Zer ari da gertatzen Debagoienean energiaren arloan?

2022-11-23

Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Saretik erronka energetikoaren, eta zehazki hiri-eremuan suposatzen duenaren argazki batzuk partekatu eta honen inguruko hausnarketari bide eman nahi diogu. Horretarako, abenduaren 14an, saio irekia antolatu dugu Arrasaten, Garaia Parke Teknologikoan, 9:30etik 12:30era.

Energia hitza, eguneroko kudeaketa, elkarrizketa, edota albisteetan inoiz baino presenteago dago: bizi dugun garaiaren goiburu nagusietako bat da.

Lehendik ere ate joka bageneukan, egun, energiaren gaiari heltzea, saihestezina da herritar, enpresa, eragile sozial zein erakunde publikoentzat.

Eta Debagoienean zer? Badago ibilbide bat, badaude lanean diharduten errealitateak, baina erronkaren tamaina eta urgentzia kontuan hartuta, badugu zer hausnartu eta eraldatu.

Abenduaren 14ko saioa

Herritar eta erakunde oro, saio honetan parte hartzera gonbidatu nahi dugu. Eman izena hemen abenduaren 2a baino lehen (Behar duenarentzat itzulpen zerbitzua egongo da).