Ander Zangitu: “Dependentzia energetikoa amaitzeko bidea izango da Berener kooperatiba”

2022-11-14

Sortu da Berener, Bergarako Energia berriztagarrien komunitatea. Bergaran trantsizio energetikoa bultzatzeko tresna izango da kooperatiba berria.

Ehunduk eta Bergarako Udalak bultzatuta, Goienerrekin, Emunekin eta hainbat herritar, eragile eta enpresarekin burututako prozesu baten ondorio da Berener, Bergarako Energia Berriztagarrien Komunitatea. Energia burujabetzarantz urratsak egiteko tresna izango da, bergararren bizitzak hobetzeko helburua izango duena.

Zer da Berener?

Bergarako Energia Berriztagarrien Komunitatea da; energia berriztagarriak ekoiztea, autokontsumo partekatua sustatzea eta energia kontsumoa murriztea helburu dituen kooperatiba herritarra. Energia burujabetzara bidean proiektu desberdinak bultzatu gura ditugu Bergaran, eta hori ahalbidetuko du Berener kooperatibak. Modu honetan, bergararrok energia eskuragarri izango dugu eta dependentzia energetikoa amaitzeko pausoak emango ditugu.

Nolako onurak ekarriko dizkie herritarrei?

Lehenengoa, ingurumenekoa, %100 berriztagarriak diren energiak planteatuko baitira. Bestetik, ekonomikoak. Gure etxeetako, komertzioetako eta enpresetako fakturak murriztuko baitira. Gainera, inklusiboa ere izango da, baliabide energetikoak denon eskura ipintzea baita helburua.

Zein berezitasun izango ditu kooperatibak?

Irabazi asmorik gabekoa izango da, eta, herritarron behar komun bati erantzuteko proiektu kolektiboa izango denez, irabaziak etorkizunean sortuko diren beste proiektu batzuetan erabiliko dira. Bazkide erabiltzaileak, lan bazkideak eta bazkide laguntzaileak izango ditu kooperatibak. Alet, Bergarako Udala eta Fagor Taldea prest agertu dira bazkide laguntzaile izateko.

Zein proiektu duzue dagoeneko martxan?

Lehenengo proiektua San Martin eskolan jarriko da. Autokontsumo partekatuko proiektu bat izango da. Bertako teilatuan jarriko dira elektrizitatea sortuko duten plaka fotovoltaikoak. Instalazio horrek sortzen duen energiaren %70 kooperatibako erabiltzaileendako izango da, %20 San Martin eskolarendako eta %10 familia zaurgarriendako.

Zenbat erabiltzailerendako izango da?

100 kilowatt izango ditu instalazioak, eta ehun bat erabiltzaile; etxebizitzak, komertzioak edo elkarteak. Gehienez kilometro bateko distantziara dauden eraikinak baliatuko dira instalazio horretaz.

Nork bere etxean aldaketarik egin beharko du?

Guk proposatzen dugun ereduan ez da inolako aldaketarik egin behar. Merkaturatzaile enpresa berarekin jarrai dezakegu eta sortutako energiaren zenbatekoa zuzenean deskontatuko da fakturan, kontratua zeinekin dugun axola gabe.

Berenerko bazkide eginda zuzenean egiten da bat San Martingo proiektuko erabiltzaile?

Ez. Edozein izan daiteke Berenerko bazkide, nahiz eta une honetan proiektu horretako erabiltzaile ezingo den izan edozein. Izan ere, proiektu horretako erabiltzaileak egon beharko du San Martin ikastetxetik kilometro bateko distantziara, asko jota. Hala ere, Labegaraietako bizilagun bat ere izan daiteke Berener kooperatibako bazkide, nahiz eta ez sartu kilometro bateko muga horretan. Bazkide horiek onura batzuk izango dituzte kooperatibako bazkide izate hutsagatik, eta, gainera, pentsatu behar dugu bazkidetza horrek ahalbidetu dezakeela finantzaketa iturria, etorkizunean Labegaraietan bertan horrelako proiektu bat gauzatu ahal izateko.

Zein puntutan dago une honetan kooperatiba?

Eratzekotan dago. Eta orain, bazkidetza kanpainarekin gaude buru-belarri. Norbanakoendako 100 eurokoa izango da bazkidetza eta denda, enpresa eta horrelakoendako, 200 eurokoa. Gero, zuzeneko erabiltzaile edo onuradun izango direnek ordainduko dute San Martingo instalazioa bera. Hau da, ez da bazkide diren guztien artean ordainduko instalazioa. Onuradunek eta kooperatibak egingo dute hori eta orain hori definitzen gabiltza.

Hasi da jendea interesa azaltzen?

Bazkidetza kanpaina hasi dugu eta dagoeneko hasi da jendea izena ematen, bai. Orain, jarraituko dugu kooperatiba aurkezten. Esaterako, auzoetara joango gara hitzaldiak egitera.

Zein beste proiektu duzue esku artean?

Energia aholkularitza emango da Mizpildiko bulegotik, gure egunerokotasuna aldatzeko informazioa beharrezkoa baita. Bestetik, beste proiektu batzuk martxan jartzeko herritarrekin eta enpresekin lanean jarriko gara, uste dugulako beste auzo batzuetan ere abiatu daitezkeela horrelakoak. Gure nahia litzateke hamar urteren bueltan zazpi proiektu egotea herrian martxan.

Enpresetako teilatuak ere energia sortzeko erabiltzea aurreikusten duzue?

Fagor Taldeak proposatu du badagoela aukera beren teilatuak erabiltzeko Energia Berriztagarrien Komunitatearen onurarako. Energia burujabetzaren bidean enpresa, udal… teilatuak beharko ditugu.