Joxean Alustiza: “Lurraldearen erronketan inplikatzeko borondate garbia du Fagor Taldeak”

2021-06-24

Energian, inklusioan, lanaren etorkizunean… gizarteak dituen erronkei nola erantzun aztertzen dabilen D2030 ekimeneko sustatzaile nagusi da Fagor taldea.

Erronka globalei soluzio lokalak ematea eta hori elkarlanetik artikulatzea dira D2030 ekimenaren oinarriak. Bi ideiak ere, Fagor Taldearen ereduarekin bateragarriak.

Debagoiena 2030 ekimenaren sustatzaile nagusia da Fagor. Zergatik D2030?

Erronka konplexuei erantzungo dien aro berri baten atarian gaude: energian, mugikortasunean, elikaduran, industrian… aldaketa itzelak biziko ditugu datozen urteetan. Erronka horiei erantzuteko, ezinbestekoa izango da soluzio lokalak artikulatzea. Debagoiena osatzen dugun komunitateko kideok jakin behar dugu zer egin dezakegun dimentsio ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa izango duen garapen eredu orekatu batera joateko. Horretan ari gara D2030 osatzen dugun eragileok. Fagor guztiz bat dator ekimenaren helburuarekin eta saretzen ari den lankidetza proiektuarekin. Bereziki aberatsa eta potentea iruditzen zaigu D2030en argazkia: eragile desberdinak, lankidetza publiko-pribatua sustatuz, dagoeneko Debagoiena inklusibo, adimentsu eta klimatikoki neutro baten alde lanean.

Fagorrek ere bere egiten ditu helburu horiek?

Bai, zalantzarik gabe. Aski ezaguna da Fagorrek hamarkada luzeetan Debagoiena adimentsu eta inklusibo baten alde eginikoa. Eta, aurrerantzean, aurreko biekin batera, klima aldaketaren erronkari erantzutea ere badagokigu.

Elkarlana, zenbateraino emateko gai dela uste duzue?

Kooperatibagintza lankidetzatik dago sortua, eta lankidetzak ekarri du gure Esperientzia Kooperatiboa gauden lekura. Gure izaeraren barne-barnean daramagu. Zure galderari erantzunez, ezin da esan zenbateraino eman dezakeen, besteak beste, hori bertan gauden aktoreak konpartitzeko prest gaudenaren araberakoa izango delako. Hori bai, asmatzen badugu, Debagoienaren etorkizunean eragin inportantea izango duen ekimena izango da. Argi eta garbi.

Iraunkortasun estrategia onartu berri duzue. Zertan datza?

Hurrengo hamarkadetan, iraunkortasunak inpaktu handia izango du enpresen lehiakortasunean. Horri guztiari erantzuteko jaio da Fagor 2030, industria kooperatibo eta iraunkorra eraikitzen lagunduko digun ibilbide-orria.

Industriaren karbono aztarna gutxitzeko ahaleginak jarri zenituzten martxan duela urte batzuk Fagorren. Nondik hasi horrelako lan baten?

Karbono aztarna gutxitzeko prozesuan, hasi aurretik, zein puntutan dagoen jakin beharra du bakoitzak. Horretarako neurketak egiten gabiltza azken hilabeteotan. Gure karbono aztarna noraino heltzen den eta zein osaera duen jakinda, neurriak eta helburuak definitzeko fasera pasatzeko moduan izango gara.

Zein helburu erdietsi beharko zenituzkete, Fagor karbono neutroko industria izatera iritsi dadin?

Karbono aztarnaren murrizketak enpresa baten balio kate osoaren inplikazioaren beharra du: produktua egiteko behar diren lehengaien ekoizpenean, horien garraioan, produktuen ekoizpen prozesuan, produktuek bere bizitza zikloan –hor ere isurtzen dute–… Helburu batzuk, bada, gure eskuetan daude, eta, esan bezala, epe laburrean zehazteko moduan izango gara. Beste hainbatek, ostera, hornidura katearen inplikazioa eskatzen dute. Azken hori konplexuagoa da. Urratsez urratsezko prozesua da, baina dagoeneko hasiak gara. Guretzat oso inportantea da iraunkortasun estrategia definitu eta martxan jarri izana.

Autogintzaren sektorera bideratutako enpresak dituzue. Garraioaren sektorean erronka itzelak dituzue iraunkortasunaren ikuspegitik.

Autogintza munduan iraultza baten atarian gaude. Ibilgailu elektrikoak eraldaketa sakonak ekarriko ditu autogintza osoan, eta datozen urteetan sektorean diharduten gure kooperatibek iraultza horretara moldatu beharra izango dute: egungo produktu batzuk desagertu egingo dira, produktu berrietara dibertsifikatu beharra etorriko da, produkzio sistemak egokitzeko urratsak egin beharko dira… Finean, oso erronka inportantea, bere neurrian baloratzea komeni dena.

Nola txertatzen da Fagorren enpresa-eredu sozial eta iraunkorra bere estrategian?

Fagorren iraunkortasun estrategiak bost ardatz nagusi ditu. Ezagutzen ditugu erronkak eta horiek behar moduan heltzeko lanean dihardugu jada. Horretarako, talde lehiakor eta berritzaile izateko helburua, gobernantza eredu demokratikoa indartzea, pertsonen zaintza, planetarekiko konpromisoa eta garapen komunitarioa ditu Fagor Taldeak erdigunean. Ikusten duzunez, proiektu sozioenpresarial osoa jasotzen du iraunkortasun estrategiak. Finean, lurraldearen erronketan inplikatzeko borondate garbia dugu. Hortik, bailararen eraldatzean dugun parte hartze aktiboa, esaterako, D2030 moduko anbizio handiko ekimen eredugarriak bultzatzean.

Elkarrizketa hau Goiena.eus-en argitaratu da.