60 erakundetik gora Eskualdeko Sarearen I. Topaketan
2019-11-06
Atzo, azaroak 5, Eskualdeko Sarearen I. Topaketa egin zen Bergaran. Ibilbidea 2019an hasi duen Debagoiena 2030 ekimenak deituta egin zuten batzarra eta 80 debagoiendar inguru batu ziren Miguel Altuna ikastetxean. Hain zuzen ere, sektore eta arlo desberdinetako ordezkariak izan ziren bertan; industriaren alorrekoak, hezkuntzakoak, herri mugimenduetakoak, lehen sektorekoak, erakunde publikoetako ordezkariak eta abar.
Batzarrean, D2030 ekimena aurkeztu zuten eta ekimena eskualde mailan egiten ari diren diagnostikoaren lehen urratsak eman zituzten ezagutzera. Diagnostiko hori aberastu asmoz, han batutakoen ekarpenak ere jaso ziren. D2030 etorkizuneko erronkei erantzuna emateko behar hori artikulatu gura duen lankidetza sarea da. Erronka horien identifikazioa gizartea entzuteko etengabeko prozesu baten bitartez gauzatuko da.
Gizartea entzutea
Identifikazio hori jendarteko eragile, erakunde publiko, enpresa zein herritarrekin batera egingo du Debagoiena 2030ek. Hortik etorriko dira erronken identifikazioa eta horiei erantzuna emateko prozesuaren diseinua. Horregatik, ekimen berritzaile honetan gizartearen kezkak, iritziak eta beharrak entzuteak berebiziko pisua hartuko du. Ezinbestekoa baita, jendeak benetan bere beharrak entzun direla sentitzea eta helburuak modu partekatuan definitzea. Hain justu ere, egitasmoak 2019ko urtarrilean hasi zuen gizartea entzuteko prozesua. Orain arte, eskualdeko 100 pertsonatik gora elkarrizketatu dira. Horretaz gain, ariketa horretan sakontzeko, bestelako prozesuak ere abiatu dira.
D2030
Debagoiena 2030, etorkizuna jomugan duen ekimena da. Askotariko herritarrak batu eta norabide partekatuan lanean jarri gura dituena. Herrigintza antolatua, erakunde publikoak, hezkuntza eragileak, enpresa pribatuak, kooperatibak zein herritarrak, lankidetza eta elkarlanera bultzatzea da helburua.
Izan ere, ez du balio orain arte gizarteak lan egin duen moduan lanean jarraitzea, bakoitzak bere aldetik eta elkarlan eredurik gabe. Etorkizunak, erronka konplexuak ipini ditu mahai gainean; izan klima aldaketarekin, garapen ekonomikoarekin, berdintasunarekin zein hezkuntzarekin loturikoak eta horiei elkarlanean erantzutea ezinbestekoa izango da.
Hala, esan moduan, erronka horiei erantzun partekatuak emateko lankidetza sare bat ahalbidetzea da ekimenaren helburuetako bat. Une honetan, Debagoieneko hainbat erakunde –Fagor, Ulma, Emun, Mondragon Unibertsitatea, Txatxilipurdi, Saiolan, Goiena, Debagoieneko tokiko administrazio publikoa, Agirre Lehendakaria Center, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gizabidea…–, dira horrekin bat egiten dutenak, eta haren nahia, ahalik eta kolaborazio sare handi eta emankorrena sortzea da.
Atzoko batzarrean, elkarlan horren abiapuntua irudikatu zuten bertan batu ziren erakundeek. Etorriko diren urrats guztien hasiera.