Biltegi Kudeaketaren gaineko formazioan izena emateko epea zabalik dago

2023-09-25

Debagoiena Lanean proiektuaren baitan, formazio berri bat hasiko da azaroaren 21ean, Miguel Altuna Lanbide Heziketa zentroan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta D2030ek finantzatutakoa, biltegi kudeaketaren ingurukoa izango da. Langabetuei zuzendurik dago, doakoa da eta 415 ordu izango ditu guztira: horietatik, 335 eskola teorikoak izango dira eta beste 80 ordutan praktikak egingo dira enpresatan. Eskola ordu gehienak Miguel Altunan izango dira eta gutxi batzuk Mondragon Goi Eskola Politeknikoan. Formazioan izena emateko lan baimena izatea ezinbestekoa da.

Izen ematea zabalik dago eta interesa dutenek 943 89 92 72 telefonora dei dezakete edota ikastaroak@maltuna.eus helbidera idatzi.

Debagoiena Lanean proiektua

Langabezian edo egoera zaurgarrian dauden pertsonak lan merkatuan txertatzea du helburu Debagoiena Lanean proiektuak eta haren bitartez, proiektuko parte diren norbanako bakoitzaren egoera aztertu eta bakoitzaren beharretara egokitutako laneratze ibilbide integralak eskaintzen dira. Proiektuetan, Lanbide Heziketako zentroez gain –Mondragon Goi Eskola Politeknikoa, Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketa eta Miguel Altuna LH–, gizarte mailan lan egiten duten entitateak –Sartu, Daiteke, LHL Lanbide Heziketaren Lagunak Elkartea eta Kalexka– ere ari dira lanean.

Debagoiena Lanean proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin Estrategiaren baitakoa da eta sustatzaile dira Aldundia, Debagoieneko Mankomunitatea eta Debagoiena 2030 ekimena. Proiektuen bitartez, egoera zaurgarrian dauden pertsonen laneratze ibilbideak modu integralean lantzen dira. Bukaerako helburua da 50 pertsona laneratzea.