Debagoiena Lanean proiektuaren baitako Eraikinen Mantenua ikastaroa martxan da Arizmendi Ikastolan

2023-06-28

Debagoiena 2030 ekimenak beste eragile batzuekin  elkarlanean sustatu duen Debagoiena Lanean proiektuaren baitako bigarren formazioa martxan da. Eraikinen Mantenuaren ingurukoa da eta Arizmendi Ikastolan ari dira eskaintzen. Aste Santu ondoren hasi zituzten eskolak eta uztailean bukatuko dituzte; 7 lagun ari dira formazioa jasotzen eta bertan, hainbat ofiziotan aritzeko ezagutza jasotzen dihardute; igeltserotza, arotzeria, pintura eta gehiago. “Zazpi lagun horietatik gehienak dira 40 urtetik gorakoak, guztiak etorkinak eta batzuk paperik gabeak. Helburua da formazioa jasotzea ofizioa ezagutu dezaten, baina, baita bestelako konpetentzietan trebatzea ere; hizkuntza, matematikak, diru laguntzetarako aukerak edota paperak lortzeko bideak ere lantzen dira”, dio Aitor Guridik, Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako arduradunak.

Langabezian eta egoera zaurgarrian dauden pertsonak lan merkatuan txertatzea du helburu Debagoiena Lanean proiektuak eta haren bitartez, proiektuko parte diren norbanako bakoitzaren egoera aztertu eta bakoitzaren beharretara egokitutako laneratze ibilbide integralak eskaintzen dira. Hala, Lanbide Heziketako hezkuntza zentroez gain, gizarte mailan lan egiten duten entitateak –Sartu, Daiteke, LHL Lanbide Heziketaren Lagunak Elkartea eta Kalexka– ere ari dira proiektuan lanean. “Arlo desberdinetan ari garen eragileen arteko elkarlana beharrezkoa da, izan ere, adinagatik edo arrazoi desberdinengatik, laneratzea oso zail duten kolektiboak dira eta ezinbestekoa da guztion artean eta bakoitzaren beharrak aztertuta irtenbideak bilatzea”, azaldu du Aitor Guridik.