Elgetako Ixotzen, beste urrats bat Debagoienaren eraldaketa energetikoan
2023-03-22
Trantsizio energetikoaren erronka da klima larrialdiari lotuta gizarte moduan dugun desafiorik handienetarikoa. Poliki poliki, han eta hemen, ari gara eredu iraunkorrago baterako eraldaketan urratsak egiten. Debagoienean, esaterako, hainbat dira norabide horretan martxan jarritako egitasmoak. Azkena, Elgetako Energia Berriztagarrien Komunitatea da, Ixotzen izenekoa. Kooperatiba izaera du eta haren baitako lehen proiektua frontoiko teilatuan 45 kilowatteko instalazio fotovoltaikoa egitea izango da.
Energia kooperatibako bazkide egiteko aukera dute orain elgetarrek. Hiru bazkidetza-mota daude aurreikusita: bazkide erabiltzaileak –izan pertsona fisikoak zein juridikoak–, bazkide langileak –epe motzerako baino gehiago epe luzerako aurreikusten direnak– eta bazkide laguntzaileak. Azken talde horretan kokatuko lirateke enpresak eta erakundeak eta dagoeneko bazkide laguntzaile dira Elgetako Udala, Pagatza taldea eta Fagor Taldea.
Energia Berriztagarrien Komunitateak, bidea egiten
Debagoiena 2030 ekimenak, bere Eraginez Piztu estrategiarekin energia eredua eraldatzea lehentasunezkotzat duen honetan, balioan jarri du Elgetak azken hilabeteotan Ixotzen komunitatea martxan jarri ahal izateko egindako lana eta nabarmendu du, denbora gutxian, Debagoieneko ia herri guztietan egongo dela energia komunitate baten parte hatzeko aukera. Hain justu, martxoan hiru Kooperatiba Energetiko eratuko dira Debagoienean: Elgetako Ixotxen, Bergarako Berener eta Leintz Bailarako Ekiola. Aramaioarrek aukera izango dute aurrerago Gorbeialdean sortuko den beste Ekiola baten parte hartzeko. Antzuolari dagokionez, autokontsumo partekatuko taldeak sortzen ari dira eta epe motz-ertainean Energia Komunitate bat sortzeko aukera ere pentsatzen ari dira. Oñatin, Ur-Jauziak osagarritzeko sistema bezala autokontsumoa ere aztertzen dabiltza.
Trantsizio energetikoaren erronkak herritar eta eragileen egunerokoan geroz eta eragin handiagoa du. Horregatik da garrantzitsua komunitate osoaren konpromisoa eraldaketaren norabidea definitu eta urratsak ematerako orduan. Debagoiena hasi da bide horretan pausuak egiten, elkarlana baliatuz erantzun kolektiboak ematen. Hori baitira Komunitate Energetikoak, herritar, erakunde eta eragileen arteko batura bat, energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumorako jauzia egiteko modu kolektibo bat.