Eskola jangela eredu berriez ikasten, Italian

2022-05-09

Italian izan dira joan den astean Ereindajaneko ordezkariak elikadura burujabetzaren bueltako esperientzia desberdinak ezagutzen. Hain zuzen ere, Debagoiena 2030ek lagunduta, eskualdeko jantokiak tokiko produktuekin hornitzeko plataforma sortzeko egiten ari diren lanketarako baliagarri izan zaizkie han ikasitakoak.

Eskola jangela eredu osasuntsuago, hurbilago, bidezkoago eta hezitzaileago baten aldeko Gure Platera Gure Aukera ekimeneko kideekin joan dira Italiara. Debagoienetik, Ereindajaneko Ainhoa Narbaiza izan da bertan, baita Biolurreko Ane Gorosabel ere.

Esan moduan, eskualdeko jantoki kolektiboetako eredua aldatzeko proiektuari lotuta esperientzia interesgarriak ezagutu dituzte bertan, tokiko elikadura  politikak eta eskola jangelen eraldaketa martxan jartzeko baliagarriak. Esan behar da, proiektu horren baitan, Bergarako San Martin eskolako jantokian jarriko dela martxan esperientzia pilotua.

Besteak beste, Florentziako Siesto Fiorentino herrian izan dira bidaian eta hango Qualita & Servizi enpresa publikoa ezagutzen. “Sei udalerritako eskola jangeletarako menuak prestatzen dituzte, egunean 8.000 menu inguru. Ekoizle txikiekin egiten dute lan zuzenean, bertako eta sasoiko produktu osasungarriekin.Hainbat ondorio atera ditugu, horien artean, elikadura politika publikoak aldatzeko borondate politikoa ezinbestekoa dela”, azaldu du Ereindajaneko Ainhoa Narbaizak.