Markel Olano: “Energia berriztagarrien sorreran jauzi bat eman beharrean gaude lurralde eta herri gisa”

2021-09-23

Lankidetzan dihardute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debagoiena 2030 ekimenak, gurea lurralde inklusibo, adimentsu eta klimatikoki neutroa bilakatzeko ahaleginean. Erronkei aurre hartzeko bide horretan lankidetzak izango duen garrantzia argi du Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok. Hala, balioa eman dio D2030 Debagoienean egiten dabilen lanari.

2021. urteko irailean, Green Deal trantsizio energetikoa eta klima aldaketa erdigunean, zein puntutan dago Gipuzkoa?

Klima aldaketaren erronka atzeraezina da, erabat presazkoa. Hori horrela, lurralde gisa dagoeneko azken urteotan pausoak ematen ari bagara ere, ahalegin hori indartzeko tenorean gaude. Globala den arazo baten aurrean, tokiko erantzunak behar ditugu. Euskal Herriak eta Gipuzkoak gure ekarpena egin behar dugu, guztion artean klima aldaketa geldiarazi eta bere ondorioak mugatzeko. Azken urteotan arazoaz jabetu eta hainbat neurri martxan jarri dira. Asko dugu egiteko oraindik, hala ere.

Europako ekonomiaren ekoizpen eta kontsumo moduak jasangarriago bilakatzea da Green Deal-aren helburua. Zein puntura arte dago Gipuzkoako ehun industrial, sozial eta ekonomikoa norabide horretan lanean?

Pixkanaka-pixkanaka, erakunde, enpresa eta gizarte ehuna ari da norabide horretan aldaketak sustatzen. Lurralde industriala garenez, gurean garrantzia berezia du enpresen alorretik trantsizio ekologikoan aurrerapausoak ematea, ekonomia deskarbonizatu baterantz. Horrek eskatzen du industria-sektoreak bere energia eskaria murriztea eta baliabideak gehiago aprobetxatzea ekonomia zirkularraren esparruan. Baina, aldi berean, energia berriztagarrien sorreran jauzi bat eman beharrean gaude lurralde eta herri gisa.

Europak ipini dituen helburuak lortzera iritsiko gara? Zein aukera ditugu trantsizio hori arrakastaz egin ahal izateko?

Aukera asko ditugu, bi arrazoiengatik, nire iritziz. Lehenik, lurraldean kontzientzia zabala dugu gai honen inguruan eta, oztopoak oztopo, badugu lankidetzarako sena. Horren lekuko, dagoeneko abian daude hainbat egitasmo elkarlan horren bitartez proiektu eraldatzaileak martxan jartzeko. Debagoiena 2030 da adibide nagusienetako bat. Bigarrenik, ahalmen industrialari lotuta, badugu berrikuntzarako gaitasuna eta jakintza. Bi puntu horiei gizarte osoaren bultzada gehitzen badiogu, baditugu osagaiak trantsizio ekologikoan abiada hartzeko.

Automozioa da eraldaketa itzela bizitzen ari den sektore bat. Gipuzkoan eta Debagoienean automozioak duen pisua kontuan izanda, zer ekarriko du horrek?

Enpresa traktoreak baditugu, baina automozioari lotutako enpresa asko txikiak edo ertainak dira, besteen produktuetarako elementu osagarriak fabrikatzen dituztenak. Bereziki horiei laguntzeko jarri dugu martxan MUBIL, Gipuzkoako Mugikortasun Berriko zentroa. Auto elektrikoek eta mugikortasun berriak dakartzan aldaketei aurre egiteko garaian, eraldatze horretara egokitu eta aukerak probestea du helburu. Ez bakarrik iraultza horretatik kanpo ez geratzeko; mugikortasun berriak dakartzan aukerak probestu eta Gipuzkoaren ahalmen industriala areagotu nahi dugu automozioaren eta mugikortasunaren alorretan. Egungo enplegu industrialei eutsi eta berriak sortzeko behar-beharrezko ahalegina da.

D2030 ekimenak trantsizio horretan Debagoieneko bultzatzaile izan gura du. Zergatik Gipuzkoako Foru Aldundia ekimeneko kide?

