Energiaren arloa eta lana eta inklusioarena izango dira D2030 ekimenak 2021ean landuko dituen eremuak

2020-12-16

Debagoiena 2030 ekimenak energiaren eta lanaren eta inklusioaren alorrei erreparatuko die datozen hilabeteetan. Gizarte bezala ditugun erronken askotarikotasunaz jabetuta, lehentasunak zehaztu eta horiek martxan jartzetik hastea erabaki du.

Hala, energiaren eremua lantzen dihardute dagoeneko eta helburua da, eskualdeko eremu urbanoko eredu energetikoa aldatzeko proposamena lantzea. Eredu hori kolektiboki eta elkarlanetik eraikiko da. Esan bezala, hasiak dira proposamena lantzeko bidea egiten.

Martxa jarriko den bigarren eremua da lana eta inklusioarena.  Lanaren arloak garrantzia berezia du eskualdeko iritzi publikoarentzat eta etorkizuna aukera berdintasunean eta inklusioan oinarritutakoa izan behar dela zalantzarik ez dute bai eragileek, bai enpresek eta baita herritarrek ere. Hala, interes eta aukera horiek kontutan harturik, lanaren eta inklusioaren gaia lantzeko erabakia ere hartu dute.

Hain zuzen ere, energiaren eta lanaren eta inklusioaren alorrak lehenetsi izanak badu bere arrazoia. 2019an hasita eta gaur arte eskualdea ezagutzeko burutu duen esplorazio prozesuan azaleratu dira gizartearendako garrantzitsuak diren eremuak direla. Biak ala biak, etorkizunera begira estrategikotzat jotzen diren gaiak dira.

Bestetik, D2030 ekimenak 2020ko uztailean onartutako prototipo edo proiektu multzoak bere bidearekin jarraituko du 2021ean ere. Eskualdeko eraldaketa lortzeko martxan jarritako 14 proiektu batzen ditu portfolio delakoak. Hain zuzen ere, proiektu isolatuen logikatik harago, horiek elkarrekintzan jartzea bilatzen du begirada horrek. Horien bitartez, gizartean ekimenak izan dezakeen inpaktu aukerak handitzea gura da. Hemen dituzue guztiak ikusgai.