Batzordea eta tartean da ULMA Taldea.
Elkarrizketa ULMA taldeko lehendakari Lander Diaz de Gereñuri.
Urtebete da pandemia hasi zenetik. Nola laburbilduko zenuke talde bezala bizi izandakoa?
Egia esan, ez da batere erraza izan. Horrelako pandemia baterako mundu osoan inor ez zegoela prestatuta esango nuke; eta ULMA ere egoera horretan zegoen. Larrialdi egoera heldu zenean, azkar batean erantzun beharrean egon ginen, bi helburu nagusirekin: gure langileak babestea eta negozioei jarraipena ematea. Aipatzekoa da benetan gure langile kolektiboak orokorrean erakutsi duen jarrera arduratsua eta negozioak aurrera ateratzeko gogoa.
Debagoiena2030 egitasmoko kide da ULMA. Zergatik?
Erantzun motza da kooperatibaren printzipioekin bat datorrelako, baina bada erantzun luzeagorik. Kooperatibek eraldaketa soziala dute oinarri-oinarrian. Kooperatiba guztiek ditugu gure eraldaketa sozialeko proiektuak eta ekimenak. ULMA Taldeak bere fundazioaren bidez kudeatzen ditu hauek. Baina harago joan gura dugu, eta, gizartean eragina handiagoa izan dadin, gizarte bezala eragin behar dugu. Kooperatibak gizarte horren zati bat besterik ez gara, bakoitza bere irismenarekin. Zerbait handia egin nahi badugu, denon artean egin behar dugu, eta horretarako ezinbestekoa da mahai baten inguruan eragile ezberdinak elkartzea. Hori da ULMA D2030 egitasmoko kide izateko arrazoia.
Zein izan beharko litzateke D2030en rola datozen urteetan?
D2030ek helburu komunak dituzten eragileen elkar lekua izan behar du. Esan dudan moduan, hainbat eragile gaude Debagoienean antzerako helburuekin, bakoitza bere aldetik lanean, eta garrantzitsua da indar horiek guztiak elkartzea eta proiektuak batera egitea. Mahai gainean dauden helburuak ezin dira erakunde batzuetatik bakarrik aurrera eraman, gizartearen atxikimendua behar da, eta hor daukagu erronkarik handiena: gizarteari sinetsaraztea D2030 ekimenaren helburuak beharrezkoak direla guztiontzat.
ULMAk talde bezala zein lanketa egiten ditu D2030ek bere egiten dituen klimarekiko, inklusioarekiko eta digitalizazioarekiko?
ULMA Taldean hain negozio ezberdinak egonda, bakoitzak bere lanak egin behar ditu. Baditugu lan talde komunak, noski, baina lehengaien merkatuan aritzen den negozio batek eta IOT arloan dabilen beste batek ez dituzte ez behar berdinak, ez aukera berdinak gai horiek lantzeko. Helburu orokor bezala, garbi dago hor egon behar dugula, baina gero egunerokoan, negozio bakoitzak egin behar du bere bidea, eta horretan ari gara.
Nola ikusten duzu kooperatibetako langileria, halako erronkekiko?
Langile asko daude ULMA Taldean, eta ezin da orokortu. Galdetzen hasten garenean sorpresa asko hartzen ditugu eta gure langile asko proiektu askotan buru-belarri sartuta daudela ikusten da. Dena den, bakoitzaren egoera oso desberdina izan daiteke, baina kontzientzia badagoela esango nuke. Ardura postua dugunon lana ere bada erronka horiek hor daudela azaleratzea eta kolektiboa erakartzea.
Nola egiten duzue erantzukizun sozialarekiko konpromiso hori langileenganaino helarazteko?
Langile askok etxetik ekartzen dute erantzukizun soziala. Kooperatibak lan eremuan ere aukerak ematea da gakoa. Kooperatibak bere balio eta printzipioak ditu eta behin baino gehiagotan aipatzen ditugu. Dena den, egun batean zerbait entzuteagatik inork ez du barneratzen, jarraitasuna behar da eta eredugarria izaten kutsatzen duzu kolektiboa; kooperatiba eredugarria baldin bada bere printzipio eta balioekiko, errazagoa izango da kolektiboak bat egitea eta transmisio hori gertatzea.
Sarri entzun izan dugu kooperatiben erantzukizun kolektibo horrek gainbehera handia izan duela.
Ez dut uste kooperatiben kontua denik, gizartearena berarena baizik. Hala ere, ez dut uste horrela denik ehuneko ehunean. Gizartea orain dela 50 urte baino indibidualistagoa da, eta hori ongizateak ekarri duelakoan nago, baina orokortzea ez da ona. Ingurura begiratzen baldin badugu, erantzukizun hori erakusten duten ekimen asko ikusten dira. Beharbada, ekimen horiek beste era batera egiten dira edo beste ikusgarritasun bat ematen zaie, baina hor daude.
Egiten da ezer hori irauli dadin?
Zalantzarik gabe, kooperatibek baditugu tresnak erantzukizun kolektibo hori azaleratzeko eta bultzatzeko. Eta martxan ere jartzen ditugu. ULMA Taldeak orain dela urte batzuk sortu zuen ULMA Fundazioa, eraldaketa sozialerako tresna gisa erabiltzeko. Hainbat ekimen egiten dira eta elkarte askorekin gaude harremanetan ibilbide hori egiteko. Ez dut esango erraza denik eta bidean azkar goazenik, baina bagoaz, eta gero eta garbiago daukagu ibilbidea zein den.
ULMA taldearen argazkia.