Elena Herrarte: “Eskualdeak duen potentzial handia elkarlanetik artikulatzea izango da gakoa”
Elena Herrarte da Debagoiena 2030 ekimeneko koordinatzaile orokorra. 2019an ekimena sortu zenetik gaur arteko ibilbidean egindakoak azaldu ditu; bidean ikasitakoak, martxan jarritako proiektuak eta etorkizuneko asmoak.
Badira bi urte Debagoiena 2030 ekimena sortu zela. 2019ko urtarrila hartan, zergatik sortu zen eta zertarako?
Agian, oso hautemangarria ez bada ere, bizi izaten hasi garelako erronka oso konplexuen garai bat eta aldaketa oso handiak gertatuko diren garai bat eta horren aurrean eskualdeak artikulatu beharko duelako estrategia bat Debagoiena iraunkorra, inklusiboa eta adimentsua izatera heltzeko.
Klima aldaketa da erronketako bat; badakigu bere eraginak hurrengo urteetan kontrolatzen ez baditugu kolapso egoera etor daitekeela. Ingurumenaren eta karbono isurketen ikuspuntutik, une honetan gure eskualdeak sortzen dituen karbono isurketak konpentsatzeko lau planeta beharko genituzke. Hori da, nolabait, guk uzten dugun arrastoa planeta honetan.
Horren aurrean aldaketa sakonak egin beharko dira hainbat arlotatik; gisa honetako erronkei ezin zaie teknologiatik edo politika publikoetatik bakarrik konponbidea eman, eta proiektu isolatuen logikak ez dira nahikoa izango. Erronka konplexuetan sakoneko eraldaketak eragiteko arlo guztietatik egin beharko dugu tira, eta norbanako bakoitzaren bizitzan ere gauza asko aldatu beharko dira.
Gauza asko birpentsatu beharko ditugu eta birsortu beharko ditugu. Eta, nahiz eta arazo horiek oso globalak diren, soluzioen bilaketa horretarako eskala aproposa izango da tokikoa.
Debagoiena 2030. Garapen Iraunkorrerako Sarea zarete eta horrela dio hain zuzen ere, egitasmoaren izenak berak. Zer esan gura du horrek?
2030 horrek erakusten digu denbora-ipar hori, eta urgentziaren nozioa, eta gero, hiru hitz horiek erabiltzen ditugu; Garapen Iraunkorrerako Sarea. Bakoitzak badauka bere pisua eta bere inportantzia.
Alde batetik, garapenaren kontzeptua dago; azken hamarkadetako garapen ereduak garapen ekonomikoa lehenetsi du. Horrek esan nahi du ezinbestekoak diren beste arlo batzuk bigarren maila batean utzi ditugula. Eta, bereziki, momentu honetan une kritiko bat bizi dugu ingurumenaren arlo horrekin.
Garapen iraunkorraren markoak eramaten gaitu irudikatzera garapen eredu orekatu bat, dimentsio ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa orekan barnebiltzen dituena.
Eta gero, sarearen kontzeptua dago. Sektore, ezagutza edo bizi esperientzia anitzeko eragile eta norbanakoen elkarlana izango da hurrengo urteetan eraldaketa sakona lortzeko estrategia eraginkorrena. Denen ekarpena beharko da.
2050erako inklusiboa, adimentsua eta klimatikoki neutroa izango den Debagoiena bateranzko trantsizioa ahalbidetuko duen lankidetza sare irekia zarete. Zergatik eta nola iritsi zarete bisio edo helmuga hori zehaztera?
Bi urte daramatza Debagoiena 2030 ekimenak martxan. Ibilbide horretan egindako lehenengo lana izan da, eskualdea hobeto ezagutzea: dauden eragileak, dauden dinamikak, daukagun ezagutza, gaitasunak eta mugak…
Bestetik, eskualdeko askotariko eragile eta herritarrekin elkarrizketa dinamikak aktibatu ditugu. Elkarrekin testuinguru historiko honen eta ditugun erronken inguruko hausnarketa egiteko; eta horren baitan ipar bat finkatzera iritsi gara, trantsiziora bidean ilusionagarria eta baliagarria izango dena.
Bisio hori finkatzeko ariketa D2030en Gobernu Batzordearen baitan egin da. Hor ordezkatuta daude eskualdeko hainbat sektoretako eragile gakoak: alde publikotik, hiru udal handienak eta Mankomunitatea; eskualdeko bi enpresa talde kooperatibo handienak; unibertsitatea; Mondragon Korporazioa; Garaia Berrikuntza Gunea; eta beste hainbat eragile.
Erronka oso potolo eta konplexu horri nola erantzun behar zaio? Zein da gakoa?
Gakoa da ulertzea konplexutasun handi batez ari garela, hau ez dela erronka zehatz bat edukiko duena erantzun bakarra eta proiektu bakar batean irudikatu daitekeena, baizik eta beste begirada bat behar duen egoera bat dela.