Arazo konplexuei elkarlanean erantzuten ez badiegu, jai daukagu. D2030ek ideia hori praktikara eraman eta eskualdeko eragile nagusien arteko dinamika sustatzen du, hain zuzen ere ekonomia eta gizarte iraunkorrerako ahaleginean indarrak batu eta egitasmo konkretuak mugiaraziz. Gogoeta horrek bete-betean bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiaren ikuspegiarekin eta Etorkizuna Eraikiz programaren helburuekin: etorkizuneko desafioen aurrean, elkarlanerako eta esperimentaziorako dinamikak sortu eta denon artean soluzioak martxan jartzea.

Nola baloratzen duzu D2030en egitekoa?

Bere ibilbidea egiten ari da eta ziur nago, berandu baino lehen, lan horren fruituak ikusten hasiko garela. Eraldatze prozesuek behar dute denbora bat. Debagoiena aitzindari izan da ekonomia eta gizarte gaietan. Iruditzen zait Gipuzkoa osorako eredu izango dela kasu honetan ere, D2030ren eskutik.

Zein aukera dugu lurralde bezala lankidetza eredua arrakastatsu egiteko?

2016an jarri genuen martxan Etorkizuna Eraikiz egitasmoa, hain justu ere Gipuzkoan ikusten genuelako behar hori. Erakunde batek, egungo desafioen konplexutasunaren aurrean –gizartearen zahartzea, digitalizazioa, euskararen geroa, desberdintasunen aurkako ahalegina–, gutxi egin dezake bere kasa. Gizarte eta ekonomiako elkarte eta eragileekin landu behar ditu neurriak, herritarren beharrei entzunez eta irtenbide partekatuak bilatuz. Gizartea eta eragileak beraiek erabakietan inplikatuz. Lankidetza eredu hori jorratzen ari gara azken bost urte hauetan eta, nire ustez, ez du atzera bueltarik. Pandemiak ere horixe bera erakutsi digu: erabaki partekatuak hartzeko guneak eta mekanismoak behar ditugu, arazo konplexuen aurrean neurri eraginkorrak hartzeko.

Gizarte konprometitua da Gipuzkoakoa? Trantsizio honek norbanakooi exijituko dizkigun aldaketak egiteko gaitasuna baduela uste duzu?

Gipuzkoak oso gizarte aktiboa du eta ingurumenarekin dugun kontzientzia ere asko zabaldu da azken urte hauetan, zorionez. Indar sozial horri bidea eman behar diogu, eraldatze hori gauzatu ahal izateko. Gainera, trantsizio ekologikoa ezin da desafio bakar eta bakan bat balitz bezala landu. Lehiakortasuna eta digitalizazioa, eta gizarte kohesioari eustea dira Gipuzkoak dituen desafio nagusietako bi. Hirugarrena litzateke aldaketa klimatikoari aurre egitea. Lurralde aurreratua izan nahi badugu, gizarte desberdintasunei mugak jarriko dizkiena, hiru helburu horiek lortu behar ditugu ezinbestean. Hiruak loturik daude eta hiruetan behar dugu arrakasta.

Zein lanketa dituzue prest Gipuzkoako Foru Aldundian trantsizio honekin lotuta ikasturte honetara begira?

Hiru aipatuko nituzke, laburrean. Batetik, aldaketa klimatikoaren aurkako jarduna sustatzeko Naturklima zentroaren egoitza berria eraikitzen ari gara. Naturklimak bere misioa indartzen jarraituko du, trantsizio energetikoaren eta ekonomia zirkularraren alorretan. Bestetik, MUBIL Mugikortasun Berriaren zentroak hainbat ekimen berri martxan jarriko ditu, mugikortasun jasangarriari lotutako industria ehuna garatzen jarraitzeko. Azkenik, aipatu nahiko nuke lurraldearen testuinguruak Europan arreta piztu duela eta, Climate KICen eskutik Gipuzkoa Deep Demonstration proiektua gauzatzen jarraituko dugula; proiektu horren eskutik, lurraldean trantsizio ekologikoa gauzatzeko proiektu aitzindariak bultzatuko ditugu.

Elkarrizketa hau Goiena.eus-en argitaratu da.