Maite Anton: “Lankidetzan arituta, eskualdearendako etorkizun hobea eraikiko dugu”
2021-07-27
Debagoiena 2030 ekimeneko Gobernu Batzordeko kide da Debagoieneko Mankomunitatea. Erakunde biak eskualdearen garapenean ari dira elkarlanean.
Debagoieneko Mankomunitateko presidente da Maite Anton 2019ko iraila ezkero. Erronkei erantzuteko, eskualdeko sinergiak ezinbestekoak dira, oñatiarraren ustez.
Debagoieneko Mankomunitateak bailarako zortzi herri ordezkatzen ditu. Zein da bere egitekoa bailara kohesioari lotuta?
Debagoieneko Mankomunitatea bailarako zortzi herriri zerbitzu ezberdinak eskaintzen dizkien erakunde publikoa da. Eskualdeko zortzi udalek ordezkatzen dutena, hain zuzen ere. Bailarako herriak lotzen dituen entitate publikoa. Gaur-gaurkoz, zerbitzu hauek zabor bilketa eta kudeaketa, eskualdeko Garapen Agentzia, turismoa eta kirola dira. Gainera, irailetik aurrera gizarte zerbitzuen mapa berraztertzen hasiko gara. Azterketa honek bailarako zerbitzu batzuk herrietatik Mankomunitatera bideratzea ekarriko du. Debagoieneko Mankomunitatea erakunde bizia da eta bailarako herrien beharretara egokitzen da. Zerbitzuen ezaugarriak aldakorrak dira.
Zein garrantzi du eskualde mailako lanketak garatzeak?
Eskualde mailan sinergiak sortzea ezinbestekoa da. Askotan, guztiak batuta lortzen baitira emaitzarik onenak. Bailara berean egonda eta kezka zein erronka berberak edukita, norabide berean lan egitea ezinbestekoa da.
Zein ekimen jarri ditu martxan azken urteetan eskualde ikuspegi horrekin lotuta?
Aipatu bezala, gizarte zerbitzuen mapa garatzen gabiltza, aurrez zegoen lanketa batetik abiatuta. Hain zuzen ere, helburua da gizarte zerbitzuen alorrean herrietan dauden erronkei era kohesionatuan eta lankidetzatik erantzutea.
Garapen agentzia, ingurumena… Hainbat dira ematen dituen zerbitzuak. Zein bilakaera izan du erakundeak azken urteetan?
Aurretik aipatu bezala, Mankomunitatea erakunde bizia da eta herrien zerbitzuak era mankomunatuan garatzeko sortua da. Garaian garaiko udaletako beharrei erantzuteko, hain zuzen ere. Gaur egun zabor bilketa eta Garapen Agentzia ditugu, baina badira urteetan zerbitzu batzuk herrien eskumen izatera pasa direnak – hirigintza edota euskara– eta beste batzuk Mankomunitateko zerbitzu izatera igaro direnak – turismoa eta aipatutako gizarte zerbitzuen hainbat alor–. Irailean bertan gizarte zerbitzuen mapa lantzen hasteko batzorde berri bat eratuko da, eta batzorde honetan eskualdeko hutsuneak identifikatu eta zerbitzuak aztergai izango dira. Edozelan ere, esan dudan moduan, erakundea udalen zerbitzuetara zabalik dago eta edozein gai jorratu daiteke era amankomunean.
D2030ek eta Debagoieneko Mankomunitateak bat egiten dute eskualde eskalaren ulermenean. Zer gehiagotan?
D2030ek eta Debagoieneko Mankomunitateak, biek dute eskualde ikuspuntua. Horretaz gain, bat egiten dugu beste ardura eta ideia batzuetan ere. Esate baterako, klima aldaketan eta honek dakarren ingurumenarekiko errespetuan, lankidetzan eta sinergiak sortzeko gogoan… Eragile ezberdinekin lan egitea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, lankidetzak sustatuz eta bultzatuz. Guztiok ditugu gizartearekiko kezka eta erronka amankomunak. Eskualde inklusibo, adimentsu eta klimatikoki neutroa izatearen alde lan egin nahi dugu.
Zergatik Debagoieneko Mankomunitatea D2030en?
Mankomunitatea ezinbestean D2030en parte izan beharko litzatekeela uste dugu. Benetan sinesten dugu bertan lantzen diren proiektu eta lan-ildoetan, eta lankidetzan lan egin beharko genukeela uste dugu. Eskualdeko herriak batzen dituen entitate publikoa izanik, rol garrantzitsua duela edo izan beharko duela argi daukagu.
Zein modutan elkar elikatu dezakete bi erakundeek?
Erakunde guztiok elkarrengandik ikasi eta elikatu gaitezke. Egindako lana eta informazioa elkarbanatu, partekatu eta lan oso eta mardulagoa osatuz gizartean gerta daitezkeen eta gertatzen diren erronkei era egokiagoan aurre egin ahal izateko. D2030 osatzen dugun eragile guztiok lankidetzan lan eginda, eskualdearentzat etorkizun hobeagoa eraikiko dugu. Norabidea berean lan egitearen garrantzia lehen ere aipatu dugu, eta guk benetan sinesten dugu lankidetza bateratuan, inolako bazterketarik gabe. Denok norabide berean lan eginda bakarrik lortu genitzake helburuak. Beharrezkoa eta nahitaezkoa da, beraz, lankidetza publiko/pribatua, gizartea ere horrelako anitza baita.
Zein da Mankomunitateak duen esperientzia elkarlanaren alorrean?
Urteetan zehar lan egin izan da Debagoieneko Mankomunitatean elkarlanean; hau da, kooperatibekin, zein enpresa pribatuekin, izaera ezberdineko ikastetxeekin, elkarteekin… Esan bezala, gizartea anitza baita, eskualdea anitza den bezala.