Oier Etxebarria: “Herritarrei boterea emateko modua dira Energia Berriztagarrien Komunitateak”

2021-11-22

Debagoiena 2030eko sareko kideetako bat da Goiener, energia berriztagarrien sorkuntzan eta komertzializazioan lanean diharduen kooperatiba. Oier Etxebarria da bertako kide.

Trantsizio energetikoaren gaia lantzen dihardu D2030ek eta Goienerrek urteetako esperientzia du energia berriztagarrien sorkuntzan eta komertzializazioan.

Nola ari zarete bizi izaten energiaren gaiarekin gertatzen ari den guztia Goienerren?

Eragin handia izan du gurean. Goienerrek merkatuan erosi beharra du eta gero saldu; %21eko BEZarekin erosi eta %10eko BEZarekin saldu beharra. Eta horrek esan gura du kutxan diru asko izatea. Urte askoan diru nahikoa izan dugu, baina prezioen igoerak eskatu du kutxa handitu beharra. Beste neurri batzuen artean, gure bazkideei borondatezko ekarpena eskatu diegu, eta oso erantzun ona ari gara izaten.

Hainbat arazoren ondorioa da egoera, ezta?

Ez dakit probokatutako zer edo zer den edo benetan gasaren eta CO2 isurien prezioen igoerak justifikatzen duen dena. Guk uste dugu hor oinarrian badagoela norgehiagoka bat enpresa handien eta Gobernuaren artean, eta argi dagoena da, azkenean, merkaturatzaile txikioi benetan eragiten digula; bereziki, argindarra produzitzen ez dugun Goiener modukooi.

Gainera, Debagoienean, bereziki dugu menpekotasun energetikoa.

Euskal Herrian orokorrean erabiltzen dugun energiaren %93 kanpotik dator. Gehienbat, erregai fosilekin sortua da, baina erabiltzen dugun elektrizitatearen zati handi bat kanpotik dator. Menpekotasuna handia da.

Bereziki da larria gasarekin gertatzen dabilena.

Geroz eta gas gehiago kontsumitzen da, Asiatik ere eskaera handia dago eta Errusiak, produktore moduan, Europarekin hartu-eman handia du. Ukrainatik igarotzen den gas-hodiaz gain, beste gasbide bat ireki berri dute, eta bigarren hori oraindik ez dago martxan. Ukrainatik pasatzen den horretatik Errusiak ez du gasik bidaltzerik nahi, eta ez hori bakarrik; izan ere, Aljeriak, beste gas produktore handi batek, Marokotik Espainiara doan gasbidea moztu du Aljeriaren eta Marokoren arteko liskarrak tarteko. Horrez gain, itsasontzietan datorren gasarekiko menpekotasun handia dago, prezioa gora eta gora doa eta Asiatik eskatu eta eskatu ari dira. Hori horrela, oso erreserba gutxi dago Espainian. Negu honetan zelan ibiliko garen ez dakigu. Egoera oso berezian gaude; esaten da udaberrian konponduko ote den…

Hori guztia, Glasgowko goi-bileraren testuinguruan, non ikatzaren erabilera bukatzeko konpromisoa hartu duten.

Baina handienek, Txinak, AEBk, Indiak eta Australiak, ezetz esan dute. Ikatza erabiltzeari uzteak gasaren eskaera handituko du. Gasa ikatza baino kutsatzaile txikiagoa da, baina ez da soluzioa. Azkenean, argi dagoena da gutxiago kontsumitu beharko dugula eta gure menpekotasunak txikitu, gasaren menpe bizi baikara.

Kontsumo ereduan aldaketa eginda posible izango da egoera iraultzea?

Orain kontsumitzen dugunaren erdia edo herena kontsumitzera iristea posible dela uste dut, bizi-kalitatea galdu barik. Espektatibak jaitsi behar dira kontsumo ereduan; mugikortasuna aldatuta, etxeak ondo birgaituta eta isolatuta eta gure kontsumo ohituretan aldaketa batzuk eginda. Erdia edo herena berriztagarriekin sortzea eta ahalik eta gertuen, esango nuke bai izango litzatekeela posible.

Honi guztiari konponbidea emateko, nondik hasi?

Guk uste dugu herriz herri energia komunitateak sortzen joatea dela bidea, eta komunitate horien baitan energia berriztagarrien, kontsumo murrizketaren eta efizientziaren inguruko proiektuak egiten joatea.

Zer eskaini dezakete energia komunitateek?

Herritarrei boterea emateko modua dira energia komunitateak. Europako zuzentarauak esaten du entitate juridiko bat sortu behar dela horretarako. Guk kooperatiba bat sortzea proposatzen dugu, eta kooperatiba horrek norbanakoak, udalak, mankomunitatea, merkatariak, enpresa txiki eta ertainak izango lituzke bere baitan. Elkarrekin kooperatiba bat sortuta elkarrekin gure behar eta arazoei aurre egiteko moduak bilatzean datza. Herriz herri, herritarrei boterea emateko modua da komunitateak sortzea, erabakitzeko ahalmena herritarrek izanik.

Ekiola proiektua jarriko da martxan Leintz bailaran. Zer deritzozu?

Uste dut horrelako gauzak egin beharko direla, baina horren aurretik energia komunitateak sortuko nituzke. Kontsumo murrizketan egin behar da lan handiagoa, behar dugun elektrizitate guztia plaka batzuekin sortzen hasi baino.

Zein funtzio ikusten diozu D2030i?

Dauden proiektuak identifikatzen laguntzeko eta bidelagun egiteko rola duela eta hutsuneak dauden tokietan, horiek identifikatu eta horiek bete ahal izateko moduetan eragitea. Lanaren arloan, inklusioa, energian eta beste gai batzuetan. Nik uste dut horretan dabilela eta ahalegin polita egiten diharduela, gainera.

Elkarrizketa hau Goiena.eus-en argitaratu da.