Ekonomia zirkularra: ingurumen-eragina lautzeko, kontsumoa borobildu
Erreportaje honetan ekonomia zirkularra izan dugu hizpide, eta horretarako, bailarako hainbat eredu ezagutu ditugu. Gainera, Holandan bizi den Joseba Aguirre adituarekin ere egon gara eta baita Bergarako Aranzadi ikastetxeko ikasleekin ere. Zertan datza ekonomia zirkularra? Eta zergatik da hain garrantzitsua?
Gure gizartea –eta bereziki gure planeta– ataka estuan dago. Datuetara etorrita, nazioarteko zientzialarien taldeak azaldu du mundua %8,6 bakarrik dela zirkularra. Horrek esan nahi du urtean 100 bilioi tona baliabide baino gehiago kontsumitzen direla eta tona horien %8,6 soilik birziklatzen edo berrerabiltzen dela.
Gainera, horrekin batera, Lurrak sortu dezakeena baino gehiago kontsumitzen dugu; azken ikerketen arabera, gure baliabideen kontsumoa sostengatzeko 1,75 Lur planeta beharko genituzke, eta gertuago etorrita, 2,6 Euskal Autonomia Erkidego.
Gauzak horrela, kontzientzia hartzea eta norberak bere alea jartzea ezinbestekoa izango da.