Debagoieneko Trantsizio Energetikoaren erronka aletzeko lehen mugarria
-
Tecnaliak eginiko ikerketa baten lehen emaitzak aurkeztu dituzte Garaiako jardunaldian.
-
50 lagun inguru batu ziren Debagoiena 2030ek deituta, energiaren inguruko hausnarketak partekatzeko
-
Trantsizio energetikoaren erronkaren tamaina ulertzeko balio izan zuen saioak
2022-12-15
50 lagun inguru elkartu ziren atzo goizean Garaia Parke Teknologikoan, Debagoienean energiaren alorrean gertatzen ari denaren hausnarketa eta datu batzuk partekatzeko. Zehatzago, hiri-eremuko energiaren inguruko gogoetak partekatzeko.
Debagoiena 2030 ekimenak ekainean abiaturiko Eraginez Piztu estrategiaren baitan burutu da jardunaldia. Hain justu ere, Tecnaliak landutako Debagoieneko Aukera Energetikoak ikerketaren lehen emaitzak izan dira saioaren abiapuntua. Ikerketak Debagoieneko eremu hiritarreko –etxebizitzak, zerbitzuak eta hondakinak– egoera energetikoaren diagnosia egin du, garraioa eta industriaren datuak salbuetsita.
Datuek argi utzi dute, “trantsizio energetikoa tamaina handiko erronka dela eta gizartea kontziente izan dadin ere lortu gura izan dugu gaurko saioarekin”, azaldu du Debagoiena 2030 ekimeneko proiektu zuzendari Aritz Ameztegik.
Izan ere, eskualde osoko energia kontsumoa kontuan hartzen bada –garraioa eta industria izan ezik–, kontsumo osoaren %10 bakarrik da argindarra. Bada, Debagoienean berriztagarrietatik sortzen den elektrizitatea, aipaturiko %10 horren %14 baino ez da. Horrek garbi azaltzen du erronkaren nolakotasuna.
Tecnaliak egindako azterketa bigarren fase baten sartuko da orain eta bertan ikusiko da berriztagarrietan zein ahalmen eta aukera energetiko dauden Debagoienean, beti ere hiri-eremura eta eraikinetan oinarrituta. “Horretarako eraikinen teilatuen azalera neurtu da, bataz besteko eguzki erradiazioa, potentzial fotovoltaikoa eta sorkuntza potentziala. Landa eremuan egon daitezkeen aukerak ere aztertuko ditugu eta egia da eremu horretan azalera handia dagoela”, azaldu du Tecnaliako Eduardo Mierak.
Bigarren zatian, Debagoienean martxan dauden sei proiekturen berri eman dute. Lau sorkuntza proiektuak izan dira: Ekiola, Berener, Antzuolako kontsumo partekatua eta Oñatiko esperientzia. Gainera, murrizketarekin lotutako bi proiekturen berri ere eman dute, Ikastetxe-Klik eta Arrasateko Santa Teresa auzoan irisgarritasunaren eta energiaren ikuspegitik egingo den eraberritzea.
Aipaturiko proiektuen inguruko datu batzuk
Leintz Bailarako Ekiola
Leintz Bailarako 600 inguru familiari argindarra emateko sortuko den planta fotovoltaiko kooperatiboa, km0 ko energia berdea, bertan sorturikoa eta bertan kontsumituko dena.
Sustatzaileak: Leintz Bailarako udalak, EVE, Fagor Taldea, D2030 eta Goiena Komunikazio taldea.
Fagor Taldea, Goiena eta Arrasateko Udala bazkide laguntzaileak dira.
Autokontsumo partekatua Antzuolan
Antzuolan energia berriztagarriak eta kontsumo partekatua bultzatzeko sustatzen den proiektu bat da. Proiektuan zehar pare bat autokontsumo eredu erabili dira, komunitateek autokontsumo partekatua egitea eta komunitate batek beste etxe batekin autokontsumoa egitea teilatuaren lagapenarekin.
Sustatzaileak: Antzuolako Udala, Natur Baliabideen Taldea, Debagoiena 2030 eta H-Enea.
Berener: Bergarako Energia Berriztagarrien Komunitatea
Bergararren energia beharrak bertako baliabideekin asetzeko sortu da. Berener energia berriztagarrien ekoizpena, autokontsumo partekatua eta energia kontsumoaren aurrezpena sustatzen dituen kooperatiba herritarra da. Irabazi asmorik gabeko erabiltzaile kooperatiba integrala izango da.
Sustatzaileak: Ehundu eta Bergarako Udala
Oñatiko Argindarra: Kudeaketa publikoaren onurak
Argindar sektorearen liberalizazioa eman zenean, sektore pribatuaren esku utzi ordez, udal enpresen bidez kudeatzen jarraitu zen argindarraren sektorean parte diren aktore nagusiak: Sorkuntza, banaketa eta merkaturatzea.
Sustatzailea: Oñatiko udala
Santa Teresa auzoko proiektua
Auzoaren eraberritzea egingo da, irisgarritasunaren eta energiaren ikuspegitik.
Sustatzailea: Arrasateko Udala
Ikastetxe-Klik
Debagoieneko ikastetxeetan energia aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzeko proiektua da Ikastetxe-Klik. Proiektua arrakastaz garatzeko, behar-beharrezkoa da eraikinetako erabiltzaile guztien inplikazioa.
Sustatzailea: Debagoiena 2030 eta Arrasateko, Aretxabaletako, Bergarako, Eskoriatzako eta Oñatiko udalak.