Jokin Guridi: “Inertziak apurtzeko, beharrezkoa da ekonomia sozial eraldatzailea”

2022-07-15

Etorkizuneko Bergara bizigarri egiteko helburuan du begia jarrita Ehunduk. Horretarako, elkarlana, tokiko garapena eta eraldaketa soziala ditu oinarri.

Eraldaketa sozialerako bulegoa eta herri proiektua hartzen ditu bere baitan Bergarako Udalaren Ehundu ekimenak. Askotariko erakundeak daude ekimenera lotuta; tartean, Debagoiena 2030.

Ehunduk eta D2030ek balio bertsuetan jarria dute begia. Zeintzuk lirateke?

Alde batetik, gaur egungo beharrak zeintzuk diren identifikatu eta etorkizuneko erronketan begia jarrita izatea. Erronka konplexuak dauzkagu aurretik eta oso zaila izango da horiei bakoitzak –instituzio zein herritarrek– bere aldetik erantzutea. Gainera, erantzunak taldean eman behar direla uste dugu bi egitasmoek, kolektiboki, komunitateko eragile guztiak kontuan hartuz eta hauen arteko sareak sortuz. Erronka hauei aurre egin nahi badiegu, gure egunerokotasuna eraldatu beharko dugu, eta horretarako ezinbestekoa da gizarteko eragile desberdinak elkarlanean jartzea.

Zergatik da unea elkarlanean indarra jartzekoa?

Pandemiak eta pandemia ostekoak garbi utzi digu elkarren arteko beharra dugula, eta badirela hainbat gai oinarrizko. Supermerkatuetako apalak hutsik ikusi ditugu, argindarraren prezioaren kontrolik gabeko gorakadak pairatu ditugu, bakardadeak eragindako gaitzak ikusten hasiak gara… Bizi baldintzen okertzea ekarri du honek, eta guztioi eragin digu modu batean edo bestean. Arazo hauek norbanakooi eragiten digutela dirudien arren, arazo kolektiboak dira, guztioi eragiten digute, eta horregatik da momentu egokia behar hauei erantzun kolektiboa ematekoa.

Bereziki gaude une konplikatuan? Zergatik?

Batez ere, oso dependentzia altua dugulako, esango nuke. Gure burua elikatzeko ehunka kilometrotara ekoizten diren produktuak behar ditugu, argindarra bezalako oinarrizko behar bat gutxi batzuen eskuetan dago eta nahi bezala erabiltzen gaituzte, familia batzuek beraien etxea berotzeko arazoak dituzte energiaren garestitzea dela eta, gizartea gero eta banatuago dago… Horregatik uste dugu errealitatea eraldatu beharra dagoela, bizi ahal ditugun bizitzak nahi ditugulako, eta uste dugulako posible dela egoera hau irauli eta denon artean oinarrizkoak diren beharrak burujabetzatik asetzea.

Uste duzu norbanakook egoerari aurre egiteko gertu gaudela? Gure egiteko moduak eta ohiturak aldatzeko gai izango gara?

Baietz esango nuke, baina norbanakook gure kontura gutxi egin dezakegu egoeraren aurrean. Argi dugu egoerari aurre egin behar badiogu modu kolektiboan izan behar dela. Gertu egotea baino gehiago, egiteko momentua dela esango nuke, instituzioak eta herritarrak elkarlanean egitura berriak sortzeko momentua. Bergaran badira gizartean nagusitzen diren ohiturak irauli eta beste modu batera bizi nahi duten pertsonak, beste mota bateko gizartean sinisten dutenak.

Ehunduren egitekoa zein da une honetan?

Hainbat lan lerro ditugu irekita gaur egun: energia komunitate bat eraikitzen ari gara herriko hainbat eragile eta norbanakorekin batera, energia gastua jaitsi eta autokontsumorako bidea egiten hasteko. Elikadura burujabetzara bidean ere jarriak gara, lehen sektoreko ekoizpen agroekologikoa hedatu eta herrian ekoizle berriak sortzeko. Teknologia arloan ere lanean gabiltza, korporazio handiengan dugun dependentzia maila jaitsi eta tresna propioak eraikitzeko. Hezkuntzan ere familia etorri berriei harrera egiteko sare bat eraikitzen ari gara eta kultura arloan ere bagabiltza; herriko kultur eragileen arteko agenda bateratua udazkenerako prest izango dugu.

Nolakoa irudikatzen du Ehunduk etorkizuneko Bergara?

Denontzako Bergara bizigarria irudikatzen dugu, eta ez dugu nahi hau hitzetan bakarrik gelditzea. Bertan bizi garenok bertan bizi nahi izango dugun herri bat, non gure eta gure bizilagunen oinarrizko beharrak aseta egongo diren. Komunitatean biziko den Bergara bat, bizilagunari kasu egin eta elkarrizketarako eta lankidetzarako guneak izango dituena. Burujabea izango dena, non bertan lana sortuko den eta non bertan kontsumitzen dena bertan ekoizten den.

Zeintzuk dira bide horretan zailtasunak?

Herritarrok aktibatu egin behar dugu, eta horretan gabiltza. Hartzaile izatetik parte aktibo izan gaitezkeela konturatu behar dugu, eta erabakitzeko ahalmena dugula, oso zerbitzu jasotzaile rol batera ohituta baikaude. Bestalde, Ehunduren funtzioa ere bada Udalaren eta herriaren arteko zubiak eraikitzea, eta hor ere badaude zailtasunak. Instituzioek egiteko modu berrietara ere egokitu behar dute, eta herritarrengandik hurbilago egotera. Honez gain, gaur egun bizi dugun ekonomia kapitalista bortitzak dakartzan inertziei aurre egin beharra ere badago eta inertzia hauek apurtzeko ekonomia sozial eraldatzailea eredua beharrezkoa ikusten dugu.

Elkarrizketa hau Goiena.eus-en argitaratu da lehenengo.