Nagore Ipiña: “Edozein eraldaketa prozesuren gako garrantzitsuenetako bat da hezkuntza”

2021-07-12

2020ko urria ezkero, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa da Nagore Ipiña. Arrasatearra, gainera, D2030ek bere misioan txertatu duen gai baten aditua da: digitalizazioan.

Hezkuntzak gizartearen eraikuntzan eta eraldaketa gaitasunean duen indarra kontuan hartuta, ezinbestean behar zuen Mondragon Unibertsitateak D2030en. Hango dekano Nagore Ipiñarekin aritu gara, hezkuntzak eraldaketan duen rollaz.

D2030ek eskualdeko garapen iraunkorra du helburu. Zein ekarpen egin dezake zuen unibertsitateak ipar horretara bidean?

Mondragon Unibertsitatea ezinbesteko aktorea da eskualdeko garapen iraunkorrean. Hasteko, sustraiak bertan dituelako – eskualdeko lau herritan ditugu campusak– eta, gainera, gure balioetan jasota dagoelako eskualdearen garapena sustatzea. Horregatik, eta Debagoienaren eraldaketa adimentsu, inklusibo eta klimatikoki neutroa lortzeko bidean, unibertsitateak alderdi ezberdinetan egin dezake ekarpena. Unibertsitateak, adibidez, XXI. mendeko erronka konplexuei erantzuna bilatzeko egiten dituen lanen bidez, ikerketen bidez edo sortzen dituen testuinguruen bidez, aurrerapausoak emateko gakoak izan daitezkeen pistak eman ditzake.

Zein uste duzu dela hezkuntza komunitate baten egitekoa gizarte baten garapenean?

Hezkuntza da, edo izan beharko luke, behintzat, edozein eraldaketa prozesuren gako garrantzitsuenetako bat. Hezkuntza komunitateak aukera ematen digu gure munduaren ikuskera zabaltzeko eta, ulermenetik eta hausnarketatik abiatuta, eskualdea, ingurua, jendartea eta mundua ulertzen eta garatzen. Testuinguru horretan, erronka konplexuen inguruko proposamenak eraiki daitezke. Izan ere, hori da hezkuntza komunitatearen egitekoa: proposamen edo erantzun berriak sortzea.

Gazteekin lan egiten duzula, hezkuntza komunitate konprometitu baten zaudela esango zenuke?

Gizartean bezala, gazteen artean ere denetik dago; batzuk oso konprometituak eta beste batzuk ez hainbeste. Badago, ordea, esango nuke nik, inplikaziorako eta parte izateko nahi bat. Eta hori izan daiteke giltza, konpromisoa sustatzeko. Esan beharra dago, hezkuntza komunitatea orokorrean hartuta, oso komunitate konprometitua eta inplikatua dela. Gazteek eta hezkuntza komunitateak berezko dute konpromisoa eta eraldatzeko nahia.

Nola baloratzen duzu, besteak beste, elkarlana artikulatu gura duen ekimen bat jaio izana eskualdean?

Elkarlana beti da positiboa, eta horretan, gainera, eskarmentu handia dugu gure eskualdean –kooperatibak, euskararen aldeko normalizazio ekimenak, herri komunikabideak, Mankomunitatearen proiektuak…–. Alde horretatik, oso begi onez ikusten dut elkarlana sustatzeko egiten ari den ahalegina. Jakina, era horretako proiektuen artikulazioa ez da erraza izaten, baina, duda barik, poztekoa da D2030 moduko ekimen batek hain jatorri desberdinetako pertsonak batzea.

Gure eskualdeak etorkizuneko erronkei aurre egiteko zoru ona duela eraikita esango zenuke?

Gorago aipatu dudan moduan, sinetsita nago gure eskualdeak, historikoki, ekarpen handia egin duela gizartean; momentuan momentuko erronkei erantzunda eta, kasu askotan, gainera, aurre eginda. Aurrerago aipatutakoez gain, birkualifikazio eta hezkuntza berrikuntza dira bi adibide inportante. Batetik, birkualifikazioa kalitatezko enplegagarritasunaren iturri delako eta, bestetik, hezkuntza berrikuntzak aukera ematen digulako, besteak beste, esperimentaziorako eta sorkuntzarako. Abiapuntu horretatik, eta garapena ikusita, zorua ona izateaz gain, sakona eta esanguratsua dela esango nuke.

Digitalizazioan aditua zaitugu… Zer-nolakoa behar luke etorkizunak arlo horretan, denondako onuragarri izan dadin? Eskubidea da, bai, baina erreala da?

Digitalizazio osasuntsu eta jasangarri behar dugu, digitalizazio eredu bat oinarrituko dena begirada teknopedagogikoan eta ez erabilera instrumentalean. Horrek dakar, besteak beste, digitalizazioa inklusiboa izatea. Hau da, sortu daitezkeen arrakalak ekiditeko estrategiak aktibatzea: zaintza digitala egitea –gurekiko eta besteekiko–, komunitate eta sare esanguratsuak eraikitzeko erabiltzea, ahalduntze digitala lortzea edo growth-mindset edo hazkunde mentalitatearen kultura sustatzea.

Zer erakutsi digu pandemiak digitalizazioaz?

Digitalizazioak ireki zuen potentzialtasun handiko agertokia eta hamaika aukera eskaini zizkion hezkuntza komunitateari. Argi geratu da konpetentzia teknopedagogikoen garrantzia. Izan ere, pedagogiak ematen die zentzua testuinguru digitalei. Teknologiek ez dituzte soilik rol didaktikoa edo instrumentalak: hezkuntza-proiektuaren oinarrian dago digitalizazioaren rola. Pandemiak erakutsi digu digitalizazioaren bidez egingarria dela hezkuntza eraldaketarako hain beharrezkoa den erantzun sistemikoa.

Elkarrizketa hau Goiena.eus-en argitaratu da.