Esan dugun bezala,garapen eta bizi eredu iraunkor baterako jauzia egiteko, gure bizitzetako arlo asko sakonetik aldatu beharko dira: energia eta industria eredua, mugikortasuna, elikadura sistemen dinamikak, arlo sozialaren desoreka egiturak… Horretarako, pertsonok eta komunitate gisa ditugun balio, gaitasun eta dinamikak berritzea ere beharrezkoa izango da.
Beste gako bat elkarlanaren ideia da. Klima aldaketaren dilema, esate baterako, ez dugu gaindituko garapen teknologikotik etorriko diren soluzioetatik bakarrik. Oso erronka konplexuak dira egungo jendarteak eskuartean ditugunak, multidimentsionalak. Sistema hori aldatzera bagoaz, ez dugu lortuko proiektu espezifikoen logikatik. Erronkei beren dimentsio anitzetatik eragiteko, arlo ezberdinetako eragileek, bakoitzak bere lan arloetan egin behar dituzte aldaketak, helburu partekatu batera bidean.
Norabide horretan, gainera, joan den uztailean ekimenak aurkeztu eta onartu egin zuen bere lehenengo ekintza, esku-hartze multzoa, portfolio izenekoa; logika desberdin bat.
Estrategia bat da, edukiko dituena hainbat arlotan ekintza edo esku-hartze proposamen edo proiektuak, baina elkarren arteko elkarreragin dinamikan jardungo dutenak; hori da portfolioaren logika. Izango litzateke konplexutasunei erantzuteko proposamen metodologiko bat.
Hala, joan den urteko uztailean, lehenengo hamalau prototipoak martxan jarri genituen; ez hainbeste inpaktu handiko interbentzio bati begira, baina bai elkarreraginean jardungo duen ekosistema baten dinamika hori zelan garatu daitekeen ikasteko logikatik. Hemendik aurrera, helburua da portfolio hori osatzen jarraitzea erronketan izango dugun inpaktua handiagotzeko.
Momentu honetan, gainera, hainbat lan-ildo dituzue. Batetik, energiarena aipatu dugu; lana eta inklusioa izango litzateke beste bat; eta lanaren etorkizuna. Erronka horietan ere murgilduta zaudete. Zergatik aukeratu dituzue horiek eta zein da helburua?
Gure lanaren barruan badihardugu erronka espezifikoen baitan interbentzio batzuk diseinatzen, inpaktu handiago baten bila.
Badakigu eskualde hau bizigarria izatea gura badugu etorkizunean ere, lana oinarri funtsezkoa izango dela. Industriaren trantsizio sustatzea ildo gakoa izango da eredu deskarbonizatu eta digitalizatu baten norabidean.
Energiaren trantsizioa egitea bestalde, klima aldaketa eragiten duten faktoreak kontrolatzeko ezinbesteko erronka izango da hurrengo urteetan.
Inklusioaren gaia ere lehentasunezkoa da. Gero eta konplexutasun handiagoa duten gizarteak ditugu, eta, nahiz eta orokorrean nahiko oparotasun izan gure eskualdean, badago jendea aukera berdintasun horren norabidean atzean geratzen ari dena. Gainera, hurrengo urteetan gertatuko diren aldaketa sakon horietan, arrakala hori handitzeko arriskuak ere ikusten ditugu. Eta garbi dagoena da inklusioranzko bidean lanaren arloa funtsezkoa dela.
Zer nabarmenduko zenuke azken bi urte hauetatik? Zer ikasi duzue?
Burura datorkidan lehenengo gauza da konturatzea eskualde honek daukan potentzial handia. Agian, gauza batzuk oso agerikoak dira: badauzkagu kooperatibak, badauzkagu unibertsitateak; badaukagu hau eta bestea… Baina hasten zara herriz herri eta arloz arlo begira, eta konturatzen zara oso eragile potenteak daudela, dinamika, proiektu eta esperientzia eta pertsona oso potenteak daudela.
Egia da, bestalde, potentzial hori nahiko sakabanatuta dagoela. Ekosistema bezala bakoitza ari da bere frontean lanean, elkarren arteko ezagutza nahiko txikia dago, eta hor badago aukera handia, sinergien bitartez, dagoen potentzial hori are eta gehiago handitzeko. Eta, horregatik, elkarlana eskualdean eta ekosistema hori artikulatzea ere izango dugu helburu.
Bukatzeko, esango nuke eskualde honetan beti egon dela grina hori, eraldaketarako eta erronken aurrean aktibatzeko. Gu geu ere energia edo begirada horretatik hasi ginen D2030 honi forma ematen, baina uste dut bidean aurrera goazen neurrian ikasi dugula aldaketa benetan behar dugula. Izan ere, askotan esaten da etorkizuneko erronkak direla, baina ez dira etorkizuneko erronkak. Erronkak dira gaur eta hemen.