Lana eta inklusioa eskutik, D2030en lan-ildo berrian

2022-03-30

  • Enplegu zentro bereziak, txertaketa enpresak eta formaziora bideratuak elkarlanean ari dira, lanaren bitartez inklusioa ahalbidetuko duen esku-hartzea diseinatzen.
  • Formazio beharra dutenendako edo enpresa arruntetan laneratzeko aukera gutxi dutenendako esku-hartzea proposatzen ariko dira ekainera bitartean.

Lana eta Inklusioaren eremua lantzen dihardu Debagoiena 2030 ekimena, bazterkeria egoera arriskuan egon daitezkeen pertsonen laneratzean lagunduko duen esku-hartze proposamena diseinatzen.

“Pertsonak gizarteratzeko ezinbestekoa da laneratzea”, dio Onintza Legorburuk, esku-hartze proposamena diseinatzeko prozesua gidatzen diharduen Emuneko eta D2030 ekimeneko kideak: “Ez da faktore bakarra, badagoelako lana duen jende bat baina lan horren baldintzengatik gizarteratze faktoreak betetzen ez dituena. Baina, badakigu lan barik gizarteratzea oso zaila izango litzatekeela eta egin ditugun esplorazio eta gerturatzeetan oso argi ikusi dugu hori”.

Oñatiko Bidebarri enplegu zentroko Maite Uribarrenek ere balioan jarri du sarean eta elkarlanetik lan egitearen indarra. “Prozesu honen bitartez ezagutaraziko ditugu baita ere laneratze enpresen, enplegu zentro berezien eta bazterkeria egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten erakundeen lana eta hori ere esanguratsua da”.

Elkarlana oinarri-oinarrian

D2030entzat ezinbestekoa da elkarlanaz baliatzea lanaren bitartezko inklusioaren alorrean Debagoienak dituen beharrak, hutsuneak eta erronkak identifikatu eta horiei erantzuteko esku-hartzea diseinatzeko. Hala, Debagoieneko Gizarteratze eta Laneratze Sarearekin (DGLS) batera lantzen dabil D2030 esku-hartze hori garatzen. Sare horretan, bazterkeria egoeran dauden pertsonen laneratzean ari diren hainbat eragile daude ordezkatuta. “Ezinbestekoa iruditzen zitzaigun esku-hartze eremu hau sare horrekin lankidetzan abiatzea. Hori zen ingurune naturala”, dio Legorburuk.

Enplegu bereziko enpresak, txertaketa enpresak edo formaziora bideratutakoak ari dira parte-hartzen prozesu horretan. Hala nola, Lanbide, Emaus, Bizikasi-Miguel Altuna, Mankomunitateko Garapen Agentzia, Kalexka, Zabaltzen-Sartu, Bidebarri, Arizmendi-Lanbide Hastapena, Aretxabaletako Lanbide Eskola, Daiteke, MGEP, Katea Legaia eta Bastida.

Elkarrekin, bazterkeria egoera arriskuan egon daitezkeen pertsonen laneratzean eragingo duen esku-hartze proposamen bat sortzea da helburua. Prozesuan parte hartzen diharduten eragileek balioan jarri dute sarean eta elkarrekin lan egiteak duen indarra, sinetsirik baitaude, inpaktuzko emaitza bat lortzeko bide egokia izan daitekeela.

Esaterako, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako zuzendari Koldo Azkoitiarendako ezinbestekoa da elkarlanetik lan egitea zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei eskaintza integratu bat eman ahal izateko.

Bide beretik dihardu Bizikasi-Miguel Altunako Miren Errastik ere. “Elkarlanetik behar gehiago ikusten dira, bai kolektibo espezifikoenak, etorkinenak, kualifikazio beharra dutenenak… eta prozesu honek aberastu egiten du dena”.

Oñatiko Bidebarri enplegu zentroko Maite Uribarrenek ere balioan jarri du sarean eta elkarlanetik lan egitearen indarra. “Prozesu honen bitartez ezagutaraziko ditugu baita ere laneratze enpresen, enplegu zentro berezien eta bazterkeria egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten erakundeen lana eta hori ere esanguratsua da”.

Estrategikoa

Bazterkeria sozial egoeran dauden pertsonen artean, formazio beharra dutenentzat edo enpresa arruntetan laneratzeko aukera gutxi dutenentzat esku-hartzeak proposatzeari ekin diote parte hartzaileek. Ekainera bitartean egongo dira ekintza plan hori diseinatzen.

Lana eta Inklusioaren alorra ildo estrategikotzat du Debagoiena 2030 ekimenak. Debagoiena iraunkor baterantz abiatutako trantsizioa justua eta inklusiboa izan dadin lanean baitiardu, inor baztertu edo atzean utziko ez duena, eta pertsonen arteko berdintasuna izango duena aspirazio gisa.