D2030 eta ‘Bergarako Herri Proiektua eta eraldaketa soziala’, elkarlanerako prest

2021-09-22

  • Eraldaketa sozialerako bulegoa sortu eta garatuko du Bergarako udalak, herritar eta eragileekin elkarlana sustatzeko tresna gisa.
  • D2030 ekimenak positiboki baloratu du Bergaran eraldaketa soziala lantzen hasteko eman duten urratsa, horrek, D2030 Debagoiena mailan lantzen dabilen prozesuarekin konexioak sortzea ekarriko baitu.
  • ‘Bergarako herri proiektua eta eraldaketa soziala’ egitasmoa garatzeko hitzarmena sinatu dute Bergarako udalak, Olatukoop Sareak, HUHEZIk eta D2030ek

D2030 ekimeneko koordinatzaile nagusi Elena Herrarte Letonak Bergarako Herri Proiektua eta eraldaketa soziala egitasmoa bultzatzeko atzo Bergaran burutu zen sinatze ekitaldian hartu zuen parte. Hain zuzen ere, Herrartek, Bergarako alkate Gorka Artola Alberdik, Olatukoop elkarteko lehendakari Irune Cano Ormazabalek, eta Mondragon MU-HUHEZIko dekano Nagore Ipiña Larrañagak sinatu zuten lankidetza hitzarmena. Atzokoarekin, Bergarako Herri Proiektua eta eraldaketa soziala egitasmoa garatzeko urrats garrantzitsua eman da.

Proiektuaren helburua izango da Bergarak zein eskualdeak dituen beharrak identifikatu eta behar horiei gaur egungo paradigma eta tokikotasunetik erantzun ahal izatea. Testuinguru horretan, D2030 ekimenaren funtzioa izango da, eskualde mailan garatzen ari den eraldaketa prozesua Bergarakoarekin konektatzea. Hala, D2030ek, arlo ezberdinetan garatzen diharduen prozesu, azterketa eta proiektu zein metodologien inguruko informazioa partekatuko du Bergarako eraldaketa sozialerako bulegoarekin, elkarlanerako aukerak identifikatzeko eta lantzeko helburuarekin.

D2030 ekimenak argi du positiboa eta aberasgarria izango dela Bergarako eraldaketa sozialerako egitasmoarekin sortuko diren elkarlan bide berrietan sakontzea: batetik, komunitatea eraldaketara konektatzeko helburuarekin lotuta eredu berrituak esperimentatuko direlako, bai eta gobernantza publiko-komunitarioa praktikara eramateko esperientzia ere badelako.

Beharrak eragindako emaitza

Atzoko sinatze ekitaldian azaldutakoaren arabera, “COVID-19ak baldintzatutako urte honetan Bergarako herrian hainbat prozesu jarri dira martxan, egoerari herri ekimenetik erantzuteko. Zaintza sareaz gain, kultur mahaia, tokiko ekonomia, lehen sektorea eta elikadura burujabetza sustatzeko dinamikak eta herri hezitzailea moduko prozesuak aktibatu dira udalarekin nahiz D2030ekin elkarlanean”. Martxan jarri diren prozesu “txiki ez-egituratu horien indarra baliatu gura da modu iraunkor baten komunitateko eragileen arteko koordinazioa aktibatu eta gobernantza publiko kooperatiborako eredu berriekin Bergarak zein eskualdeak dituen beharrak identifikatu eta horiei tokikotasunetik erantzuteko”.

Hainbat ardatz

Egitasmoak honako ardatzak landuko ditu:

  • Herri eragile eta norbanakoendako formazio eta saretze ekintzak
  • Proiektu eta gai ezberdinen bueltako ekintza espezifikoak
  • Hezkuntza aktiboa Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datozen erronken inguruan
  • Proiektu eta ekintzailetza sozial komunitarioko proiektu berrien identifikazio eta sustapena zein bidelaguntza
  • Aholkularitza eta zerbitzua ingurumen gaietan: energia, baso eta lurrak, elikadura burujabetza…
  • Eraldaketa sozialeko bulegoa sortu eta garatu herritar eta eragileekin elkarlana sustatzeko tresna gisa

Argazkia: Bergarako udala