Antzokitik, birusari so

Iurgi Etxebarriaren iritzi artikulua

Kulturari buruz idazteko gogoa sartu eta idazteari ekin diot; halako baten, helarazi gura nizuena biderkatu egin da. Zentratu, Iurgi, zentratu eta esatekoa zehaztu; Wikipediara jo dut: kultura, oro har, gizarte edo gizatalde baten ezaugarri diren berezitasun espiritual, material, intelektual eta afektiboak dira. Arteaz gain, honen barnean dira bizimodua, oinarrizko eskubideak, balio sistemak, ohiturak eta sinesmenak.

Beraz, arteaz idatziko dut, eta, jakina, antzerkilaria naizen lez, nire ikuspuntua agertokitik azalduko dut. Artearen sorrerara bagoaz, euskararen sorrera bezala, antzina asmatu zen. Kobazuloetan elkarrekin komunikatu behar zutela eta, hasi ziren lehen hitzak botatzen, lehen zirriborroak marrazten eta lehen antzerkiak interpretatzen; eta bai, lehen musikak, dantzak, eraikuntzak eta sinbolo idatziak ere ez ziren urrun ibiliko. Xaman bakoitzak, oholtza gainean, barrutik zekarrena emango zuen. Puntuan pertsona bihurtu –behar– ziren animalia haiek irudimenaz topo egin zuten; irudimena izan zen animaliengandik desberdindu gintuen ezaugarri eragilea.

Historia errepikatzen da

Garai hartan, elkarrekin komunikatu eta progresoa gauzatzeko, artea ezinbestekoa izan zen. Orain, kanpotik irakurrita, progresoak artea eta baita Euskara ere jan egingo dituela dirudi. Mundu globalizatuak, sasierosotasunak eta handinahiak sentimenduak eragindako ezinbesteko beharrak irentsiko ditu; adi! Agertokiko begiradaz jasotakoaz mintzo naiz. Bestalde, ez da egoera horretan aurkitzen garen lehen aldia; esan bezala, artea antzinatik dator. Profesionalok sobera dakigu artea mundu gorabeheratsu bat dela, eta giro sistemiko hau, denboraren luzaroan ere, zirkulu bera da. Gizarteak aldaketak eman dituen aro desberdinetan, arteak bere kokapena galdu izan du eta, askotan, berrindartuta irten da. Adibideak: inprimatzea, argazki kamera, zinema eta, ziur aski, sua eta gurpilaren aro aldaketak. Guztiek sortzerakoan erosotasuna bilatu zuten, eta orotan, agertokiko begirada, hasiera baten, oso beltza izango zen.

Lehen kolpea, gogorra

Pandemia honek mundua geratu du, mundu barri honek atzean utziko dituen hainbat ohituraren dolua pasa beharko dugu. Artistontzat lehen kolpea gogorra izaten ari da, birkokatze zaila ikusten da eta, egia esan, zarata handia sortzen ari gara; inork ez genuen uste gure merkatuak hainbat familiaren ahoak betetzen zituenik; Euskal Herrian rock-and-rollak ez baitu dirurik emanen.

Lagunok, gure istorio hau luzea da, azken mende erdian gure merkatua sasitasunean murgiltzen joan da, produktuaren salmentak garrantzia hartu du eta, halabeharrez, sentimenduetatik irteten diren artelanek garrantzia galdu dute. Merkatuaren interes ekonomikoak hasi eta berehala amaitzen diren arte produktuak behar ditu; musikan, adibidez, azken musikari historikoak aurreko mendean geratu ziren, gaur egun oraindik entzuten dira haien doinuak; geroztik, talde eta artista – ahozabalaz esanda, barkatu norbait iraintzen badut– guztiak hasi eta amaitu egin dira, haien doinuek bi urte diraute gure belarrietan, eta, jakina, hori ez da gaur egun trebetasunik ez dagoelako.

Moldatzera ohituta

Pandemia honen ohitura aldaketek ez dakigu nora eramango gaituzten, baina artista askoren gogoa bete da, mundua geratu egin da, munduak ez du parada hau gure gustura egin, baina geratu egin da. Arnastu eta hausnartzeko sasoian gaude, galdera bat daukat artistontzako. Gure bizitza profesionala stop batekin aurkitu den lehenengo aldia da? (Atrebentziaz, hemen nire erantzuna) Ez, gu ohituta gaude, stop, eman bidea, semaforo eta txanpa aurkitzean presaka bizitzera. Jendartea ez, ordea, erosotasunean bizi da, eta, antza, erosotasuna da helburu bakarra. Gehiago oraindik, norberaren sasierosotasuna da, garrantzia duen helburu bakarra. Jendarteak datozen urteotan gure bizitzeko eraren beharra izango du; moldatzen dakiena da bizirik irauten duena.

1993ko krisialdian, konferentzia baten zera entzun nuen: egoera ekonomiko onak bizi direnean, antzerkia barrura sartzen dela; antzokietara, esan nahi zuten. Aldiz, diru eskasia dagoenean, antzerkia kalera irteten da; hau da, kale-antzerkia nagusitzen da. Antzerkilariok moldatzen jakin behar dugu, orain eta beti. Euskara sortu zenetik, sentimenduek gure barrenak sendatzen dituzten bitartean, arteak bizirik iraungo du, hemen, han, horrela edo bestela, baina argi izan: sekula ez da erosotasun iraunkor baten biziko, ez kalean txapel baten atzean jotzen duen musikaria, ezta Mick Jagger abeslaria ere.

Antzerkia egiten dugunok zubiak eraikitzen iaioak gara, beste artista guztiekin lan egin beharra daukagu; idazle, musikari, margolari, arkitekto eta dantzariekin harremanak zuzenekoak izaten dira eta elkarren arteko bat-egitea sentimenduetan oinarritzen da. Hau da, beste enpresa gehienetan, aukera bat edo bestea hautatzea arrazoi ekonomikotan oinarritzen da –batez ere–. Artean gabiltzanok erabakiak hartzeko gustuan, gogoan edo bilatzen ari garen emozioan oinarritzen gara; esandakoa, zubiak eraikitzen iaioak gara.

Aurki, Debagoiena 2030 ekimenaren barruan antzerkilariok elkartu eta eraldaketa soziala bultzatu nahi dugu, zubiak eraikitzeko daukagun trebezia konpartitzen eta herriaren sentipenak plazaratzen. Zinez diotsuet, alaitasunetik gertu bizi gara, eta, halako baten, zabalduko ditugun proposamenetara etortzeko ateak zabaltzen dizkizuegu.

Iurgi Etxebarria (Apropox sormen iturriko zuzendari eta maisua)

Iritzi artikulu hau Goiena Aldizkarian egindako kolaborazio bat da.