Martxan da Debagoiena Lanean, egoera zaurgarrian dauden pertsonen laneratzea helburu duen proiektua
- Debagoiena Lanean proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin estrategiaren baitan kokatzen da eta kolaboratzaile dira Gipuzkoako Foru Aldundia, Debagoieneko Mankomunitatea eta Debagoiena 2030 ekimena.
- Proiektuaren bitartez, egoera zaurgarrian dauden pertsonen laneratze ibilbideak modu integralean landuko dira. Helburua, 50 pertsonaren laneratzea izango da.
- Proiektu honen baitako lehen ikastaroa otsailean hasi da Miguel Altunan. Soldaduraren inguruko formazioa da; bertan, bestelako konpetentziak ere landuko dira.
2023-02-24
Langabezian eta egoera zaurgarrian dauden pertsonak lan merkatuan txertatzea helburu duen proiektua da Debagoiena Lanean. Otsailean abiatu den proiektua, Lanbide Heziketako hezkuntza zentroek –Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Miguel Altuna eta Arizmendi Ikastola– eta gizarte mailan lan egiten duten entitateek –Sartu, Daiteke, LHL Lanbide Heziketaren Lagunak Elkartea eta Kalexka– hartuko dute parte proiektuan. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin estrategiaren baitan kokatzen da, eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Debagoieneko Mankomunitateak eta Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Sareak ere kolaboratzen dute proiektuarekin.
Proiektuaren onuradunak bazterkeria arrisku egoeran dauden pertsona eta kolektiboak dira. 45 urtetik gora langabezian dauden pertsonak; lan baimenik ez duten pertsona atzerritarrak; hizkuntzarekin arazoak dituzten pertsona atzerritarrak; genero indarkeriaren biktima edota beste gauza batzuk direla medio arrisku egoeran dauden emakumeak eta diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen duten pertsonak.
Hautaketa fasearen ondoren, formazioa eskainiko zaie pertsona horiei: sektore berdean, industrian eta ofiziotan egingo dira formazioak.
Hautaketa, formazioa eta laneratzea
Proiektuak bi urteko iraupena izango du eta lehen fasean 150-200 pertsona ingururekin lan egingo da. Lehen elkarrizketa eta diagnosi fase baten ondoren norbanako bakoitzaren egoera aztertuko da, eta laneratze ibilbide bakoitza modu integralean landuko da.
“Azken inpaktua formazioa jasoko duten pertsona horien laneratzea izango da. Guztira, 50 pertsona laneratzea da helburua, baina bidean ere lortuko ditu beste helburu batzuk. Izan ere, programak irauten duen bitartean, pertsona guztiek laguntza integrala jasoko dute eta laguntza hau tutoretza pertsonalizatuaren bidez emango da”, dio D2030eko Berrikuntza Proiektu arduradun Idoia Illarramendik.
Hautaketa fasearen ondoren, formazioa eskainiko zaie pertsona horiei: sektore berdean, industrian eta ofiziotan egingo dira formazioak.
Soldadura ikastaroa hasi da otsailean
Horietako bat otsailean hasi da Bergarako Miguel Altuna Lanbide Heziketan. Soldadura ikastaroa, hain zuzen. “Soldadurako formazioa ematen ari gara, baina ez hori bakarrik, gizarteratzeko edo laneratzeko aberasgarri izango diren beste hainbat konpetentzia ere lantzen dituzte ikasleek: balio kulturalekin lotutakoak, ohiturekin lotutakoak… Eta baita hizkuntza, informatika edo matematika alorrekin lotutakoak ere”, dio Miren Errastik, Miguel Altunako Etengabeko Ikaskuntzako Bitartekariak. Gaineratu du, pertsona horiek zailtasun handiak dituztela lan mundura saltoa egiteko, paper eta baimen kontuak tarteko, eta ekimen honen bitartez, egoera zaurgarrian dauden pertsonek lan mundura saltoa egiteko erraztasunak ere emango dizkiela, besteak beste, Miguel Altunak.
Soldaduraren gaineko ikastaroaz gain, Biltegi Kudeaketaren gaineko beste bat ere eskainiko du aurrerago Miguel Altunak. Uda ostean hasiko da hori. Horietaz gain, programaren baitan, Arizmendi Ikastolan Eraikuntzen Mantenua ikastaroa ere eskainiko da eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoan bi formazio eskaintza egongo dira. Hiri eta Industria Hondakinen Kudeaketa eta Energia Berriztagarrien Instalazioen Mantenua.
Elkar-Ekin estrategiaren baitako proiektua
Debagoiena Lanean deritzona, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin estrategiaren baitako proiektua da. Debagoiena Lanean-ekin batera, beste lau proiektu garatuko dira Debagoienean estrategia horren baitan eta bazterkeria egoeran dauden pertsonen laneratzea helburu. Pertsonen zaintzarekin lotutako Alkarrekin Eratu izenekoa; sukaldaritzarekin lotutako Zuk-Aldatuz Berri; garbiketa esparruko Lan Arin Garbitasuna eta gazteen laneratze eta gizarteratzearekin lotutako Gazteen ibilbideak izenekoa.
“Duela hiru urte eratu zen DGLS (Debagoieneko Gizarteratze eta Laneratze Sarea), non zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten hogeita hamar eragilek hartzen duten parte. Joan den urtean Foru Aldundiaren Elkar-Ekin estrategiak DGLSk proposatutako bost proiektu onartu zituen. Konpromisoa 84 pertsona lan-merkaturatzea da. Bost proiektu horien bueltan, guztira hamabost eragile sartu dira, elkarte desberdinak, prestakuntza edo formakuntza zentroak eta udalak”, dio Koldo Azkoitiak, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziako arduradunak.
Hain zuzen ere, Debagoiena 2030eko Idoia Illarramendik nabarmendu du berriki abiatu den Debagoiena Lanean ko-sorkuntza prozesu baten emaitza dela, non, proiektuan parte hartzen ari diren eragileak ere bertan dauden. “Eremuan bertan lanean diharduten eragileei modu bateratuan ahotsa ematea, proiektua euren ahotik eta beharretatik sortzea oso garrantzitsua da”. Gaineratu du, eskualde mailako inpaktua izan gura duen proiektu batek eskualde mailako ikuspegia duten eragileen parte hartzea izatea ezinbestekoa dela.
Lanaren etorkizunarekin lerrokatutako proiektua
Debagoiena 2030 ekimenarendako balio handiko proiektua da Debagoiena Lanean izeneko hau, alde batetik, bazterkeria arrisku egoeran dauden pertsonen gizarteratze eta laneratzean diharduten eragileen arteko elkarlana ezinbesteko ikusten duelako. Eta bestetik, etorkizunean Debagoiena iraunkor bat lortzeko helburuari lotuta, lana bere horretan eremu bezala lantzea helburu duelako. “Eskualde jasangarri bat lortzeko ezin da alde batera utzi lanaren etorkizuna eta ezta horren baitan inklusioaren erronka ere. Guk hasiera hasieratik nahi izan dugu eremu hau landu, horretan bertan lanean diharduten eragileekin batera. Momentu honetan, gure rola, proiektu honetan diharduten eragileen bidelagun izatea da”, azaldu du Idoia Illarramendik, D2030eko Berrikuntza Proiektu Arduradunak.