Jabier Bikuña: “Sortuko dizkigun aukeren ikuspuntutik hartu beharko genuke klima larrialdia”

2021-06-01

D2030 ekimeneko lankidetza sareko kide da Saiolan. Enpresa berrikuntza eta sustapenean duen urteetako esperientzia ipini du ekimenaren mesedetan.

Enpresa berrikuntzarako eta sustapenerako zentroa da Saiolan, 1970eko hamarkadan sortu zenetik hona eskualdean enpresa ekimen berriak sustatzeko jarduna izan duena. Une honetan, D2030 ekimeneko lankidetza sareko kide ere bada.

Berrikuntza, lankidetza, parte hartzea, eskualde garapena, iraunkortasuna… Kontzeptu asko, D2030ek eta Saiolanek partekatzen dituztenak. Ezinbesteko gaur egungo ideiak dira?

Eskualde edo komunitate baten garapenean ezinbesteko kontzeptuak dira aipatzen diren horiek. Gaur egun, garapena ezin liteke lankidetza eta parte hartze gabe ulertu. Bestalde, bideragarritasun kontzeptua gaineratuko genuke, ezinbestekoa baita; izan ere, ezin dira beti administrazioen dirulaguntzetan oinarrituak egongo diren proiektuak soilik bultzatu.

Zergatik da garrantzitsua Saiolan D2030 ekimeneko kide izatea?

35 urte baino gehiagoko esperientzia dugu enpresa ekimen berriak sustatzen, lehentasunez gure eskualdearentzat enplegu iraunkorra, aberastasunaren sortzaile eta jendarte aktibo eta erantzukizuna duen gizartea sortzeko helburuarekin. D2030ek gure eginkizun edo misioarekin bete-betean bat egiten du, eta, beraz, eskualdeko eragile bat izaki eta lanaren etorkizuna D2030aren baitako eragin eremu bat izanik, bertan egotea ezinbesteko ikusi genuen.

Zer eman diezaioke Saiolanek D2030i? Eta zer alderantziz?

Saiolanek oinarri teknologikoak dituzten aktibitate berritzaileak sustatzen dituen urteetako esperientzia eta bere harreman sarea jarri dezake D2030en mesedetan. Aipatu bezala, 35 urteko esperientzia dugu ekintzaile gazteekin eta Debagoieneko ehun enpresarialarekin proiektuak sustatzen. D2030ek, aldiz, eskualdeko eragileen ikuskera eta kezkak zein diren jarri ditu Saiolanen esku, eta horrek ideia berrien detekzioan lagun diezaguke. Bestalde, proiektu berritzaileak martxan jarriz, lurraldearen eraldaketa sozialean eragile aktibo bezala indartzea ahalbideratuko digu.

Zuen lana D2030en barruan prototipoak martxan jartzearekin dago lotuta, bereziki. Zertan datza lan hori?

Entzute fasean eskualdeko eragileen eta norbanakoen kezkak jaso ziren; hortik, ko-sorkuntza prozesuen bitartez, erronka eta ideiak ezberdinak azaleratu dira. Prototipazioaren prozesua ideia horiek sor ditzaketen aukera eta egitasmoak egikaritzean datza. Egikaritze horretan Saiolanen zeregina da proiektuari begirako bidelaguntza, kontaktuak, hausnarketak eta orientazioak eskaintzea. Prozesuan zehar hainbat oztopo izaten dira eta, askotan, talde ekintzailea bakarrik sentitzen da.

Orain arte, D2030ekin batera martxan jarritako prototipoak hamalau dira. Nola definituko zenituzke?

Izaera eta eragin eremu askotariko proiektuak daude –lanaren etorkizuna, energia, inklusioa, ekonomia zirkularra, hezkuntza, kultura, elikadura sistemak…–, eta, bakoitzaren trataera ezberdina bada ere, D2030en asmoa ikuskera sistemiko baten bitartez lantzea den heinean, elkarren arteko konexioak aurkitzen eta gauzatzen saiatzen gara.

Nola dago une honetan gure eskualdea, enpresa berrikuntza eta sustapenari dagokionez?

Saiolanen lantzen diren proiektuetan –berritzaileak/teknologikoak–, esan dezakegu enpresa ertain-handiak direla aktiboenak. Ekintzaile indibidualei dagokienez, ez ditugu ekintzailetza proiektu asko izan azken urteetan; egoera ekonomiko onaren ondorioz, proiektu propio bat abiaraztea ez da gazteen lehentasuna izan. Badirudi azkenaldian aspektu hau ari dela zerbait aldatzen, eta negozio berri bati ekitea erabakitzen duten gazte kopurua pixkanaka gorantz joan da.

Etorkizuneko erronkek eta, bereziki, klima aldaketak zelan eragingo dute gure eskualdeko ehun enpresarialean?

Ez dago zalantzarik klima larrialdiak eta bere ondorioz ezarriko diren neurri eta legeek eragina izango dutela Debagoienean ere. Aspektu hau mehatxu gisa hartu beharrean, sortuko dizkigun aukeren ikuspuntutik hartu beharko genuke; izan ere, hor aukera berriak sor daitezke ekonomia zirkularraren baitan, material berriztagarrietan, energiaren sorkuntzan eta banaketan, hondakinen tratamenduan…

Une honetan, zer-nolako proiektuetan diharduzue Saiolanen?

2020a ziurgabetasunez betetako urtea izan arren, Saiolanek lagundutako proiektuen kalitate eta kantitate egokiarekin amaitu genuen. Aipatutako proiektuak IKT, Fintech, Foodtech, 4.0 industriari eta halako beharrei erantzutera bideratuta egon dira. 2021ean hurbiltzen ari diren proiektuak lerro berean doaz. Ikusten ari gara ideietako asko pandemiak sortutako beharrei erantzuna emateko planteatzen direla: telemedikuntza, merkataritzaren digitalizazioa, biztanleriaren zehartzearekin loturiko sektoreak, 4.0 teknologiak…

Elkarrizketa hau Goiena.eus-en argitaratu da