Debagoienean garapen eredu iraunkorra bultzatzeko konpromisoa hartu dute Debagoiena 2030 sarea osatzen duten hamahiru erakundek

2022-01-12

Oñatiko Udalak bere egin du herri iraunkor eta inklusibo bat eraikitzeko erronka. Helburu horiek partekatzen dituen eskualde mailako D2030 sareko kide ere bada, erronka horiek herri eskala gainditzen dutela jakitun.

Zergatik da Oñatiko Udala ekimeneko kide?

Geure helburuekin lerrokaturik dagoen ekinbidea da Debagoiena 2030. Finean, esangura handiko erronkei heldu beharrean gaude. Aurrera begira, epe ertain zein luzean, aldaketa handiak izango dira gizartean eta, oro har, munduan. Prest egon beharra dugu datorrenerako, ahal den heinean, erronka horiei aurre hartuz. Horretarako, berebiziko garrantzia du gainerako kolektiboekin eta herriekin sinergiak bilatzeak. Debagoiena 2030 iraunkortasun sarea lagungarri da horretarako.

Oñatiko Udalak herri inklusibo eta iraunkor baten aldeko apustua egin du. Nola adierazten da hori?

Hala da. Azken urteotan, konbikzio bereziz ditugu helduak ildo horiek. Ez da egun batetik besterako aldaketa, urratsez urratsezkoa baizik. Eta, zelan ez, teoria praktika bilakatzeko, funtsezkoa da eremu guztietatik eragitea – ingurumena, alor soziala…–. Bada, egunerokoan presente dugu hori. Bagabiltza, eta nabari da: turismo plan jasangarria eta inklusiboa, Merkataritza Plana, II. Berdintasunerako Plana, Onaro, energia berriztagarrien sorkuntzan, atez atekoa, Natur Eskolaren birgaitzea, Araozko ostatua, tokiko nekazari eta abeltzainendako diru-laguntzak, bidegorri zein garraio publikoetako inbertsioak…

Energia eredua denon ahotan dabilen unean, Oñatik duen ur-jauzien proiektua herriaren identitate bilakatu da. Zein da Oñatiko ur-jauzien proiektuaren balioa testuinguru honetan?

Oñatik badu oinarri sendo bat. Ez soilik sorkuntzan. Banaketan eta komertzializazioan ere bai. Ur-jauzien proiektuak balio izugarria du, bai. Baina aitortu beharra dugu jakin badakigula gaur egun oñatiarren urteko energia beharrak sortzeko gai den arren, etorkizun batean bestelako energia sistema batzuk ere barnebildu beharko dituela. Bide horretan, gertutik jarraitzen ditugu egun sortzen ari diren proiektu berriak.

Oñatiko alkatea zara, baina eskualde eskalan lan egiteari garrantzitsu deritzozu? Zergatik?

Bai. Finean, Udala gai da herritarrek dituzten zenbait kezka eta beharrei erantzun egokia emateko, baina, beste zenbait kasutan, horretarako beharrezko da era kolektiboan jardutea. Herrien artean badira partekatzen diren arazoak, erronkak… Horiek kolektiboki helduta, eraginkorragoa izango da erantzuna.

Uste duzu herritarrak hasi direla etorkizuneko erronkei aurre egin behar hori bere egiten?

Esan daiteke teoriarekin gehiengo zabal batek duela bat egina. Dena den, erronka horiek aldaketak dakartzate norberaren egunerokotasunera. Hor, aldaketa ez da egun batetik bestera gertatzen. Landu beharreko gaia da. Eta lantzen badugu, ostean, epe luzeagoan, nabaritu egingo dira horren fruituak. Ekimen, ekintza, aldaketa… konkretuek eroango gaituzte errealitateaz jabetzera, eta hori eginda etorriko da gizartearen zati handi baten inplikazioa. Faseka egin beharreko aldaketa da.

Zer eskain diezaioke Oñatiko Udalak D2030 ekimenari, eta alderantziz?

Esan moduan, sinergiak topatzeko eta horiez baliatzeko aukera eskaintzen digu D2030ek. Bide horretan, Oñatiko Udalak herri mailan abiaraziriko proiektuak, hausnarketak, azterketak, baliabideak… parteka ditzake iraunkortasun sarearekin. Eta hark, trukean, gauzak egiteko ikuspegi berriak eskain ditzake, harreman berriak sorrarazi, indarrak batzeko gune bat eraiki…

Lankidetzaz eta gobernantza kolaboratiboaz ere badihardu D2030ek. Zein garrantzi dute erronka globalei tokikotik erantzuteko betebehar horretan?

Kolektiboan dihardugu mundu mailako erronkei tokiko erantzuna eman guran, sinergiak bilatuz eta topatuz. Eta hor, bereziko garrantzia du gobernantzak. Ezin dugu ahaztu izaera askotariko parte hartzaileak barnebiltzen dituela D2030ek -erakundeak elkarteak, kooperatibak…-. Gauzak horrela, iraunkortasun sarearen epe luzeko ibilbiderako, funtsezkoa da gobernantza eredu egokia eraikitzea. Berria da esperientzia, eraiki barik dago gobernantza eredua. Horrek aukera berriak sortzen dizkigu.

D2030ek eta halako proiektuek zein garrantzi izango dute aurrerantzean?

Orain artean ohiko izan ez den esperientzian gaude murgildurik. Izaera askotariko erakundeak, entitateak… gabiltza, etorkizuneko erronka globalei, tokiko ikuspegitik, erantzun egokia eman guran. Ez da zeregin makala. Datozkigun erronkak ikusita, pentsa daiteke geroz eta ohikoago izango direla halako sareak. Beraz, esan daiteke osteko urratsetarako ere esangura handikoak izango direla hasierako hauek.

Elkarrizketa hau Goiena.eus-en argitaratu da.