Digitalizazioaren erronkei heltzeko ordua

Enaitz Ezpeletaren iritzi artikulua

20 urte, egin 20 urte atzera eta pentsatu nolakoa zen zure bizitza orain dela bi hamarkada. Momentu hartan jaio gabeko pertsonentzat orduko errealitatearen adibide batzuk hauek dira: ordenagailuren bat zegoen etxeetan, ordenagailu bakarra zen bizikide guztientzat; etxeetan telefono finkoak bai, baina mugikorrik apenas eta zeudenak pisuzkoak, handiak eta soilik deiak egiteko aukera zutenak; Internet existitzen zela jakin bai, baina bertan ezer gutxi egiteko aukera… Norbanakoon bizitzan 20 urte asko direla iruditu arren, gizartearentzat denbora tarte hain txikian teknologikoki ikaragarrizko eraldaketa jasan dugula ukaezina da. Gogoan dauzkat ikasturte honen hasieran unibertsitateko nire ikasleei luzatu nizkien galderak sortutako erreakzioak: “Imajinatzen duzue konfinamendua nolakoa izango litzatekeen Interneteko konexio gabe?”. Pentsatzeak bakarrik hotzikara eman zien batzuei, hauek orain dela 20 urte jaio gabe zeuden.

Ezin da gure egungo errealitatea ulertu teknologia berrien presentziarik gabe: mugikorrak, online erosketak, kirola egiteko ordulariak, Interneteko denbora-pasak, sare sozialak… Zerrenda luzea da gure egunerokoan, baina baita administrazio publikoetako sistemetan, edota enpresa industrialetako produkzio lerroetakoetan. Baina digitalizazio prozesu honek aukerak eskaintzen dizkigun era berean, mehatxuak eta erronkak ere badakartza eta lerro hauetan horietako batzuk aztertzea gustatuko litzaidake.

Arrakalak

Beste hainbat gauzarekin batera, pandemiak azaleratu du teknologia berriak ez daudela pertsona guztien eskura, arrakala digitala errealitate bat da gaur egun, eta kasu hauetan beti gertatzen den moduan, konpondu ezean, arrakala hori gero eta zabalagoa izango da. Gogoratu beharra dago 2011. urtean Nazio Batuen Erakundeak Interneterako konexioa giza eskubide bezala onartu zuela, hezkuntzara, medikuntzara… sarbidea eskaintzen duelako, eta gobernuen ardura da edonork konexio bat izan dezan baldintzak bermatzea. Aldiz, INEko 2019ko datuek erakusten dute herritarren %9k ez daukala Interneteko konexiorik. Horrek esan nahi duena da milaka direla 2020. urte honetan hezkuntzako eskubiderik gabe geratu diren haurrak, ezin izan dutelako klaserik online jaso. Gobernuek egoera hauek ekiditeko pausoak ematea ezinbestekoa da. Puntu honetan, goraipatzeko itxialdi betean hainbat udalek – tartean Elgetakoa– Izarkom telekomunikazio kooperatibaren laguntzarekin martxan jarritako dinamikak, herri bakoitzeko haur guztiek Interneterako sarbidea eta lanerako gailu bat izan zezaten.

Honek hurrengo puntura garamatza: nola da posible giza eskubidea den Interneterako konexioa dirua helburu duten enpresa erraldoien esku egotea? Non geratzen da gure burujabetza teknologikoa? Etorkizunean azpiegiturak ez badaude esku publikoetan, etorkizun kaxkarra daukagu aurretik; zer esanik ez, 5G teknologiak zentzu honetan ekarriko duen atzerapausoarekin, erabateko pribatizazioa ekarriko du azpiegituretan eta. Argia aldizkarian aste honetan Dabid Martinezek zioen moduan: “Euskotren gure auzotik pasatzea behar dugu. Ez AHT”. Hau da, egin dezagun azpimarra norbanako orok konexio bat izan dezan eta ez dezagun gizartearen zati bat aurrez zegoena baino bazterreratuago utzi. Aldi berean, badugu ordua gure produktu teknologikoa sortzen joateko, beste herrialde batzuekiko menpekotasun teknologikoa izanez gero, arazoak dauden momentuan, martxoan musukoak egiteko izan genuen arazo bera izango dugu eta: ez gara gure produktu propioak egiteko gai izango.

Beste erronketako bat segurtasuna da. Argi dago gero eta gailu gehiago baditugu konektaturik, gero eta datu pertsonal gehiago sarean izan, edota gero eta eragiketa gehiago online egin, orduan eta aukera gehiago izango ditugula guk hanka sartu edo asmo txarrez dabilen batek gure segurtasuna urratzeko. Horren aurrean unibertsitate eta ikastetxeek formazioa ematea ezinbesteko tresna da, jendartea hezi eta teknologiaren erabilera zentzuzkoa egin dezan. Aldiz, enpresa zein erakunde publikoen kasuan, bezero, langile edo egiturak zaintzeko beharrezkoak izango dira beraien aktibo guztiak babestuko dituen segurtasun plan eguneratuak garatzea adituen laguntzaz, eta, erasoren bat jasanez gero, altxatzeko prest izatea momentu oro.

Datuen erabilera

Azkenik, gizartean kezka iturri den beste gai bat ere aipatu nahiko nuke: datuen erabilera. Gero eta datu gehiago sortzen dugu gailu digitalen bidez, eta lehen paperean edo fisikoki gordetzen ziren datu asko digitalki gordetzen ditugu. Informazio hori oso baliotsua izan daiteke, bai onerako eta baita txarrerako ere. Unibertsitateko gure ikerketa proiektuetan ikusi ahal izan dugu datuei esker posible dela gaixotasunak aurrez antzematea, gure sistemetan erasoak antzematea edo fabriketako produkzio lerroak hobetzea. Ikerlari guztion lana da datuak gure bizitzak hobetzeko erabiltzen direnean nola eta zehazki zertarako erabiltzen ditugun modu ulergarrian azaltzea. Baina txanponaren beste aldean, enpresa handiek gure hainbat daturekin egiten duten erabilera izango genuke. Kasu honetan, beharrezkoa izango da gobernuek datuen erabilera etiko eta zuzena bermatzeko tresnak martxan jartzea, eta herritarrok zentzuz jokatzea gure datuekin.

Teknologiak definizioz ez dira onak edo txarrak, ematen zaien erabilpenean dago gakoa, eta hor bakoitzak bere ardurei eutsi behar die: adituok, heziketa lana eginez, publiko orokorra informatuz eta formazioa emanaz; agintariek, neurri eta lege justuak definituz eta beharra dutenei baliabideak eskainiz; eta norbanako bakoitzak, zentzuzko erabilpen bat eginaz. Modu horretan soilik lortuko dugu teknologia berriek eskaintzen digutena gizarte osoaren bizi kalitatea hobetzeko izatea, eta ez gutxi batzuk aberasteko.

Enaitz Ezpeleta (Mondragon Unibertsitateko ikerlaria eta irakaslea)

Iritzi artikulu hau Goiena Aldizkarian egindako kolaborazio bat da.