Debagoienean garapen eredu iraunkorra bultzatzeko konpromisoa hartu dute Debagoiena 2030 sarea osatzen duten hamahiru erakundek

2020-10-01

  • 2050. urterako adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den Debagoiena izatea da gaur aurkeztu duten Debagoiena 2030 ekimenaren helburua
  • Berrikuntzatik, gizarte eraldaketa bultzatuko dute D2030 ekimenaren sustatzaileek
  • Eraldaketa mugimendu hori elkarlanetik eta eragile eta norbanakoen arteko konexioak bultzatzetik etorriko da

Debagoiena 2030 Garapen Iraunkorrerako Sarearen Gobernu Batzordea osatzen duten eragileek etorkizuneko erronkei erantzun bateratua emateko konpromisoa erakutsi dute gaur, Eskoriatzako Ibarraundi museoan egindako ekitaldian. Debagoieneko, Gipuzkoako eta Euskal Herriko 13 erakundek sinatu dute hitzarmena. Bertan parte hartu dute, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiako zuzendari Sebas Zurutuzak, Fagorreko presidente Joxean Alustizak, Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, Debagoieneko Mankomunitateko presidente Maite Antonek, Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari Iban Arantzabalek eta Gizabidea Fundazioko Elena Herrartek.

Gaurko sinatze ekitaldiarekin, XXI. mendeko erronka globalei erantzun propioa emango dien eraldaketa mugimendua sustatzeko sortutako egitasmoa bultzatzeko asmoa erakutsi dute. Honela mintzatu da ekimenaren gidaritzaren ardura duen Gizabidea Fundazioko Elena Herrarte: “Klima aldaketa, digitalizazioa, jendartearen aniztasun hazkorra eta horren ondorioz inklusioak erakusten dizkigun erronka berriak esanguratsuak dira. Garai historiko baten amaiera eta berri baten hasiera puntuan gaudela esan genezake, eta, iraganean bezala, orain ere eskualde gisa, etorkizunera begiratu eta beharrezkoa da erronka hauei erantzuteko modu proaktiboan lanean jartzea. Olatu eraldatzaile baten beharra dago”.

Sinaduran parte hartu duten erakundeak izaera askotarikoak dira, hala nola erakunde publikoak, pribatuak zein kooperatibak: Fagor, Arrasateko Udala, Oñatiko Udala, Bergarako Udala, ULMA, Debagoieneko Mankomunitatea, Garaia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Goiena, Mondragon Taldea, Mondragon Unibertsitatea, Saiolan eta Agirre Lehendakaria Center.

Fagor Taldeko presidente Joxean Alustizarentzat, kooperatibak ekimenaren parte izatea zerbait naturala da. “DNAn daramagu erantzukizun sozialarekiko konpromisoa eta eraldaketa bultzatzeko nahia. Elkarrekin emaitzak biderkatu egiten dira”.

Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, bestetik, ekimenarekiko konpromiso irmoa azaldu du, “instituzioak izan behar gara bidelagun”. Gainera, komunitatea duen garrantzia nabarmendu du: “Bailara honen bereizgarri da komunitatea; publikoa eta pribatua denaren arteko elkarlana”.

Elkarlanaren eta komunitatearen indarra nabarmendu ditu Goiena Komunikazio taldeko zuzendari Iban Arantzabalek ere: “Uste dut horrelako ekimenek badutela fruituak garatuago eta eraginkorrago emateko aukera. Eraldaketa behar dugu bizitzeko, era neurtu eta egokiago batean”.

Debagoieneko Mankomunitateko presidente Maite Antonen hitzetan, sarea eratzea da gakoa. “Sarea, norbanako, eragile, eta erakundeen artean. Debagoieneko Mankomunitatea bailara moduan elkartzen gaituen erakundea izanik, ezinbestean izan behar da D2030 ekimenaren bidelagun”.

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko kudeaketa Estrategiako zuzendari Sebas Zurutuzak lurralde ikuspegitik ekimenak duen garrantzia ipini du indarra. “Gipuzkoako Foru Aldundiak loturak bilatuko ditu, Debagoiena eskualdean egiten denetik, gainerako lurraldera”. Eta gaineratu du, D2030 ekimenak bete-betean bat egiten duela aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoarekin.

Debagoiena 2030 ekimena

XXI. mendeko erronka globalei erantzun komunitario propioa emango dien eraldaketa mugimendua sustatzeko egitasmoa da Debagoiena 2030. Askotariko eragile eta norbanakoen lankidetzatik, metodologia, proiektu eta ekimenak bultzatu eta konektatuz, erronka horietan inpaktu esanguratsua izan nahi duen sarea sortzen ari da.

Eskualde adimentsu, inklusibo eta klimatikoki neutrorantz, 2019. urtean egindako esplorazioan oinarrituta, honako hauek dira gaur-gaurkoz identifikatu diren eragin eremu edo arloak; hala, horietan eragiteko langintzak aktibatuko dira: Lanaren Etorkizuna, Energia, Mugikortasuna, Elikadura Sistemak, Hezkuntza, Ekonomia Zirkularra, Inklusioa eta Komunitatea.

Onartutako portfolioa

Eragin eremu horiek oinarri hartuta, ekimenak eskualdeko eraldaketa lortze bidean martxan jarritako proiektu sorta ere aurkeztu du gaurko ekitaldian. Proiektu sorta horrek portfolio deritzona osatzen du. 14 dira guztira aktibatuko diren proiektu edo prototipoak. Eraldaketan eragiteko begirada berri bat eskaintzen du portfolioak, proiektuak elkarrekintzan jartzea bilatzen duena. Modu honetan, gizartean ekimenak izan dezakeen inpaktu aukerak handitu egingo dira.