Jangela eredua eraldatzeko Bergarako San Martin ikastetxeko proiektua aurrera doa
2021-12-14
- San Martin Ikastetxeko eta Ereindajan Bergarako ordezkariak Jaurlaritzako hezkuntza saileko ordezkariekin elkartu ziren atzo, Bergarako ikastetxeko jangela eredua aldatzeko proiektuaren inguruan jarduteko
- Ikastetxearen nahia da jangelan tokiko eta sasoiko produktuak oinarri izango dituen menu bat eskaini ahal izatea
- Bergarako Ereindajanek D2030ek bultzatuta landu duen Eskualdeko jangelak tokiko produktuekin hornitzeko proiektuarekin lotura du San Martin ikastetxekoak
Bergarako San Martin ikastetxeko, Guraso Elkarteko eta Ereindajaneko ordezkariek bilera izan dute atzo goizean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkariekin. Hain justu ere, Bergarako ikastetxe publikoan jangela eredua aldatzeko proiektuarekin lotuta egin zuten bilera. Jangela eredua aldatzeko proiektuak tokiko eta sasoiko produktuz osatuko den menu bat eskaini ahal izatea du oinarri. Tokiko eta sasoiko menuak eskaintzea, elikadura osasuntsua eta eskola komunitatearen parte-hartzea sustatzea dira helburuak, jangela eremu hezitzailea bihurtuz. Proposamena bera duela lauzpabost urtetik dago garatuta, baina, aurten aurkeztu da Jaurlaritzan.
San Martingo eta Ereindajaneko ordezkariek azaldu dutenez, proiektua bera garatuta bazegoen ere, orduko hartan ez ziren Jaurlaritzan aurkeztera iritsi. Aurten, aldiz, Bergarako Ereindajanek eskualdeko jangelak tokiko produktuekin hornitzeko proiektua martxan jarri zuenean, San Martin ikastetxean ahalegina berrartzeko unea zela erabaki zuten.
Esan bezala, eskualdeko jangelak tokiko produktuekin hornitzeko dauden aukerak aztertu ditu Bergarako Ereindajanek Debagoiena 2030 ekimenak bultzatuta. Hala, San Martin ikastetxeko proiektuari lotuta egin dutena da, kudeaketa bera nola egingo litzatekeen aztertzea. “Guk egin duguna izan da bideragarritasun teknikoa garatu”, azaldu du Ereindajaneko Ainhoa Narbaizak. Eta gaineratu du: “aztertu dugu zein produktu eta nola eskuratu daitezkeen bailaran bertan, eta eskuratu ezin diren horiek nondik ekarri ahalko liratekeen, ahalik eta gertuenetik izan behar dela kontutan izanik”.
Balorazio positiboa
Pozik atera ziren San Martingo eta Ereindajaneko kideak Hezkuntza saileko ordezkariekin egindako bileratik. Hain zuzen ere, Jaurlaritzaren Hezkuntza saileko 2000. urteko araudian jasotzen den jangelen kudeaketa zuzenaz gaindi, beste eredu bat martxan jarri ahal izateko lanean dihardutela jakinarazi diete bergararrei. Ez hori bakarrik, datozen hilabeteetan, dauden zailtasun administratiboak lantzen jarraitzeko konpromisoa erakutsi baitute jaurlaritzako ordezkariek.
Debagoieneko eragileen babesa
Atzoko bilerari begira babes eta atxikimenduak landu dira Debagoieneko hainbat eragile eta erakunderekin: tartean dira Eskolako Kontseilua, Debagoiena 2030 Lankidetza Sarea, Bergarako udala, Deba Garaia Landa Garapen elkartea etab. Proiektuaren aurrera begirako lanketan, elkarlanerako oinarriak lantzen jarraitzea garrantzitsutzat jo dute sustatzaileek.