‘Lurraldeak eta kooperatibak; Katalunia eta Euskal Herriko esperientziak’ jardunaldia Arantzazun
2022-02-17
KoopFabrikak antolatuta eta Debagoiena 2030en, Oñatiko Udalaren eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren laguntzaz, lurraldeen eta kooperatiben arteko gurutzaketak landuko dituzte, Katalunia eta Euskal Herriko begiradatik, bihar, otsailak 18, Arantzazun.
Jardunaldiaren helburua, Katalunian azken urteetan martxan jarritako politika publiko berritzaileak ezagutu, horien atzean dauden logikak aztertu eta Euskal Herrian logika horien sustapenerako eredu propioen garapenaz hausnartzea izango da. Era berean, Euskal Herriko praktika eta egitasmoak ere ezagutzeko aukera egongo da.
Biharko jardunaldian parte hartuko du Debagoiena 2030 egitasmoko zuzendari Elena Herrartek, besteak hainbatekin batera. Hala nola, Generalitateko Ekonomia Sozialeko zuzendari orokor Josep Vidal i Fabrega, Ateneu Cooperatiu egitasmoko kideak, eta Euskal Herrian autoeraketaren logiketan erreferentzialak diren pertsonak izango dira: esaterako, Mondragon Unibertsitateko Jon Sarasua, Etorkizuna Eraikiz-eko arduradun Xabier Barandiaran edo Olatukoop-eko Leire Udabe.
Jardunaldia bihar egingo bada ere, Kataluniako kideak atzo, eguaztena, iritsi dira Euskal Herrira, bertako proiektuak ezagutu eta bertako protagonistekin solastera. Gaur etorri dira Debagoienera, Mondragon eta Fagor Taldeak ezagutzera. Fagor Taldera egingo duten bisitan, Debagoiena 2030 egitasmoa ezagutzeko aukera ere izango dute.
Kataluniarren esperientzia ezagutzea “luxua”
Hain zuzen ere, D2030 ekimeneko Elena Herrarterendako, “Kataluniako esperientzien berri zuzena izatea luxua da lankidetza publiko, kooperatibo, komunitarioaren arloan esanguratsuak diren ikuspegi eta praktikak garatu eta praktikatu dituztelako, eta D2030en bidea argitzeko baliagarriak izango direlako”.
Gaineratu du, Debagoienean eskualde garapena birpentsatzen dihardugun honetan, lurraldeko eragileen arteko elkarlan dinamikak sustatzea gako izango dela, eraldaketa gaitasuna biderkatzera begira: “Debagoienaren kasuan, kooperatibak eragile eraldatzaile garrantzitsuak dira zalantza gabe, baina kooperatibak beste arlo batzuetako eragileekin, direla publikoak, pribatuak, komunitarioak… elkarlanean jartzea beharrezkoa da inpaktuzko eraldaketa bat lortzeko. Horregatik, eratzunkidetasunean jardungo duten lankidetza ekosistema irekiak bultzatzea funtsezkoa izango da”.