Olatz Olaso: “Herritarrok zein erronka eta zein kezka ditugun ezagutzea beharrezkoa da”

Elkarrizketa hau Goiena.eus-en argitaratu da

Gai sozialak kudeatzen laguntzen duen aholkularitza zerbitzua eskaintzen du Emunek. Debagoiena 2030 ekimena sortu zenetik, bertako kide ere bada. Emun-eko zuzendari nagusi Olatz Olasorekin aritu gara etorkizuneko erronkez.

D2030 ekimeneko batzorde teknikoko kide da Emun. Besteak beste, ekimenak eskualdeko herritarren kezkak, ikuspegiak, bizipenak ezagutzeko martxan jarritako esplorazio prozesuan protagonista izan da.

D2030 ekimenak eta Emunek zer dute amankomunean?

D2030 ekimenak, bere abizenak dioskun moduan –Garapen Iraunkorreko Sarea–, sarearen formularen bidez, hau da, lankidetzaren bidez, eskualdearen garapen iraunkorra du helburu. Batetik, lankidetza da bi proiektuak batzen gaituen soka, eragile ezberdinen arteko lankidetza. Emunek ere bere sorreratik argi izan du erronka konplexuen kudeaketarako, lan mundua euskalduntzeko, adibidez, beste eragile batzuekin hartu-emana ezinbestekoa izango zuela. Horretaz gain, D2030en xedea garapen iraunkorra izanik, eskualdeko erronkei modu iraunkorrean erantzutea du helburutzat, eta horixe da, gai sozialen kudeaketari lotuta, Emunen ere partekatzen dugun helburua. Gure eskualdea iraunkorra izatea nahi dugu. Horregatik lan egiten dugu euskara, genero berdintasuna edota parte hartzea erdigunean jarrita.

Zer eskaini diezaioke Emunek D2030i eta zer alderantziz?

Emun egitasmo honetan ikasteko gogoz sartu zen. Berrikuntza soziala da gure oinarrietako bat, eta uste dut berritzeko eta ikasteko gogo hori eskaintzen diogula D2030i. Bestetik, euskara planak direla eta, eskualdeko enpresetan dihardugu urte luzez landa lanean, eta hor badaukagu terrenoko ezagutza metatu bat.D2030ek guri, aldiz, esperimentaziorako gune bat eskaintzen digu, baita, arlo berri batzuetan, esaterako energiaren edo inklusioaren arloan, ikasketarako lekua ere.

Debagoieneko herritarren iritziak jasotzen aritu zarete. Zergatik da garrantzitsua erronkei erantzun indartsua emateko herritarrak entzutetik egitea?

Gaur egun, gizarte hiperkomunikatu batean bizi gara. Pandemiarekin ere ikusi ahal izan dugu, bideo-dei, eta abarren bidez, momentu oro konektatuta egon garela. Baina, aldi berean, entzuteko joera gutxi daukagu, errora joateko joera urria. Hau horrela, garrantzitsutzat jo zen, hasiera batetik, entzute sakon baten bidez herritarrak entzutea. Eskualdean dauden kezka eta behar nagusiak jasotzea, modu orokorrean. Adituek markatzen dituzten tendentziak jasotzea ez da nahikoa, herritarrok ze erronka eta kezka ditugun ezagutzea beharrezkoa da. Horretarako, 175 elkarrizketa egin dira, eta 10 talde elkarrizketa.

Entzute horretan ikusi da herritarren kezken artean badaudela D2030ek bere egiten dituenak? Alegia, inklusioa, digitalizazioa eta klima larrialdia?

Entzute horretan ikusi ahal izan dugu etorkizuneko erronka potoloenetakoak inklusioa, hezkuntza eta lan munduak bizi izango duen digitalizazio prozesua, eta krisi klimatikoa direla. Herritarren artean, denetariko kezkak daude. Herrietan edota egunerokotasunean zentratutako kezkak, baina baita kezka globalagoak ere: pertsona ezberdinen arteko elkarbizitza, digitalizazioa eta honek ekarriko duen aldaketa, edota lehenbailehen erantzun beharreko larrialdi klimatikoa, kasu.

Euskara, berrikuntza soziala, parte hartzea… Zer-nolako lanak egiten dituzue?

Emunek gai sozialak kudeatzeko aholkularitza eta lankidetza eskaintzen du euskararen eta berrikuntza sozialaren arloan. Eraldaketa sozialaren bidean emunkidea eta bezeroa erdigunean jarri eta gainerako eragileekin elkarlanean hainbat arlotako zerbitzuak eskaintzen ditugu, hala nola euskara planak, itzulpenak, euskara formakuntza, hausnarketa saioak, gobernantza, aniztasuna, genero berdintasuna, berrikuntza plataformak eta gizarte erantzukizunaren arloetan garatzen ditugu proiektuak, kultura parte hartzailea eta parekidea oinarri hartuta.

Berrikuntza sozialeko proiektuek zein eginkizun izango dute datozen urteetan gizartearen eraldaketan?

Azken urteetan gizarteak eta bizi garen inguruak aldaketa nabarmenak izan dituzte. Mundua aldatu egin da, eta bertako arazo eta erronkek ere forma berriak hartu dituzte. Erronka konplexuei erantzuteko, badira aspalditik datozen formulak, eta formula horietatik askok oraindik ere funtzionatzen dute. Berrikuntza sozialaren helburua ez da funtzionatzen duena aldatzea, baizik eta forma berria hartu duten erronka horiei beste modu eta begirada batetik erantzuna bilatzeko tresnak eskaintzea. Funtzionatzen ez duten egiteko moduei alternatiba berriak aurkitzea izango litzateke berrikuntza sozialak eskaintzen digun gakoa.

Zelan joan da egokitzen Emun bera egoera eta garai berrietara?

Gure bezeroei euren erronka sozialak erantzuten laguntzeko gertutasuna izan da beti gure indargune garrantzitsu bat. Eta pandemia eta etxeratze egoera batean nola egon gertu? Dena birpentsatu dugu. Ahalegin handia egin dugu gure bezeroek erantzukizun sozialaren lotutako proiektuak alde batera ez uzteko eta beraiei laguntzeko gertu egoteko, testuinguru berri honek jarri dizkigun muga guztiei aurre eginez.