Maria Ubarretxena: “Guztion konpromisoa behar da eraldaketarako”

2021-05-02

Arrasateko udalak erabaki sendoa hartu du klima larrialdiari aurre egiteko, eta hainbat neurri bultzatu ditu herrian; D2030 egitasmoko parte ere bada.

Debagoiena 2030 ekimenaren Gobernu Batzordeko kide da Arrasateko Udala. Izan ere, gizarteak, baita eskualdean ere, dituen erronkei elkarlanetik erantzuteko sortutako ekimenaren printzipioekin bete-betean egin du bat Udalak.

Debagoiena 2030 ekimena duela pare bat urte sortu zen, 2050ean Debagoiena inklusiboa, adimenduna eta klimatikoki neutroa ahalbidetzeko misioarekin. Zergatik da Arrasateko Udala ekimeneko kide?

Trantsizio ekologiko hau gauzatzeko, printzipio kooperatiboak eta esku-hartze komunitarioaren eredua inspirazio-iturri eta oinarri garrantzitsuak dira abian jarri beharreko politiketarako. Baliatu egin behar da, beraz, tokian tokiko indargune hori, guztion artean bide hori egiteko, eta Debagoiena 2030 egitasmoak printzipio horiek barneratzen ditu; beraz, gure ikuspuntuaren aldetik, bide ezin hobea da elkarlanerako.

Zein lehentasun ematen diezue erronka horiei?

Klima larrialdiak eta osasun-pandemiak datozen urte eta hamarkadetako agenda baldintzatuko dute, eta, nola ez, Arrasateko herriari ere garaia iritsi zaio eraldaketa ekologikoa egiten hasteko, CO2 isurketak murrizteko, energia berriztagarriak sustatuz eta karbono aztarna murriztuz.

Zein garrantzi du erronka potolo horiei elkarlanetik erantzuteak?

Komunitatea kontuan hartzea beharrezkoa da, proiektuak garatzeko eta aukerak sortzeko oinarria delako, herri ekimenak direlako bizitza komunitarioaren oinarri. Elkarlan horren baitan, pertsona guztien konpromisoa ezinbestekoa da gure herrian eraldaketa gauzatzeko.

Zer eskain diezaioke Arrasateko Udalak horrelako ekimen bati, eta alderantziz?

Ekimen honek gobernantza ireki eta kolaboratiboaren eredua jarraituko du, eta, eskema horretan, Arrasateko Udala eragile aktiboa izango da ekimenean bertan. Arrasateko Udalak Europako Interreg programako laugarren deialdiaren barruan Shifting towards enewable energy for transition to low carbon energy –SHREC proiektuan bazkide moduan parte hartzen du eta proiektu hau jarri dugu Debagoiena 2030 egitasmoaren eskuetan, ulertzen dugulako guztiz bat egiten duela plataformaren helburuarekin. Bestalde, trantsizio ekologikoak gizarte osoari erantzuten dio eta eskualde mailan lan egiteko aukera oso positibotzat jotzen dugu.

Zertan datza proiektua?

SHREC proiektuak hainbat helburu ditu jomugan, eta horietako batzuk dira energia-iturri berriztagarrien ekoizpena eta kontsumoa sustatzea, energia-kontsumitzaileen inplikazioa handitzea eta, azken batean, energia berriztagarriak iturri alternatibo gisa erabiltzearen garrantziaz kontzientziatzea. Horrela, adibide bezala, bizilagun komunitate bateko teilatuan plaka fotovoltaikoak jarriz, energia hori erabili daiteke etxebizitza barruko energia zein garajeetako kontsumoa asetzeko edota etxebizitza bakoitzaren autokontsumorako. Aukerak zabalak dira, eta, nolabait, aukera hauek erraztu nahi zaizkie herritarrei.

ACEDErekin eta H-Enearekin batera garatuko da proiektuaren fase bat, D2030 ekimenak lagunduta. Zeintzuk dira proiektuak egingo dituen hurrengo urratsak?

Momentu honetan, lehenengo fasean gaude, sentsibilizazio kanpaina bat jarri dugu martxan eta gida bat osatu dugu, interesa duten herritarrei bidea errazteko. Informazio osoa gure webgunean dago, baita horrelako inbertsioak egiteko eskuragarri dauden hobari/laguntzak eta bete beharreko ordenantzaren informazioa. Beste fase batean, proba pilotua egitea aurreikusita dago; kasu horretan, Debagoiena 2030 izango da H-Enearekin batera pilotua gauzatuko duena.

Baduzue esku artean norabide horretan aktibatutako beste proiekturik?

Arrasateko datuei erreparatuta, CO2 gehien isurtzen duen sektorea garraioa da, industriaren aurretik, eta hori oso datu esanguratsua da, dugun industria kopurua kontuan izanda. Horri jarraiki, hiri-mugikortasuneko eredu berri bat garatzen ari gara, auto pribatuaren erabilera gutxitu eta oinezkoa lehenetsiko duen eraldaketa urbanistikoa ipar hartzen duena. Bide horretan, hainbat politika martxan jarri ditugu, herria oinezkoentzat eta bizi komunitarioarentzat erosoagoa egingo duen sistema baterantz pausoak emanez: mugikortasun bertikalaren aldeko apustu sendoa auzoen irisgarritasuna hobetzeko –igogailu publikoak–, edota bizikletaren erabilera errazteko bide-gorri sarea osatzen ari gara Ekobulebar proiektuaren baitan. Etxezarreta eremuaren berreskurapena, natura bideen seinalizazio eta hobekuntzak ere garrantzitsuak dira.

Herritarrak sentsibilizatuta edo sentsibilizatzen ikusten dituzu?

Azken urteetan salto bat izan den sentsazioa daukat, eta, batez ere, belaunaldi berriak ikusten ditut oso sentsibilizatuta gaiarekin. Komunikabideetan gaiak duen oihartzuna geroz eta handiagoa da, eta honek isla ere badu komunitatean. Iruditzen zait gizartean badaudela dagoeneko oinarriak trantsizioari gogoz heltzeko.

Elkarrizketa hau Goiena.eus-en argitaratu da

Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea, udaletxeko balkoian.