Hodei Arzak: “600 familia batuko dituen eredu kooperatibo bat da Ekiola, burujabea izango den kooperatiba”

2022-11-30

Leintz bailarako 600 familiaren energia beharrak aseko dituen eguzki parkea jarriko dute Arrasateko Udalaren jabetzakoa den lurretan, Krean parean. Zehatz, 600 etxebizitzaren elektrizitate beharrak aseko ditu.

Urtarrilean hasiko dira lanak eta ekainerako martxan egotea da asmoa. Bertan sortzen den energia elektrikoaren onuradun izango dira Leintz Bailarako Ekiola Kooperatiban izena ematen duten herritarrak. Debagoiena 2030 ekimena da proiektuaren babesleetako bat.

Badabil Ekiola bere bidea egiten. Zein da haren baliorik handiena?

Batetik, eredu kooperatiboa dela, 600 bat familia batuko dituen eredu kooperatibo bat; eta, bestetik, erreminta bat ere badela, dauzkagun behar energetikoei erantzuna emateko. Orain, hasiera batean, behar energetiko elektrikoei, baina etorkizunean herritarrek izan ditzaketen beharrei erantzuna emateko gai den eredu kooperatibo bat izango da. Gure ustez, proiektuak baino balio handiagoa du kooperatibaren sorkuntzak berak, aurrerago etor daitezkeen beste erronkei begira badagoelako antolakuntza bat.

Etorkizunean beste erabaki batzuk hartzeko ahalmena izango du, beraz.

Proiektuak kooperatibaren bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa bermatua du Ekiolak egindako aurrelan guztiari esker. Baina hemendik aurrera kooperatiba burujabea da. Hori da duen balio handienetako bat. Esaterako, etorkizunean kooperatibak erabaki dezake aerotermia sistema inplementatzea berogailurako, kooperatibako familiek interes duten etxebizitzetan. Horregatik diogu erreminta bat dela, erreminta bizi bat.

Zenbat sortzeko gaitasuna izango du?

Gutxi gorabehera, 600 etxebizitzaren kontsumo elektrikoaren %100 sortzeko gaitasuna izango du. Guretzat hori bai zen marra gorri bat; alegia, kontsumo elektrikoaren %100 sortzearena. Beste eredu batzuetan ez da hori bermatzen eta horrek guretzat garrantzia handia zuen.

Leitz bailarako udalak, Krean, Energiaren Euskal Erakundea, D2030… Erakunde horien babesa izateak zer ematen dio proiektuari?

Azkenean, iniziatiba atzean dauden erakunde eta kooperatibok esperientzia dugu sektore honetan eta horrek berme bat ematen dio proiektuari. Azterketa juridiko, finantzario, tekniko eta ekonomiko guztiak eginak ditugu. Bideragarritasun analisi guztiak eginak ditugu, eta hori askotan da barrera horrelako komunitate energetikoek lehen pausoak emateko. Guk laguntzen duguna da hasierako barrera guztiak gainditzen, eta, behin bideragarri denean eta proiektua martxan dagoenean, kooperatibak erraz izango du aurrera egitea.

Zein da hemendik jasoko duen onura?

Kontsumo elektrikoaren %100 norbere jabetzakoa den proiektu batek sortuko duela eta, gainera, berriztagarria eta gertukoa dela. Horrez gain,
sortzen den prezioan
ordainduko du erabiltzaileak energia, inoiz ez gehiago. Eta beti izango da merkeagoa. Herritarrak egin behar duen gauza bakarra merkaturatzailea aldatzea izango da, merkaturatzaile propioa sortu baitugu sistema hau dena fakturara aldatzeko.

Zein puntutan dago proiektua? Zuen ustez, noizko jarriko da martxan?

Oraintxe bertan martxan dago harpidetza kanpaina, eta lehen harpidedunak ekarpenak egiten ari dira. Herritarrak bere informe pertsonalizatua egin dezake ekiola.eus web gunean eta hor txosten pertsonalizatu bat jasoko du azken hilabetetan izan duen kontsumoarekin, haren kontsumoaren arabera dagozkion panel kopuruarekin eta kooperatibara egin beharreko ekarpen ekonomikoaren zenbatekoarekin. Ekainerako parkea martxan egotea da asmoa. Datorren urte hasieran hasiko gara obrarekin eta bost hilabete iraungo du; beraz, ekainerako martxan egon beharko luke.

Energiaren sorkuntzaren gaia tokia egiten ari da gizartean eta piztu da ereduen gaineko eztabaida ere. Zein iritzi duzu?

Kontsumitzaile mota desberdinak daude, eta, beraz, hartu behar diren neurriek eta sorkuntza proiektuek ere desberdinak izan behar dute. Herritarrendako zentzu guztia du komunitate energetikoak sortzeak, baina ezin dugu beste alde batera begiratu, industriak gehiago behar duela jakinda. Hor bi aukera ditugu: orain arte bezala beste alde batera begiratu eta gure beharrak beste toki baten sortzen jarraitzea edo pausoak ematen eta arduraz jokatzen hastea. Eta arduraz jokatzea da ditugun beharren aurrean proiektu desberdinak proposatzea. Noski, beti izan behar dute bideragarri bai ingurumenari dagokionez, bai sozialki, eta ekonomikoki ere bai. Alegia, ez edozein eredutan. Kreanetik proiektu desberdinak planteatu ditugunean beti da inguruko beharrak asetzeko adina, eta inoiz ez gehiago.