Ibon Antero: “Sarritan, elkarlanaz hitz egitea baino zailagoa izaten da aritzea, hor dago erronka nagusia”
2022-03-23
Mondragoneko Iraunkortasuneko eta Eraldaketa Sozialeko arduraduna da Ibon Antero. Kooperatibek gizarte eraldaketarekiko duten konpromisotik dihardu elkarrizketan, bai eta Debagoiena 2030ek eraldaketari egin diezaiokeen ekarpenaz.
Debagoiena 2030 ekimenarekin elkarlanean dihardu Mondragon taldeak hainbat arlotan, izan ere, helburuetan eta egiteko moduetan bat datoz kasu askotan.
D2030eko Gobernu batzordean eta batzorde teknikoan dago Mondragon Taldea. Zein balio ikusten diozu ekimenari?
Eskualdeko eraldaketa sozialerako epe luzeko eta inpaktu handiko estrategia sendoa eta iraunkorra bultzatzeko, ezinbestekoa da lankidetzarako marko iraunkorrak eraikitzea. D2030 ekimenak eskualdeak behar duen lankidetzarako sare ireki hori eskaintzen du, non eragile mota guztiek zein norbanakoek gaur egungo gizarte erronka partekatu batzuen inguruan batera ekiteko aukera duten.
Zein arlotan elkar elikatu daitezke Mondragon eta D2030 bera?
Oinarrian elementu komun asko daude –garapen komunitarioan sakondu, eraldaketa digitala, berdea, soziala, lankidetza…–, bai eta D2030en bueltan definitu diren proiektuen portfolioan ere: lanaren etorkizunarekin lotuak dauden erronkak, iraunkortasunarekin… Bestalde, kooperatiba ez diren beste eragile publiko eta pribatu batzuekin lankidetzan aritzeko espazioa eskaintzen du D2030ek. Eskualdeko kooperatiben artean nahiz bestelako eragileekin elkarlanean aritzeak eragiteko ahalmena eta inpaktua biderkatu egiten ditu.
Lanaren munduak zein alorretan ditu erronka nagusiak datozen urteetan?
Aurrean ditugun erronkak ez dira makalak. Ziurgabetasuna etengabea da, ikusi besterik ez dago egoera geopolitikoa, eta horri gehitu behar dizkiogu, gainera, enpresen trantsizio beharrak: mundu mailan lehiakorrak izango diren produktu, zerbitzu eta sektore berrietara zuzentzea; industriaren deskarbonizazioa eta eredu zirkularra; pertsona bakoitzaren erantzukizun aktiboa izango duten etengabeko prestakuntza praktiko, labur eta iraunkorrak; trantsizio hauek guztiak azkartuko dituzten finantzaketa mekanismo iraunkorrak…
Digitalizazioak, iraunkortasunak… ekarriko dituzten aldaketei aurre egiteko gertu dago Mondragon?
Digitalizazioa eta iraunkortasuna zeharkakoak diren bi erronka nagusi dira, eta Kongresuak definitutako 2021-2024 Politika Sozioenpresarialean jasota daude. Negozio eta lanpostu askoren eraldaketa eta berrien sorrera ekarriko dituzte disrupzio hauek, lana eta prozesuak eraldatuz eta berriak sortuz. Epe luze edo ertaineko ikerketa eta transferentzia beharrezkoa da, eta epe motzera eragiten duten proiektuak. Horretan ari gara.
2050erako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den eraldaketa bultzatzea du helburu D2030ek. Enpresek zein ekarpen
dute egiteko norabide horretan?
Hiru ardatz horietan daude enpresek egin dezaketen ekarpena: adimentsua-eraldaketa digitalaren bidez; inklusiboa, sozialki justua den eredu batekin eta klimatikoki neutroa, produktu eta prozesuen ingurugiro inpaktua neurtuz, gutxituz eta konpentsatuz.
Gai horiekin lotuta, kooperatiben eraldaketa prozesua zein puntutan dagoela esango zenuke?
Sektorearen araberako abiadura ezberdina da, baina pausoak jada ematen hasita daude kooperatiba gehienak. Eraldaketa digitalean prozesu eta sistemen berritzearekin batera, pertsonen gaitasunen hobekuntza programak garatzen ari gara. Eta berdin industriaren deskarbonizazioan, hainbat lantalde jarri dira martxan Ingurumen Foroaren bidez. Genero Berdintasun Foroa ere martxan dago. Bidea egiten ari gara, erritmo ezberdinetan bada ere; norabide bererantz joatea da kontua.
Zein dira gakoak trantsizio horiek indartu daitezen? Elkarlana izan daiteke horietako bat?
Bai, hala da. Elkarlana trantsizio hauek hobetu eta azkartu ditzakeen osagaia da. Eta ezinbestekoa, gainera, eskualdeko eskala batean, eragiteko ahalmena eta inpaktua biderkatu nahi bada. Hala ere, elkarlanaz hitz egitea baino, aritzea izaten da, sarritan, zailagoa, eta hor dago erronka nagusia.
Debagoienari berari balio erantsirik ikusten diozu trantsizio hori bideratzeko orduan?
Arrasateko kooperatibismoa pertsonak eta ingurua eraldatzeko proiektu gisa sortu zen. Enpresa eredu berri bat sortzetik haratago, kooperatiba eraldaketa sozialerako egitura edo baliabide gisa ulertu zen. D2030 plataformaren izaera horretan oinarritzen da, XXI. mendeko beharrei erantzuna eman eta gizarte justu eta jasangarriagoa eraikitzeko helburuarekin. Abiapunturako minbre onak daude. Orain arte sortutako ekosistema eskala handiko gizarte berrikuntza adibide bakarrenetakoa da munduan. Hobekuntzak beharko ditu, baina balioan jartzeko elementuak ditu oinarrian. Aukera eskaintzen digu erronka eta balio berrien aurrean Arrasateko Kooperatiba Esperientzia berrinterpretatzeko eta hurrengo belaunaldien eskuetan uzteko gizartearen ongizatean eta ingurumenaren babesean oinarritzen den enpresa eta garapen eredua duen eskualde bat.