Gorka Artola: “D2030ek eta Bergarako Udalak kezka berberak partekatzen ditugu, baita egiteko moduak ere”

2021-11-03

Erronkak, eraldaketa, saretzea eta halako kontzeptuen bueltan ari dira lanean bai Bergarako Udala eta baita D2030 ere. Biak dira-eta jakitun komunitatearen indartzetik etorriko direla erronka horiei aurre egiteko erantzunak.

Datozen hamarkadetan etorriko diren aldaketa handiei erantzuten hasi beharrari ezinbesteko deritzo Artolak eta bide hori lankidetzatik egitearen indarrean sinisten du.

Eraldaketa eta lankidetza, bi kontzeptu D2030ek eta Bergarako Udalak erabat partekatzen dituztenak.

Pandemiak eta, batez ere, klima larrialdiak argi utzi dute gaur egungo gizartea ez dela jasangarria. Mundu mailako erronkei Bergaratik ere gizarte moduan lehenbailehen aurre egin behar diegu; eraldaketa beharra begi-bistakoa baita. Gertukoenetik, txikitik handira eragin behar dugu. Erronka horiei, ordea, ezin die administrazioak soilik erantzun. Norbanakoen, gizarte eragileen, sektore pribatuaren eta administrazio publikoaren arteko lankidetza komenigarria bakarrik ez,  beharrezkoa da.

Bergarako alkatea zara, baina D2030en egonik eskualde eskalan lan egiteari ere garrantzitsu deritzozu. Zergatik?

Eskala garrantzitsua da. Herri mailan sor daitezkeen aukerak hazi egiten dira saretzea eskualdera zabalduta, eta, aldi berean, kudeagarria eta gertukoa izaten jarraituko lukeen sarea osatzen da. Sare baten parte izateak beti dakar ondokoaren esperientziatik ikasteko eta eragileen artean koordinatu eta gerizpe handiagoa izango duten proiektuak aurrera ateratzeko aukera.

Zergatik Bergara D2030eko kide?

Bat egiten dugu D2030 abian jartzea ekarri zuten kezkekin: trantsizio energetikoa egin beharra, lan munduan etorriko diren aldaketak… Eta kezka berberak partekatzeaz gain, egiteko moduekin ere bat egiten dugu, argi dagoelako lankidetzatik eta komunitatearen indartzetik baino ez direla etorrikoerronka horiei aurre egiteko erantzunak.

Uste duzu herritarrak hasi direla etorkizuneko erronkei aurre egin behar hori bere egiten?

Ez herritarrek eta ezta ardura postuetan gaudenak ere. Datozen erronkak sumatzen hasita gaudela uste dut, baina etorri behar zaizkigunen zati txiki bat bakarrik daukagu bistan oraindik. Badakigu datozen hamarkadetan aldaketa handiak etorriko direla, baina, guztiz asmatzea posible ez izanda ere, egoera posibleenetarako prestatzen joan behar dugu erakunde eta norbanakook.

Zein erantzukizun duzue erakunde publiko bezala behar horiek gizarteratzen?

Erantzukizun sozialagatik badagokigu lan hori egitea, erronkak identifikatzea, sozializatzea eta elkarrekin erantzunak topatzeko lan egitea. Udala da herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa; beraz, haiengana heltzeko bidea ere zuzenagoa da, eta, hortaz, eraginkorra izan daiteke.

Ehundu eraldaketarako bulegoa aurkeztu duzue duela gutxi. Zergatik orain?

Duela urtebete inguru hasitako prozesu herritar baten erantzuna da. Itxialdian eta haren ostean loratu ziren hainbat mugimendu saretzeko eta lankidetza publiko-komunitariorako espazio bat sortzeko beharra nabarmendu zen herritar talde batek egindako bileretan. Proiektu eraldatzaileak bultzatuko zituen tresna bat nahi zen, administrazioaren ohiko mugak hautsi eta gobernantza modu berri bat praktikatuko zuena. Udalak ikuspegi horrekin bat egin eta hitzarmena landu zuen, ekimen hori martxan jartzeko, Olatukoop, D2030 eta MUrekin.

Zein izango dira bulegoak egingo dituen lehen urratsak?

Bulegoa fisikoki zabalik ez dagoen arren, bertan jardungo duten bi langileak lanean ari dira dagoeneko. Eragile eta norbanakoekin egon eta sarea osatzen joateaz gain, proiektuak sustatzen ere badihardute beste eragile batzuekin batera; Udalarekin, adibidez. Energia komunitateak sortzeko proiektua lehen pausoak ematen ari da elkarlan horretan oinarrituta, eta lehenengo sektorearen inguruko lanketa bat ere martxan da.

Nola konektatuko da D2030ekin?

Ehundu bulegoak ekimen eta dinamika propioak izango dituen arren, D2030en lantzen ari diren proiektuak Bergaran lurreratzeko tresna izango da, herrian proiektuak errotzeko baliabide ere izango delako.

Lankidetza aipatu dugu hasieran; zein tradizio du Bergarak lankidetzari dagokionez?

Tradizio luzea du eragileen arteko edo administrazioaren eta eragileen arteko lankidetzan. 1970eko Alkartu nai eta Promoción cultural izan daitezke adibide, Bergarara garapen handia eta hainbat zerbitzu ekarri zituztenak. Herri bizia da gurea, oso parte-hartzailea, eta tradizio hori ez da agortu. Bulegoa Udalaren eta herritarren arteko lankidetza erraztuko duen baliabidea da.

Energiaren gaiari heldu dio D2030ek, eta tartean da Bergaran ere komunitate energetikoak bultzatzeko proiektua. Ezinbestean heldu beharrekoa?

Mundu mailako arazoa da klima larrialdiarena eta energia subiranotasun faltarena, eta gure txikitik ere aurre egin diezaiokegu. Beharrezkoa da Bergarako norbanakoak, eragileak eta Udala antolatzea eta pausoak ematea, kontsumitzen dugun energia gero eta gehiago izan dadin berriztagarria.

Elkarrizketa hau Goiena.eus-en argitaratu da.