D2030 ekimeneko eta Bergarako Elikadura Mahaiko kideak Iparraldean, elikadura sistemen inguruko hainbat proiektu bisitatzen

2023-06-27

Elikadura sistema iraunkorrak trantsizio sozio-ekologikoan egin dezakeen ekarpenaz jabetuta, hainbat proiektu bisitatzera joan dira Behe Nafarroara eta Lapurdira Debagoiena 2030eko eta Bergarako Elikadura Mahaiko ordezkariak. 

Zehatz, Lekornen (Lapurdi) eta Donibane Garazin (Behe Nafarroan) izan dira, elikadura burujabetzaren inguruko proiektu desberdinak bultzatzen aritu diren erakunde eta ordezkariekin. Donibane Garazin, esaterako, Navarre Lizeoko jantokia bisitatu dute eta Lekornen herriko eskola-jantokiak eta Garro scic ekoizpen kooperatiba bisitatu dituzte. Proiektu hauek martxan jartzeko herri mailan apustu sendoak eraiki dituzte eta bideragarritasun tekniko zein ekonomiko mailan esperientzia erreferente direla esan daiteke.

Iparraldean ikusi eta ikasitakoak Debagoiena mailan garatzen ari diren elikadura politika eta egitasmoetan transmititzea da asmoa. Elikadura burujabetzari lotutako proiektu gehiago garatu eta martxan daudenak indartu eta eskualdeko jangela kolektiboak tokiko eta inguruko ekoizleen produktuekin hornitzeko bidean urratsak emanez.