D2030 ekimenaren xedea eskualdea eraldatzea da eta horretarako ekintzara pasatzea ezinbestekoa da. Eskualdea eta bere erronkek konplexutasun handia daukate, sakonak, sistemikoak, larriak eta urgenteak dira. Horregatik, sakoneko aldaketak lortu nahi baditugu, ezin diegu orain arte dakigunetik eta proiektu isolatuen bidez erantzun.

DAKIGUNA EZ DA ASKI EGUNGO ERRONKEN AURREAN

Komunitate iraunkor, adimentsu eta inklusiboa eraikitzeko bideorririk ez daukagu, presazkoa da ordea. Orain da momentua soluzio horiek irudikatzen eta bultzatzen hasteko. Horretarako, dugun baliabide onena gu geu gara, eskualdeko herritar eta eragileak. Elkarrekin erronkak ulertu eta ikuspegi/jakintza anitzak batuz irtenbideak irudikatzea proposatzen dugu. Horien eraginkortasuna azkar aztertu (prototipatu) eta irtenbide optimoak bultzatzea da D2030aren nahia.

PROIEKTU ISOLATUETATIK PORTFOLIORA

Konplexutasun horri erantzun nahian, nazioarte mailan indarra hartzen ari den “Portfolio begirada”-tik eragin nahi diogu eskualdeko erronkei. Horrek zera esan nahi du: erronka bakoitzari erpin ezberdinetatik eragiteko ekintza-proiektu anitzak bultzatu eta konektatuko ditugula.

Energia eredua aldatzeko adibidez, sorkuntza proiektuak bultzatu beharko dira, herritarren sentsibilizazioan ere eragin beharko da, administrazio publikoaren araudietan ere aldaketak eragin beharko dira, eraikinen birgaitzea ere bultzatu beharko da kontsumo mailak jaisteko, etab. Bide honetan gainera, energian espezializaturiko eragileez gainera, hezkuntzakoak, kulturakoak, administraziokoak zeresana izango dute, eta beraz, elkarrekin norabide horretara begirako ahalegin bateratua orkestatzea da Portfolio-aren sakoneko zentzua.

Konexioetan dago Portfolio estrategiaren funtsa, sektore eta izaera ezberdinetako eragileak ipar bateratu baten bueltan, dagokien eremutik, eraldaketa bultzatzeko ekimenak bultzatzea da proposatzen duen bidea. Hau dena nola egin ikasten ari gara.