D2030 ekimena, Garaia Parke Teknologikoan burutu den Plataforma Kooperatiben jardunaldiko laguntzaile

2021-07-01

Kooperatiba Plataformen eredua izan da protagonista gaur Garaia Parke Teknologikoan burututako jardunaldietan. Plataforma digitalen sektorea alor prekarioa eta ez iraunkorra dela ikusirik, modelo horren aurrean alternatiba justua bultzatu gura da Plataforma Kooperatiben bitartez. Hain zuzen ere, jabetza partekatuko eta izaera demokratikoko eredua bultzatzen du Plataforma Kooperatiben esperientziak. Gaur, mundu mailako mugimendu horren gainean hausnarketa egiteko aukera izan dute eta eredu horretan Euskal Herrian garatzen ari diren esperientzia desberdinak ezagutzeko aukera ere izan da.
Debagoiena 2030 ekimenak iaztik dihardu Plataforma Kooperatiben gaia lantzen eta eredu horrek lanaren etorkizunarekin eta inklusioarekin lotuta eman ditzakeen aukerak identifikatzen. Hala, gaurko jardunaldiko laguntzaile izan da.
Saiolanek, Mondragon Unibertsitateak, Mondragon Team Academyk, Tazebaezek, eta Talaios Koop-ek antolatu dituzte jardunaldiak eta Cepes-ek eta Debagoiena 2030ek lagunduta burutu da saioa.