“Eraldatzeko, ezinbestekoa da egoera ezagutzea”
Onintza Legorburu – EMUN
Zerbait eraldatzeko edo transformazio bat gertatzeko, garrantzitsua da abiapuntuko egoera ezagutzea. Hau da, ezinbestekoa da aldatu nahi den hori, egun, zer egoeratan dagoen jakitea eta aztertzea.
Egoeraren azterketa hainbat modutan egin liteke. Norbanako batek egin lezake bakarkako irakurketa bat. Gure kasuan, ordea, D2030ek DNAn daraman lankidetza oinarritzat hartuta, taldean egin dugu lan. Zehazki esateko, hainbat bidelagunekin: EMUN Kooperatiba, Txatxilipurdi Elkartea, ALC eta Lanki.
Esplorazioa bide
Egoeraren azterketa hori egiteko, hainbat teknika erabili litezke. Debagoieneko jendartean dauden kezka eta beharrak ezagutzea helburu izaki, entzute edota esplorazio orokor baten bidez ekin genion prozesu horri, 2019an.
Jendearen kezka eta beharrak ezagutzeko asmoz, logikoena jende ezberdinarekin egotea zela pentsatu genuen; gugandik gertu egon litezkeenekin, baina baita gure bizimodu edota bizi eredutik urrun egon litezkeenekin ere. Horretarako, bakarkako 148 elkarrizketa, hamar talde eztabaida eta bost kontraste saio egin genituen.
Elkarrizketatu genituen irakasleak, langabeak, ikasleak, arotzak, industriako langileak, etxekoandreak eta erretiratuak. Bizi esperientzia ezberdinak ezagutu ahal izan genituen, baita bizi esperientzia horiek dakartzaten kezka, erronka eta beharrak ere.
Hala eta guztiz ere, azpimarratu liteke enpleguak eta gizarte berdinago baten nahiak batzen gaituela: enpleguarenganako kezka, hau da, enpleguak azken hamarkadetan bizi izan dituen aldaketak dira kezka nagusi gure ibarrean. Bestalde, eta eskualdeak izan dituen aldaketa soziodemografikoak medio, kultur aniztasunaren gaia ere erronkatzat dute debagoiendarrek.
Lehentasunetan aldaketa
Halaber, 2019a ezkero Debagoieneko egoera COVID-19a dela-eta nahikotxo aldatu zela iritzita, 2020an beste esplorazio bat egin genuen. Kasu hartan, pandemia egoera ardatz hartuta, debagoiendarren kezkak edota beharrak zertan aldatu ziren ezagutzea izan zen helburua. Horretarako, aurretik erabilitako entzute teknikez gain, beste berri batzuk probatu genituen, hala nola kaleko 53 elkarrizketa motz; behaketak; prentsako hainbat berriren analisia; galdetegi bat; gazteekin berariazko entzutea eta bakarkako hamabi elkarrizketa.
Debagoiendarren kezkagaietan gerta zitezkeen aldaketak hautematea zen 2020ko entzutearen helburua; hala ere, ez genuen aldaketa nabarmenik antzeman. Bat nabarmentzearren, osasunak aurretik ez zeukan presentzia hartu zuela. Baina, oro har, aurretik zeuden kezken handitze bat jaso genuela esan liteke. Hau da, enpleguaren gaiak eta ezberdintasun sozialen handitzeak jendartean kezka nabarmena eragiten jarraitzen zutela ondorioztatu genuen.
Hasieran aipatu dugun moduan, egoeraren ezagutza ezinbesteko bilakatzen da eraldaketa gerta dadin. Entzute horren bidez, eraldaketa horretarako ale izan litezkeen prototipo edota proiektu ideia batzuk ere identifikatu genituen.
Jakitun izan behar dugu ezer eraldatzeko ezagutu beharra daukagula lehenengo, eta ezagutza hutsean ezin garela gelditu.
Elkarrizketa saioetako bat.