Iker Urbina: “Birgaitzeekin, energia eskaera txikiagoko eraikina lortzeaz gain, aurreztu egiten da”

2022-06-29

Suradesa etxebizitzen birgaitze eta berroneratzea sustatzeko Debagoieneko enpresa publikoa da. Debagoieneko udal guztiak dira bazkideak.

Debagoienean eraikinen birgaitzeak sustatzeko erronkari erantzuteko, Birgaitzen proiektua jarri zuen martxan Debagoiena 2030 ekimenak 2020an. Proiektu horren bitartez, H-Eneak gidatuta, Bergarako Bolu auzoan hainbat etxebizitza isolatu ziren. Orain, erronka horri modu sendoan erantzuteko estrategia bateratua diseinatu gura da, betiere elkarlanetik. Hori horrela, sektorean zeresana izan dezaketen hainbat eragilek lanketa bat hasi dute, eraikinen eraberritze energetikoa sustatuz, energia kontsumoaren murrizketa lortzeko. Asteon egin dute lanketa horren bigarren saioa. Suradesako Iker Urbina prozesu horretako kide da.

Zertan datza Debagoiena Eraberritzen proposamena?

2030erako eskualde klimatikoki neutroa lortzeko helburu orokorraren barruan, proiektuak eskualdeko etxebizitza-parkearen birgaitze energetikorako ekintza-plan bat garatu nahi du.

Etxebizitzen birgaitzeak zein erradiografia du Debagoienean?

Erradiografia positiboa dela uste dut, asko egin da, baina oraindik asko dago egiteko. Ditugun birgaitze-ratioak onak diren arren, eremu batzuetan are gehiago bultzatu nahi genuke birgaitzea. Esparru horietan jarri dugu fokua antolatu ditugun jardunaldietan: hirigune historikoak, auzo degradatuak eta baserriak. Esparru horietan, birgaitzeko zailtasun handienak aurkitzen ditugu, besteak beste, araudia, laguntza-lerroen ezaugarriak edo ezaugarri morfologiko edo espazialak direla-eta.

Une honetan zeintzuk dira zailtasunak? Eta aldekoak?

Zailtasunak, oro har, ekonomikoak izaten dira, nagusiki. Birgaitze bati aurre egiteko orduan, jabetza horizontalaren legearen ondorioz komunitateetan lortu behar diren gehiengoak zailtasun erantsi garrantzitsua dira. Alde positibotik, oztopo horiek gainditzen laguntzeko diru-laguntzak ditugu, eta, bereziki, energia-eraginkortasuneko birgaitzeei dagokienez, laster abian jarriko diren Europako Next Funtsak bultzada handia izango direla uste dugu, horrelako obretara bideratutako laguntzak oso garrantzitsuak izango baitira datozen urteetan.

Zein onura dakartza eraberritze batek eraikin bateko efizientzia energetikoan?

Jarduera horien onurak hainbat motatakoak izaten dira. Jarduketaren ondoren, energia-eskaera txikiagoa duen eraikin bat lortzen da, eta horrek, jakina, bizilagunak ordaintzen duen energia-fakturan aurrezpena ekartzen du. Horrez gain, garrantzitsua da etxeko erosotasuna hobetzen dela, etxebizitzaren barruko tenperatura egonkorra luzaroan mantentzen baita. Ahaztu gabe, halaber, eraikina kanpotik isolatzean barruko hezetasunak eta kondentsazioak eragiten dituzten etxebizitzako zubi termikoak desagertzen direla.

Beste eskualde batzuekin alderatuz, zeintzuk dira desberdintasunak?

Nire ustez, beste eskualde batzuetan ere antzeko arazoak daude. Lehen aipatutako kasko historikoen, baserrien edo auzo degradatuen kasuak guztiek dituzte neurri handiagoan edo txikiagoan. Gure eskualdean, bereziki aipa genezake ez ditugula ia altuera handiko eraikinak, eta ditugun gehienak energetikoki birgaitu direla dagoeneko. Ditugun komunitateak txikiak dira, hamar etxebizitza ingurukoak, eta horrek ahalegin handiagoa eskatzen digu etxebizitza asko birgaitu nahi baditugu, komunitate handiak dituzten beste eskualde batzuen aldean.

Debagoiena Eraberritzen proiektuaren indargunea zein da?

Proiektu honen bidez, mahai berean jarri ditugu birgaitze energetikoan eta bestelakoetan inplikatutako eragileak: auzokideak, udal teknikariak, proiektugileak eta enpresak, besteak beste. Errehabilitazioaren erronkei eta zailtasunei elkarrekin aurre egitea, bide berriak aztertuz, oso baliagarri zaigu egunerokotasunean ditugun oztopoak gainditzen joateko.

Elkarlan horri zein balio ikusten diozu?

Lehen bi jardunaldiak oso positiboak izan dira, eta nire itxaropenak onak dira hurrengorako, eta hasieran finkatu genituen helburuak lortzea espero dut. Nire ustez, proiektuaz haragoko dinamika hauei jarraipena ematea interesgarria izan liteke etorkizunean; betiere, gaur egun eragile horientzako guztientzako dakarren ahalegina eta zailtasunak kontuan hartuta.

Zer lortzea gustatuko litzaizuke?

Gure azken helburua beti da errehabilitazioa bultzatzea, eta auzotarrei prozesu horietan laguntzea eta erraztea; batez ere, zailtasun gehien dutenei. Ekimenaren bidez eraginkorragoak izatea gustatuko litzaiguke, eta pertsona gehiagorengana iristea. Hori esanda, lehenengo jardunalditik zenbait ekimen sortu dira dagoeneko. Adibidez, birgaitze-proiektuen bidez eskualdean etxebizitza kolaboratiboak edo cohousingak ezartzeko ekimenak jarri dira abian, eta espero dugu proiektuan zehar ekimen nagusiaz gain gerora garatu ahal izango diren beste proiektu batzuk ere sortu ahal izatea.

Elkarrizketa hau lehenengo Goiena.eus-en argitaratu da.