Elikaduran ere, menpekotasunak murriztu

2022-04-29

Energiaren alorrean beste lurralde batzuekiko dugun menpekotasuna pil-pilean dagoen gaia da baina ez da bakarra, izan ere, elikadurara ere ekar daiteke kezka bera. “Garraioaren grebak erakutsi digu zein menpekoak garen beste lurralde batzuetatik ekarri behar ditugun elikagaiak kontsumitzera”, azaldu dute Bergarako Ereindajanetik.

Hain zuzen ere, elikadura burujabetzaren inguruan aritu dira astean Bergaran, Ehunduk eta Ereindajanek antolatuta Seminarixoan egin duten hitzaldian. Bertan, elikaduran ere menpekotasunak murriztearen garrantziaz aritu dira.

2002. urteko Elikagaien Munduko Gailurrean definitu zen elikadura burujabetza. “Elikadura burujabetza herriek, komunitateek eta herrialdeek beren nekazaritza, labore, arrantza, janari eta lurralde politika propioak definitzeko eskubidea, nork bere ezaugarrien arabera modu ekologikoki, sozialki, ekonomikoki eta kulturalki egokiak erabiliz”.

Gure errealitatea, baina, oso urrun dago definizio horrek ematen duenarekiko,  EAE mailan jaten dugunaren %5 baino ez baita bertan ekoiztutakoa. “Eskualdean ustiapenak galdu ditugu eta supermerkatuak irabazi, eta beraz, jaten dugunaren gaineko erabakimena galdu dugu”, dio Ereindajaneko Ainhoa Narbaizak.

Ingurunearekiko ezagutza

Burujabetza horretan urratsak egiten joateko garrantzitsua da inguruak eskaintzen duena ezagutzea, “Frutaren kasuan, adibidez, fruta kontsumoaren sustapena egiten da, baina gero, nahiago dugu platanoa, bertako sagarraren ordez”, dio Narbaizak. Gainera, ez da nahikoa 150 kilometro baino gertuagotik datorren janaria kontsumitzea. “Ekologikoa den edo ez, pentsua nondik datorren, nork ekoiztu duen, zein baldintzatan, zein tamainako etxaldea den… horrek guztiak du zer ikusia. Inguruan etxalde txiki eta dibertsifikatu gehiago egotea hobeto da”.

Elikaduraren gaiak eremu ugari elkarlotzeko aukera ere ematen du: ondarea, ingurumenaren ezagutza, osasuna, tokiko garapena eta enplegua, hezkuntza… eta etorkizunera begira aurrerapausoak egiten joateko moduetan sinisten du Narbaizak. “Eskualdean 2000 baserri inguru ditugu eta 100 bat dira nekazal jardueran dihardutenak. Hor urratsak eman daitezkeela uste dut”.

Praktika onak

Bide horretan praktika onak ere badira Debagoienean. Esaterako, elikadura eredu agroekologiko baterantz lanean ari diren ekoizle eta kontsumo taldeak daude batetik. Eskualdeko ekoizpenaz harago beste leku batzuetatik zuzenean elikagaiak jasotzeko egitasmoak ere badira.

Bergarako Elikadura Mahaia ere lau lan-eremutan ari da norabide horretan lanean: azoka, nekazal-erreleboa, sentsibilizazioak eta jangelak. Hain zuzen ere, D2030 ekimenarekin batera, eskualdeko jangelak tokiko produktuekin hornitzeko plataforma sortzen ari da Ereindajan. Bergarako San Martin eskolako jangelako proiektua dago aurreratuen eta horrek aukera asko zabalduko lizkioke gaiari.

Datorren astean, Italiara

Hain zuzen ere, eskola jantokien eraldaketa sustatzeko GurePlateraGureAukera plataformako kideak –tartean da Eraindajan– Italiara joango dira datorren astean, “hango esperientziak ezagutu eta gure gurera gako interesgarriak ekartzeko”. Debagoienetik, Ereindajaneko eta Biolurreko ordezkariak joango dira. Helburua da, Europako beste leku askotan moduan, ekoizle txikiek elikagaien erosketa publikoan parte-hartzen dute bertan, prozesu horiek nola bultzatu dituzten ikastea da helburuetako bat.