Jone Espilla: “Erronka konplexua da energiarena, jendartea guztiz zeharkatzen duena”

Jone Espilla. Debagoiena 2030eko Prozesu zuzendaria.

Eskualde adimentsu, inklusibo eta klimatikoki neutro bateranzko bidean, trantsizio energetikoarena erronka nagusienetakoa da. Horregatik, D2030aren Gobernu Batzordeak lehentasunez lantzeko erabakia hartu zuen 2020an. Hori horrela izanda, 2020ko urrian erronka horri erantzuteko prozesua abiatu zen.

Denok dakigun moduan, erronka konplexua da energiarena, jendartea alde batetik bestera zeharkatzen duena. Energiaren erronka ekonomiaren, mugikortasunaren, elikaduraren, etxebizitzaren eta beste hainbat arloren oinarrietako bat da, eta, horregatik, ezinbestean begirada sistemikoa behar dugu oinarri inpaktuzko erantzuna diseinatu nahi badugu. Baina begirada sistemikoa diogunean, zertaz gabiltza? Hain zuzen ere, egungo erronka konplexuak sistemen logikan ulertzea behar dugu, sistema elementu anitzez osatuta dago eta osotasun dinamiko horretan elementu edo faktore bakoitzak besteekiko eragina izango du momentu oro. Begirada sistemikoa erronka elementu isolatu baten moduan ulertu beharrean, konektaturik dauden elementu anitzen sistema moduan ulertzean datza. Energiaren erronkaren kasuan, zehazki, ekonomiaren, teknologiaren, legediaren, sineskeraren eta beste hainbat elementu edo faktoreren eragina izango dugu, hain zuzen ere.

Horren harira, egin dugun lehen urratsa erronkaren sakoneko ulermena sortzea izan da, konplexutasunetik eta kolektiboki. Ondoren, inpaktu handiko erantzuna emateko, eragile anitzen inplikaziotik eta mota askotariko ekintzen bidez, erronkaren erpin ezberdinetan eragiteko helburua izango duen esku-hartze proposamena aktibatzea izango da bidea. Orain azaldu berri dugun sistema horretako elementuetan eragitea beharrezkoa izango dugu inpaktuzko eragina lortzeko.

D2030etik martxan jarri dugun trantsizio energetikoaren erronkaren prozesua orain azalduko ditugun hiru fase jarraituk osatzen dute, non helmuga batera heltzeko gaur egungo egoeraren ulermena eta bidea diseinatzea helburu duten, ondoren, diseinatutako hori desberdinen artean gauzatzeko.

Lehenengo urratsa esplorazioarena izan da, 2020ko urritik abendura bitarte, eta helburua eskualdeko egungo ekosistemaren errealitatea ezagutza zen, aukera eta mugak identifikatuz. Horretarako, bizipen askotariko 22 eragile elkarrizketatu ziren, 24 ikerketa zein txosten landu eta zazpi legedi eta bi plan aztertu, besteak beste.

Esplorazio fasearen ondorengo urratsa analisiarena izan da, 2021eko urtarriletik martxora bitarte, esplorazioan jasotako eduki gakoen sakoneko lanketa eginda. Analisi fase horren muina modu kolektiboan edukiak lantzea izan zen, azpierronka zehatzen pertinentzia erabakitzeko, eta, horretarako, martxoaren 3rako saio irekia antolatu genuen; hala, eragileen zein herritarren artean 50 pertsonaren partaidetza lortu genuen –beharrezkoa, aurretiaz aipatu dugun inpaktuzko erantzuna lortzeko–.

Eta, azkenik, esku-hartzea izango genuke, hurrengo hilabeteetan uztailera bitarte gauzatuko dena. Analisi fasetik ateratako azpierronkei erantzuteko esku-hartze plana definitzea, behin azpierronkak definituta izanik, eragile anitzen artean horietariko bakoitzaren lanketa egin, plangintza bateratua adostu eta erronkari erpin ezberdinetatik eragiteko bideari ekin!